NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak 245 milioi euroko finantzaketa izango du 2022tik 2024ra, hainbat urterako finantzaketa akordioaren bidez. Zehazki, Nafarroako Gobernuak 77,3 milioi euro emango dizkio 2022an; 2023an, 81,6; eta 2024an, 86,1. 2017koa da unibertsitatearen eta Nafarroako Gobernuaren arteko aurreko akordioa. Bertan jasotakoaren arabera, unibertsitateari 57,7 milioi euro emango zizkioten 2018an; 2019an, 60; eta 2020an, 62,7. Alegia, oraingo hitzarmenak %36 areagotzen du finantzaketa.
Akordioak unibertsitateari «finantzaketa nahikoa eta egonkorra» eskainiko dio epe ertainera, Juan Cruz Cigudosa Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Nafarroako Gobernuko kontseilariren arabera. Haren hitzetan, Nafarroako Gobernuak kalitatezko unibertsitate publiko baten aldeko apustua egiten du, eta urtez urte gero eta finantzaketa handiagoa edukitzeak erakusten du konpromisoa dutela gero eta unibertsitate «sendoagoa eta lehiakorragoa» izateko.