COVID-19aren hedapenak jarraitzen du nazioarteko joan-etorriak mugatzen. Alemaniako Atzerri ministroak zerrenda eguneratu bat argitaratu du bidaiatzea komeni ez den lekuekin, eta tartean dago Nafarroa. Gobernuak adierazi du ez dela "gomendagarria" hara joatea, guztiz beharrezkoa ez bada, "kutsatu kopuru handia" eta "tokiko oztopoak" direla eta.
Alemaniak azaldu du egoerak hobera egin duela azken egunetan, baina "tokiko oldarraldiak" badirela oraindik ere, eta horiek saihestea komeni dela.
Datuak jakinarazi beharko dira Galiziara bidaiatzeko
Bihartik aurrera, Galiziara joan nahi duten Hego Euskal Herriko biztanleek beren datuak helarazi beharko dizkiete osasun agintariei, 24 orduko tartean. Bisitariek harremanetarako datuak jakinarazi beharko dizkiete agintariei. Izan ere, azken egunetan kutsatzeek gora egin dute Hegoaldean, eta, ondorioz, Xuntak datuak jaso nahi ditu, oldarraldi bat izanez gero kontrolak errazte aldera.