Nafarroako tortura kasuak iker ez daitezen, auzitara jo du Madrilek

Helegitea jarri du Nafarroako Gobernuak EHUko Euskal Kriminologia Institutuari emandako diru laguntzaren aurka. Lantaldeak ikerketarekin jarraituko duela berretsi du Ana Ollo kontseilariak

Tortura salatzeko Nafarroako Parlamentuko atarian eginiko protesta bat. JESUS DIGES / EFE.
jokin sagarzazu
2018ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Gobernuak auzitara jo du Nafarroan izandako tortura salaketak dokumentatu eta ikertzeko Uxue Barkosen gobernuak hartutako erabakia; zehazki, hori egiteko EHU Euskal Herriko Unibertsitateko lantalde bati emandako diru laguntzaren kontra. Nafarroako Auzitegi Nagusira jo du Madrilgo gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak, estatuko abokatuaren bitartez, eta administrazioarekiko auzi helegite baten bidez. Atzo eman zuen horren berri, nahiz eta erabakia iazko abenduaren 5ekoa izan, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. Salaketa jarri arren, EHUko lantaldeak ikerketa egingo duela berretsi du Ana Ollo kontseilariak.

Espainiako Gobernuak Nafarroakoari leporatu dio «egin ezin dituen txostenak» beste erakunde batzuei eskatzea eta, horrekin,«izkin egitea» Auzitegi Konstituzionalak iazko abenduan kaleratutako ebazpen bati. Erabaki hori dela eta, ordutik etenda daude eskuin muturreko taldeen eta polizien biktimen Nafarroako lege egitasmoaren hainbat artikulu; besteak beste, polizia indarkeria aztertzeko batzorde independente bat sortzea ahalbidetzen duen puntua. Espainiako Gobernuak Konstituzionalean salatu zuen Nafarroako Gobernuak horrekin sortu nahi duela «justizia paralelo» bat. Horri buruz eta errekurritutako beste puntuei buruz ebazpena kaleratu behar du oraindik Konstituzionalak.

Orain Madrilek jarri duen helegiteak, baina, diru laguntza batzuekin dauka lotura. Irailean, Nafarroako Gobernuak deialdi bat aurkeztu zuen eskuin muturreko taldeek eta segurtasun indarrek eragindako indarkeriari buruzko azterketa zientifikoak laguntzeko asmoz, eta hiru proposamen aurkeztu ziren. Horietako bat da EHUko Euskal Kriminologia Institutuarena, Eusko Jaurlaritzaren txostena egin zuen lantalde berarena. Azaroan gobernuak ebatzi zuen 17.909 euroko diru laguntza ematea, eta 12.090 eurokoa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Lera ikerguneari. Poliziak hildako German Rodriguezen eta Gladis Del Estalen heriotzen inguruko ikerketa proiektu bat ere finantzatzea erabaki zuen. Hiru egitasmoak daude auzitegietan.

Eusko Jaurlaritzak bai

Diru laguntza horien harira azaroan eginiko agerraldi batean, Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak argitu zuen legearen beste hainbat artikulu indarrean daudenez, bere gobernuak eman ditzakeela laguntza horiek, eta horrekin ez diotela Konstituzionalaren erabakiari izkin egiten. Nabarmendu zuen ikerketa horien helburua ez dela erreparaziorako batzorde bat sortzea edo epaitegien eremuan sartzea, baizik eta iraganera begirada kritikoa zuzentzea, eta, horrenbestez, ez dela Konstituzionalaren ebazpenaren aurkakoa.

Eusko Jaurlaritzaren kasuan, Konstituzionalean dago 1978tik 1999ra bitarteko Polizia indarkeriaren biktimen lege egitasmoa ere, baina Iñigo Urkulluren gobernuak egin ahal izan du torturari buruzko txostena. Aurreko legegintzaldian onartutako bake planean zegoen jasota egitasmoa, eta Bizikidetza Idazkaritzak eskatuta EHUko lantaldeak egin du, eta iazko abenduan aurkeztu zuen.

Dena den Nafarroako Gobernuaren kasuan auzitara jo du Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak. Atzo jakinarazi zuen hori, ohar baten bidez, hain justu UPNk eta PPNk eskatuta Nafarroako Gobernuko kontseilari Ana Ollok tortura kasuen gaineko ikerketari emandako diru laguntzei buruz hitz egiten ari zenean. Horren berri bazuela jakinarazi zuen Ollok, eta hartutako erabakia berretsi zuen, Barkosek emandako azalpenak berretsiz; alegia, EHUko lantaldeari eskatutako ikerketarekin jarraituko dutela, auzitegiek kontrakorik ebatzi ezean, «ikerketa akademiko» bat delako. «Batzuk saiatu dira Kriminologia Institutua deabrutzen, eta ezbaian jarri nahi izan dute hain kualifikazio maila handia duen unibertsitate talde horren lana». Kritika horiek egin dituztenei zuzenduz, Ollok esan du haiei ez dagokiela «epaile lanak» egitea ikerketa akademikoak nork egin ditzakeen eta nork ez erabakitzeko. Era berean, iragarri du aurrerantzean ere diruz lagunduko dituztela unibertsitateek alor horretan bultzatzen dituzten proiektuak. «Nazioarteko instituzioek eskatzen diguten egiara heltzeko lehen urratsa da hau, etikak eta erantzukizunak bultzatutakoa».

Torturarekin loturik, Ollok gogoratu ditu Espainiako Auzitegi Gorenak zigorturako kasuak, eta nabarmendu ditu Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Estatuaren aurka kaleratutako ebazpenak, salaketak ez ikertzeagatik. «Nazioarteko erakundeek hainbat alditan euren kezka agertu dute Espainian tortura ez delako izan noizbehinkako praktika bat edo oso aspaldiko kontu bat».

UPNko parlamentari Iñaki Iriartek, berriz, ukatu du torturak ikertzearen aurka daudela, baina zehaztu du halako «gai labainetan» adostasuna beharrezkoa dela nork eta nola ikertu erabakitzerakoan. «Ezin dira halakoak erabili demokraziaren izen ona zikintzeko eta esateko Guardia Zibila, Polizia Nazionala eta Foruzaingoa hiltzaile taldeak direla».

PSNko Inma Juriok esan du bere taldea ikerketa egitearen alde dagoela, baina salatu du Eusko Jaurlaritzarentzat eginikoan EHUko lantaldeak «iritzi pertsonal batzuk» sartu zituela, eta halakoak saihestu behar direla.

EH Bilduko Bakartxo Ruizek adierazi du aurreko gobernuek egin ez dutena egin duela laukoak, eta ohartarazi du iraganean gertatutakoa dokumentatzeagatik norbaitek auzitegietan amaitzen badu zalantzan jarriko dela zuzenbide estatua bera. Ahal Dugu-ko Laura Perezek «ukazioaren apologia» egitea leporatu die UPNri eta PPNri. Alderdi Popularreko Ana Beltranek esan du Nafarroakoa Gobernuko batzuek «zilegitasunik ez» dutela torturari buruzko txosten bat eskatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.