Maria Txibite Nafarroako presidente izendatzeko ekitaldia 11:30ean hasi da. Gonbidatuen artean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan da. 237 gonbidatu egon dira, eta komunikabideen artean ere ikusmin handia egon da.
Oso ekitaldi instituzionala da. Nafarroako ereserkia jotzen zuten bitartean, korridorean aurrera eginez erdirantz joan dira Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Nadia Calviño Espainiako Gobernuko presidenteordea. Jarraian, Tomas Mena Nafarroako Parlamentuko protokolo arduradunak nondik norakoak azaldu ditu euskaraz, gaztelaniaz eta keinu hizkuntzan.
Txibitek zin egin du, eta Espainiako Konstituzioa eta Foru Hobekuntza beteko dituela promes egin. Hitzez hitz, honako hau adierazi du gazteleraz: «Promes egiten dut Nafarroako Foru Erregimena errespetatuko, mantenduko eta hobetuko dudala, [Espainiako] Konstituzioa eta legeak beteko ditudala eta Nafarroako Gobernuko lehendakariaren karguak dituen betebeharrak fidelki beteko ditudala».
Txalo artean hartu dute. Jarraian, Raimundo Lanas jota kantari milagroarraren Navarra mía abestu dute Iruñeko Orfeoiko abeslariek, Igor Ijurko zuzendariaren gidaritzapean.
Ekitaldi amaieran, berriz, orfeoiak Mikel Laboaren eta Joxean Artzeren Txoria Txori interpretatu du. Ziurrenik ekitaldi instituzional horretako unerik gorena izan da.
Mikel Laboaren eta Joxean Artzeren 'Txoria Txori' interpretatu du Iruñeko Orfeoiak (@OrfeonPamplones). pic.twitter.com/JvtmsnzS7r
— Joxerra Senar (@joxerrasenar) August 17, 2023
Ekitaldiaren erdian, hitzaldiek hartu dute protagonismoa. Lehenik, Unai Hualdek hitz egin du, euskara eta gaztelera tartekatuz. Hualdek azaldu du maiatzaren 28an nafarrek elkarrizketaren eta desberdinen arteko akordioen alde egin zutela. Negoziazioak «zailak» izan badira ere herritarren agindu hori bete dela uste du. «Maria Txibite presidente izango da akordioa sinatu duten hiru alderdien arteko elkarrizketari esker». Hualdek azpimarratu du Txibite izango dela agintaldia errepikatzea lortu duen lehen emakume lehendakaria.
Astelehenean egindako hitzaldian mintzatu zen antzera aritu da Txibite, elkarbizitzaren aldeko mezua emanez. Tartean, euskaraz pilulatxoak ahoskatu ditu: «Komunitate plurala gara». Gutxiengoan egonik ere «aldeko gehiengo soziala» dutela eta egonkortasuna lortu nahi dutela azaldu du.
Azken egunetako diskurtsoarekin bat eginez, Txibitek eskuineko gobernuen kontrako norabidea iragarri du. Hala, klima aldaketa eta indarkeria matxista ukatzen dutenen, memoria historikoa indargabetu nahi dutenen eta eskubideetan atzera egin nahi dutenen aurrean «harresi» bat izango direla dio.
Diskurtsoaren amaieran, aita zena gogoratzean, hunkitu egin da, eta ahotsa urratu zaio. Gertukoek emandako babesa eskertu du —ekitaldia amaituta, zorionak jaso ostean, familia eta bi seme-alabak agurtzera joan da—.
Aita zena gogoratzean emozionatu da eta ahotsa urratu zaio. Txaloka hartu dute eta jarraian bere gertukoen babesa eskertu du pic.twitter.com/X7zDKrhqCB— Joxerra Senar (@joxerrasenar) August 17, 2023
Nadia Calviñoren arabera, «albiste ona da» Txibiteren kargu hartzea, «funtsezkoa baita kudeaketari egonkortasuna eta jarraitutasuna ematea jada emaitzak ematen ari den proiektu bat burutu ahal izateko». Txibiteren bertuteak goraipatu ditu.
Amaieran, aurreskua dantzatu diote.
Bertan izan dira aurreko zein oraingo gobernuko kontseilariak; parlamentu talde guztietako ordezkariak; hainbat parlamentari ohi —Fernando Puras, Jose Luis Izko, Patricia Cueva, Carolina Castillejo, Eva Maria Gorri—: Idoia Villanueva, europarlamentaria; Cristina Ibarrola Iruñeko alkatea, Alejandro Toquero Tuterako alkatea eta beste 20 udaletako alkateak; Alfredo Irujo Nafarroako Kontseilua organo aholku emaileko presidentea; Patxi Bera Nafarroako Arartekoa; Joaquin Galve Nafarroako Auzitegi Nagusiko presidentea eta Jaime Goiena fiskalburua; Juan Carlos Zapico Foruzaingoko burua eta Espainiako Poliziaren buru nagusi Jose Maria Borja; Manuel Martin Nafarroako Eskola Kontseiluko presidentea; Eusko Ikaskuntzako Asier Barandiaran; CCOOko Chechu Rodriguez; UGTko Jesus Santos; EHNEko Fermin Gorraiz...
Amaieran, familia argazkia atera dute sozialistek. Bihar, kontseilariek hartuko dute kargua, Nafarroako Jauregian, 11:00etan.