IRUÑEA. Tximino baztangaren aurkako txertaketa abiatu du Nafarroak. Jaso ditu lehen 29 dosiak, eta, protokoloak agintzen duen moduan, tximino baztanga dutenen kontaktu estuei hasi dira lehenik txertoa jartzen. Nafarroako Osasun Sailak jakitera eman duenez, osasun zerbitzuak jartzen dira hartu-emanetan txertoa hartzeko lehentasuna dutela jotzen dutenekin. «Mugatua da, eta lehentasunen arabera jarriko dugu», Nafarroako Osasun Saileko iturriek adierazi dutenez. Beste 29 dosi laster espero dituzte, eta jardunbidea bera izango da.
Hartu-eman estu zuzena izan dutenei txertoa jarri ostean, arrisku handikotzat jotzen dituztenentzat izango dira hurrengo txertoak. Osasun langileak talde horretan daude.
Osakidetza aste honetan hasi da tximino baztangaren aurkako txertoa jartzen. Hegoaldean ehun kasutik gora atzemanak dituzte osasun zerbitzuek. Bi eta lau aste artean irauten dute sintomek. Sukarra, buruko mina, nekea eta giharretako mina izaten dira sintoma ohikoenak. Arin antzera pasa ohi da, baina gutxi batzuetan larriagoak ere izan dira kasuak.
Nafarroan hasi dira txertatzen tximino baztangaren aurka
Lehen 29 dosiak jaso ditu, eta ezarrita dagoen protokoloari jarraituz hasiko dute txertaketa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu