KOMUNIKAZIOA

Nafarroako seinalearen digitalizazioa, EITBren 2014ko erronketako bat

2013. urtearen balantze positiboa egin du EITBk. Irrati taldeak eta 'Teleberri'-k jaso dituzte emaitza onenak.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2014ko urtarrilaren 3a
14:37
Entzun

Bukatu berri den urtearen balantzea egin du gaur EITBko zuzendaritza batzordeak, eta, horrekin batera, datorren urteko erronken berri eman du. Lau dira, eta horien artean dago Nafarroako seinalearen digitalizazioa. Hauexek dira beste hirurak: kontratu programa berria, bereizmen handiko telebista katea eta Radio Vitoriaren 80. urtemuga.

2013ko emaitzen artean, euskararen aldeko apustua eta albistegien lidergoa azpimarratu ditu, besteak beste, Pello Sarasola ETBko zuendariak. “Zerbitzu publikoen eginbeharra bete eta taldearen audientzia gehitzea lortu dugu”, adierazi du Maite Iturbe EITBko zuzendariak.

2013an hedabide publikoak audientziari “eutsi” diola aitortu dute gaurko agerraldian. Emandako datuen arabera, %13,1eko audientzia kopuruarekin bukatu du urtea EITB taldeak, eta Teleberri ikusi da gehien.

Emaitza onenak, irratietan

Baina emaitzarik onenak EITBko irrati taldearenak izan dira. Odile Kruzeta EITB irratien zuzendariaren hitzetan, “audientziaren urtea izan da irratientzat”. 531.000 entzule izan dituzte guztira. "Lehen aldiz, Gaztea izan da EAEn gehien entzun den irrati musikala". Eitb.com webguneak ere gora egin du: 1.538.111 erabiltzaile izan ditu 2013an.

Maite Iturbe EITBko zuzendariak aitortu du joan den urtea zaila izan dela baina, hala ere, zorrik eta defizit gabe bukatu dutela: "Aurrekontu txikiagoa izanda, eragin sozial handia lortu du EITBk".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.