Politika

Nafarroan UPN babesten jarraitzen badu ez du Zapateroren alde bozkatuko NaBaik inbestidura saioan

Uxue Barkosek PSOEri ez dio proposatu UPNren kontrako zentsura mozioa aurkeztea. Jose Blanco PSOEko Antolakuntza idazkariarekin bildu da gaur hura, eta esan du Zapateroren kontra bozkatzea edo "abstentzio positiboa" izango dela Nafarroa Bairen erabakia.

2008ko apirilaren 2a
14:00
Entzun
Nafarroa Baik ez du Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko hautagaiaren alde bozkatuko inbestidura saioan, betiere Zapaterok Nafarroan UPN babesten jarraitzen badu. Kontra bozkatzea edo "abstentzio positiboa" izango da NaBairen erabakia, gaur Uxue Barkos Espainiako Kongresuko NaBaiko parlamentarioak esan duenez. Hain zuzen, inbestidura saioa dela-eta gaur goizean bildu da Jose Blanco PSOEko Antolakuntza idazkariarekin; honek gaur eman dio bilera txandari hasiera.

"Sozialistek azken hilabeteotan Nafarroan izan duten jarrerak marraztuko du (gure) hemengo bidea. Gogoratu behar dut Zapaterok berak onartu zuela legealdi amaieran, hementxe Kongresuan bertan, Nafarroan UPNren bazkideak direla. Horrela bada, guretzako ezinezkoa da baiezko botoa edo abstentzioa ematea. Baina beraiek marraztu behar dute zer nolako bidea jarraituko duten: progresistekin batera edo UNPrekin bat egiten jarraituko duten. Beraiek erabaki behar dute zein den beren bidea, eta horren arabera erabakiko dugu guk zein den gure bidea datorren astean", esan du Uxue Barkosek Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, Blancorekin bilerara sartu baino minutu batzuk lehenago.

Bileraren ondoren Barkosek zehaztu du NaBaik PSOEri ez diola proposatu Nafarroan UPNren kontrako zentsura mozioa aurkeztea.

Atzo Kongresuko presidentea aukeratzeko bozketan Bonorekin gertatutakoa ikusita, Barkosek ez du uste PSOEk ahalegin berezia egingo duenik datorren asteko inbestidura saiorako Zapateroren aldeko babesak biltzen. Barkosen arabera, PSOEko diputatuek lasaitasun osoz hartu zuten Bono bigarren itzulian eta gehiengo sinplez aukeratzea, eta iruditzen zaio lasaitasun berberaz har dezaketela Zapatero ere bigarren itzulian eta gehiengo sinplez hautatzea Espainiako gobernuburu.

Blancoren batzartu ondoren, Espainiako erregearekin bildu da Barkos.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.