Nagore Laffage Casasolaren hilketak arrasto sakona utzi zuen. Hilketaren ankerkeria, gertaeren larria, hiltzailearen estatusa, epaiketaren inguruan sortu zen ikusmina, mugimendu feministak egin zituen mobilizazioak... Dena batu zen, eta auzi mediatikoa bihurtu zen. Askotan ez bezala, indarkeria matxistaren auzia eztabaidaren erdian egon zen hilabete askoan.
Ikusi gehiago
Nahiz eta justiziak, berez, ez zuen auzia hilketa matxista gisa hartu eta epaitu; hiltzailearen eta hildakoaren artean bikote harremanik ez zegoenez, justizia arruntaren bidetik epaitu zuten hilketa. Gaur egun, oraindik, estatistika ofizialetan, Nagore Laffage Casasolaren hilketa ez da indarkeria matxista. Gertatutakoek beste irudi bat ematen dute ordea.
Laffage Irungoa zen, Gipuzkoakoa. Erizaintza ikasten ari zen Iruñean, Nafarroako Unibertsitatean, eta 2008an praktikak egiten hasi zen Unibertsitate Klinikoan. Diego Yllanes Bizkai, hiltzailea, psikiatriako mediku praktikak egiten ari zen klinika berean garai hartan. 20 urte zituen Laffagek, eta 27 Yllanesek. Urte hartako sanferminetan gertatu zen tragedia.
Festa hasi eta ordu gutxitara, uztailaren 7ko goizaldeko seiak eta zazpiak artean, elkarrekin topo egin zuten bi gazteek. Zeinek bere lagun taldea utzi, eta mutilarena zen etxera joan ziren biak. Yllanesek ez zuen erosi zaharra. Handik ordu batzuetara, 14:00 aldera, Orondritzen aurkitu zuten Laffageren gorpua, Iruñetik 35 kilometrora. Hatz bat moztua zuen, eta poltsa batean sartua zegoen gorpua. Erro aldeko bizilagun baten zakurrak aurkitu zuen.
Laffagek eta Yllanesek elkarrekin topo egin zutenetik emakume gaztearen gorpua bizirik gabe agertu zen bitarteko ordu horietan zer gertatu zen pixkanaka argitu zen, eta epaiketan zehaztu zuten gertaeren kronologia.
Sententziaren arabera, bi gazteak musuka eta elkarri laztanka iritsi ziren mutilaren etxera, baina Yllanesek bortizki ekin zion Laffageri, arropak indarrez kendu eta biluzik utzi zuen, eta, orduan, emakumeak moztu egin zuen. Yllanesek epaiketan esan zuen emakumeak mehatxu egin ziola, salatu egingo zuela. Gizonak ito egin zuen orduan. Ez zuen hil lehen kolpean.
Kontua galdu zuen Laffagek. Baina, halako batean, kontua berreskuratu, eta 112 telefono zenbakira dei bat egin ahal izan zuen emakumeak. «Hil egingo nau», ez zen gehiago esateko gai izan. Larrialdi zerbitzuek ezin izan zuten gehiago egin. Yllanes, telefono deiaz jabetu zenean, berriro oldartu zitzaion emakumeari, eta, orduan bai, hil egin zuen, itota eta kolpeka. Autopsiaren arabera, 36 kolpe arrasto zituen emakumeak gorputzean.
Emakumea hil zuela jabetu zenean lankide bati laguntza eskatu zion Yllanesek. Bere burua Poliziaren aurrean aurkezteko eskatu zion lagunak. Ezezkoan zegoen hiltzailea. Laffageren gorpua zatikatzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Azkenean, zabor poltsa batzuetan bildu zuen, aitaren autoan sartu, eta Orondritzeko paraje hartara eraman zuen. Adiskideak, bitartean, Poliziari salatu zion jaso berri zuen deia.
Erroko bizilagun hark gorpua aurkitu zuenean, Poliziak handik gertu atzeman zuen Yllanes, familiak Erron zeukan etxe batean. Hilketa aitortu zuen hiltzaileak berak. Laffageren familiak egun hartako ordu biak aldera jakin zuen gertatuaren berri. Ertzaintzak kontatu zion, etxera joanda. Laffageren ama, Asun Casasola, CCOOko delegatua zen garai hartan, eta ezaguna zen Irunen. Harrezkero, emakumeen indarkeriaren aurkako ekintzaile bihurtu da. Iruñean, bestalde, urtero egiten dute Laffage oroitzeko ekitaldi bat.
Epaiketa bi urte eta erdi geroago egin zuten. Presio mediatiko eta sozial handiaren pean, zinpeko epaimahai batek aztertu zituen gertakariak. Asun Casasolak sarritan aipatu du epaiketa ez zela batere atsegina izan, eta sarritan bere alaba epaitzen ari ziren sentipena eduki zuela. Ez zen epaiketa arrunta gertatu, izan ere. Azkenean, zinpeko epaimahaik ebatzi zuen Yllanes zela hiltzailea, bai, baina ez zela nahita edo azpikeriaz aritu. Hortaz, homizidio delitu baten errudun jo zuten, baina hilketa deliturik ez zuten ikusi. Epaileak hamabi urte eta erdiko zigorra ezarri zion gizonari. Zigorraren aringarri gisa aipatu zuten Yllanes edanda zegoela Laffage hil zuenean, damua agertu zuela, eta familiari erreparazio keinu bat egin ziola, 126.853 euro emanda.
Bederatzi urte geroago, zigorraren hiru laurdenak beteta, hirugarren gradua ezarri zioten Yllanesi. Madrilgo kartzela batean zegoen, lotara bakarrik joaten zen bertara, eta egunez Madrilgo bertako klinika psikiatriko batean lan egiten zuen. 2018ko martxoan, berriz, baldintzapeko askatasuna eman, eta gauetan kartzelara joateko betebeharra kendu zioten. Berez, 2020 bukaera arteko zigorra zuen gizonak, eta osasun publikoan aritzeko debekua ere ordura artekoa jarri zioten.