Hartzen populazioa handitzen ari da Pirinioetan, eta aurkikuntza batek baieztatu du hori: Aragoiko Gobernuak jakinarazi du azken 50 urteetan han jaio den lehen hartz kumea topatu duela Echo ibarrean, Nafarroako mugatik gertu. Frantziako Gobernuak 2018. urtean Aspen askatu zuen Claverina emearen kumea da, eta biak batera grabatu dituzte ibarrean dauden kamerek.
Azken hibernazioan jaiotakoa da hartz gaztea. Orain arte, Claverina ez zen egona hartz arrekin eremu berean, eta, Aragoiko Gobernuaren arabera, haren ugalketak baieztatzen du hartzak hedatu egin direla azken urteetan.
Mendebaldeko Haranetako parke naturalean —tartean dago Echo ibarra— sei hartz atzeman dituzte: lau urteko hiru ar, bi urteko beste bat, eme heldu bat eta Claverinaren kumea. Horiei mugaren beste aldeko laurak gehituta, hamar dira denera.
Topatu berri duten kumeak jada baditu hilabete batzuk; izan ere, hartzak hibernazioan erditzen dira, urtarrilean eta otsailean. Kumeak itsu jaiotzen dira, 300 eta 500 gramo arteko pisua izaten dute, eta edoskitzeak hiruzpalau hilabete irauten du. Dena den, ez dira amarengandik urruntzen urte eta erdi edo bi urte bete arte, eta bost urterekin bilakatzen dira heldu. Beste kume bat izateko, berriz, bi edo hiru urte itxaron behar izaten dute emeek.
Hartzen hedatzeak, noski, baditu arriskuak. Iaz, Aragoiko Gobernuak hartzek Mendebaldeko Haranetan egindako 33 erasoren berri eman zuen, eta horien ondorioz 44 ardi eta bi ahuntz hil ziren. Aurten, oraingoz, sei dira hartzen erasoen ondorioz hildako ardiak.
Kalte horiek konpentsatzeko, gobernuak 22.431 euro ordaindu zizkien ardien jabeei, eta azken asteetan beste zenbait neurri ere jarri ditu martxan ardiak eta artzainak babesteko.
Euskal Herrian, betidanik
Euskal Herrian eta inguruan bizi diren hartz arreak ertainak izaten dira, 150 kilo ingurukoak, eta aske 25 urte inguru bizitzen dira gehienez. Hartza antzinarotik bizi da inguruotan, baina, gizakiaren garapenaren ondorioz, izan ziren hartzik gabeko urteak XX. mendearen amaieran. Adituek diote safari moduko ehizak ere egin zirela garai haietan Pirinioetan.
Camille hartza 2010. urtera arte bizi izan zen Nafarroan, eta «Euskal Herriko azken hartza» ezizena ere jarri zioten. 1990eko hamarkadaren erdialdetik bizi izan zen Nafarroan, eta artzainen kexa mordoxka eragin zuen, urtean 40 eraso inguru egiten baitzituen. Hartza hiltzearen alde ere bazeuden asko.
Kinka podcastaren 17. aleak luze eta zabal landu zuen hartzaren gaia.