Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen Departamentuak samurtu egin ditu zahar etxeetan COVID-19aren kontra egite aldera ezarritako murrizketak. Carmen Maeztu kontseilariak gaur eman du aldaketen berri, eta esan du horiek ezartzeko orduan aintzakotzat hartu dituztela adinekoen egoitzetako egoiliarren senitartekoen eta zentroetako arduradunen eskaerak. COVID-19a bereziki erasokorra da adinekoen artean, eta zentroetan, oro har, murrizketa oso zorrotzak ezarri dituzte izurriaren aurka.
Egoera epidemiologikoaren hobekuntzak ekarri du malgutzea, eta txertaketa prozesuaren onurek. Proposatu dituzten aldaketen artean, bisitak ugaritzeko era egongo da, arrisku handiko eta baxuko irteerak bereizteko irizpideak kenduko dira, zentroan bertan ekintza gehiago egiteko era egongo da, jada txertoa hartuta dauden boluntarioak zentroetan sartzea onartuko da, eta bolada baterako egoitzara doazen egoiliarrentzako egonaldiak berriz martxan ipiniko dira.
Neurri horiek indarrean sartzearekin batera, Nafarroako Gobernuak kanpaina bat egingo du egoitzetako arta ona dela adierazteko; toki seguruak direla gogoraraziko du, eta arta profesional egokia jasotzen dutela egoiliar guztiek. Agerikoa da halakoen premia; gutxienez 1.415 egoiliar hil dira Hego Euskal Herrian izurriaren ondorioz. Lehen olatuan, COVID-19ak min handia egin zuen zahar etxeetan. Garai hartan, gaixotasun horren eraginez hildakoen %40 zahar etxeetako egoiliarrak ziren. Bigarren olatutik aurrera, apaldu egin da koronabirusaren eraginez hildako egoiliarren kopurua, baina, hala ere, koronabirusarengatik hildako guztien %25 inguru dira orain.