Nafarroako Parlamentuko taldeek 874 zuzenketa partzial aurkeztu dizkiete aurtengo aurrekontuei

PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak hitzartu dute gehienez hamabost milioi euroren ekarpenak egitea. Onuradun nagusiak udalak eta gizarte taldeak izango dira.

(ID_17074871946895) EKONOMIA ETA OGASUN BATZORDEA
Nafarroako Parlamentuko Ekonomia eta Ogasun Batzordearen bilera bat. Otsailaren 23tik martxoaren 1era aurkeztuko dira zuzenketa partzialak. MIGUEL OSES / PARLAMENTUA
joxerra senar
2024ko otsailaren 9a
15:25
Entzun

Behin osoko zuzenketak atzera botata, 2024ko aurrekontuen lege proiektua osatzea falta da. Nafarroako Parlamentuko taldeek gaur zuten zuzenketa partzialak aurkezteko azken eguna, eta 874 erregistratu dituzte orotara. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak hitzartuta dute euren artean gehienez 15 milioi eurora banatzea eta horretarako, guztira, 325 zuzenketa sartu dituzte. Onuradun nagusiak gizarte mugimenduak eta udalak izango dira.

Urteroko ohiko dinamika da hori. Parlamenturako tramitearen azken txanpan, aurrekontuak aurrera ateratzeko gehiengoa batzen duten lau taldeek gehienezko diru kopuru bat zehazten dute, eta ordezkaritzaren arabera banatu: PSNri 5,3 milioi euro dagozkio, EH Bilduri 4,4 milioi, Geroa Bairi 3,5 milioi eta Zurekin Nafarroari 1,7 milioi euro. 

Kopuru horiek kontuan hartuta, talde bakoitzak nahi dituen diru sail eta ekarpenak aurkezten ditu. Hala, sozialistek ehun zuzenketa aurkeztu dituzte, EH Bilduk 54, Geroa Baik 75 eta Zurekin Nafarroak 34. Banaka aurkeztutako 263 ekarpen horiei taldeek elkarren artean hitzartutakoak gehitu dizkiete.

Iaz, Nafarroako Kontu Ganberak aurrekontuetan zuzenean adjudikatutako diru laguntza izendunak aztertu zituen. Txostenean, ez zuen zalantzan jarri sistema horren legezkotasuna, baina, halere, nabarmendu zuen aurreko legealdian laguntzak 370 milioitik 692 milioira handitu zirela lau urtean, zuzenketa partzialak zirela medio. Erabilitako prozedura «egokitzat» jo arren, ondorioztatu zuen sistema hori ezohikoa zela, eta «saihestu beharrekoa»: «Azken urteotan hainbeste igo izana ez da bidezkoa, are gehiago kontuan hartuz horietako asko ohiko bidetik joan daitezkeela: berdintasuna eta konkurrentzia bermatzen dituzten deialdi publikoen bitartez».

Dena den, aurtengo eztabaidan sistema horrekin jarraitzea erabaki dute lau taldeek. Aurreko urteetan bezala, onuradun nagusiak udalak, gobernuz kanpoko erakundeak eta gizarte eragileak izango dira.

Egutegia eta bidea markatuta daude. Otsailaren 23tik martxoaren 1era bitartean, Ogasun eta Ekonomia Batzordean eztabaidatuko dira. Eskuinak bidea itxia izango du. UPNk eta PPk aurkeztu dute zuzenketa partzial gehien: 513 guztira —290 eta 223, hurrenez hurren—. Nahiz eta bi alderdiak gutxiengoan izan, bederen proposamenak aurkeztu eta beste taldeei politikoki aurre egiteko ardura politikoa erakutsi dute. Vox eskuin muturreko taldeak, aldiz, ez du zuzenketa bakar bat ere aurkeztu.

Zuzenketen edukia

PSNk proposatutako zuzenketa asko Iruñerritik hegoaldera –Lizarraldean, Erriberan eta erdialdean– diren udalentzat dira. Hala, kaleak eta azpiegiturak hobetzeko diru sailak jaso dira Carcarren, Mendabian, Orkoienen, Sartagudan, Andosillan, Allon, Vianan, Caparroson, Monteagudon, Antsoainen, Azagran, Arguedasen, Martzillan, Corellan, Villatuertan, Ribaforadan, Pitillasen eta Armañantzasen.

EH Bilduk, zuzenketa partzialez gain, bertan hainbat ekarpen egin ditu lege proiektuan. Laura Aznal parlamentariak azaldu du gobernuarekin lortutako «akordioaren esparruan» sartu behar direla. «Gobernuari hainbat tresna ematen ari gara, nafarren egungo beharrei erantzungo dieten politika publikoak egin ditzan».

Edukiari begira, Nafarroa osoko udalentzako laguntzak jaso ditu: Mendigorria, Bera, Imotz, Antsoain, Sartaguda, Cabredo, Agoitz, Iruñea, Irurtzun, Baztan, Corella, Tutera, Caparroso, Berriozar, Leitza, Uharte-Arakil, Abaurregaina, Viana, Doneztebe, Lekunberri, Etxalar, Urdiain, Basaburua, Burlata, Larraga, Ezkarotz, Ultzama, Zangoza, Etxauri, Arbizu, Berriobeiti…Osasun arloan, arnasgailu bat ezarriko zaio Tuterako ospitaleari. Lurralde kohesioan, 1,6 milioi euroren inbertsioak bildu ditu. EH Bilduren beste bi atal garrantzitsu energia komunitateak eta hizkuntza politika izan dira.

Geroa Baik berrogei udalentzako diru sailak jaso ditu. «Horietako batzuetan Geroa Baik presentzia du, baina beste hainbatetan alderdi nagusiek ez dute ordezkaritzarik, eta euren beharrei bide emateko bitartekari izan gara», aipatu du Pablo Azkona parlamentariak. Horietako batzuek despopulazio larria dute; hala nola Azuelok. Gainera, udaletan eta arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko diru sailak proposatu dituzte, eta Eusko Ikaskuntzaren hitzarmenerako aurrekontua aurkeztu.

Zurekin Nafarroak, berriz, Iruñeko Udalarekin 140.000 euroko hitzarmen bat egitea proposatu du etxegabeen egoera hobetzeko. Hobetzeko esparruen artean da berdintasunarena ere: indarkeria matxistaren aurrekontua handitzeko ekarpen bat jaso dute, eta erakundeetan eta udaletan berdintasun arloko kanpainak finantzatzeko laguntzak, kasurako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.