Narrastu egin da kanpaina

Pradadalesi eraso egin diote mitin baten amaieran, piperbeltz esprai batekin. Erreakzio ugari ekarri dituzte Otxandianok elkarrizketa batean ETAri buruz esandakoek.

Imanol Pradales Gurutzetako ospitaletik ateratzen. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Pradales Gurutzetako ospitaletik ateratzen. LUIS TEJIDO / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko apirilaren 17a
05:00
Entzun

Pradales eta piperbeltz esprai bat, eta Otxandiano ETAz solasean. Horiek izan ziren atzo kanpainak ekarri zituenak. Urrun gelditu da Athleticen itzala, atzokoak guztiz narrastu baitzuen hauteskunde panorama. Barakaldon (Bizkaia) gertatu zen eguneko ezustekorik handiena: Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiari eraso egin zioten arratsaldean, mitin batean. Alderdiaren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek eman zuen gertaeraren berri, hautagaiari piperbeltz esprai batekin eraso egin ziotela zehaztuta.

Ohi ez bezala, Pradalesek hartu zuen hitza lehenbiziko, gauean ETB2ko eztabaidan parte hartu behar zuelako. Alderdiak zehaztu zuenez, saio hartara zihoala egin zioten erasoa, eta hautagai jeltzalea Gurutzetako ospitalera eraman zuten, begiak garbitzera. «Ez larritzeko» aholkatu zien Ortuzarrek bertaratutakoei, eta gertatutakoa gaitzetsi zuen. EAJk jakinarazi zuen pertsona bat atxilotu dutela erasoari lotuta. «Ez dakigu zergatik gertatu den, baina, dena dela, uste dut horrelako jokabideek, horrelako gertaerek gogoeta egitera eraman behar gaituztela gizarte gisa, ea bizitzen ari garen hau guztia —luzatze hau, tentsioa sortze hau, zatiketa sortze hau, sumindura sortze hau— bidea ote den euskal gizartea bezalako gizarte baterako. EAJren iritziz, ez, hori ez da gure bidea», borobildu zuen.

Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak, Eneko Andueza PSE-EEkoak, Alba Garcia Sumarrekoak, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosekoak eta Javier de Andres PPkoak gertatutakoa gaitzetsi zuten, eta beren babes osoa eskaini zioten Pradalesi.

Barakaldokoa ez zen izan harrabotsa sortu zuen gertakari bakarra, Otxandianok ETAri buruz errandakoek erreakzio ugari ekarri baitzituen. Zehazki, elkarrizketa bat egin zioten SER irratian, eta galdetu zioten ea ETA «erakunde terrorista» ote zen. Hautagaiak erran zuen «terrorismoa zer den eta zer ez den» eztabaidatzea baino interesgarriagoa dela «gatazka politikoak nola gainditzen diren diagnostikatzea». Erantzun horrengatik, hautagaiaren kontrako mezu ugari zabaldu zituzten atzo hainbat eta hainbat alderdi eta eragilek.

Anduezak, adibidez: «Ezin dugu utzi jende honek goberna dezan, eta are gutxiago guri esker». Hitz horiek kritikatu zituen PPk; sozialisten «hipokrisia», zehazki. Javier de Andres lehendakarigaiak erran zuen Anduezaren «koldarkeriari eta doilorkeriari esker» dagoela Pedro Sanchez Espainiako Gobernuan agintzen: «EAJ eta PSE-EE esaten ari dira zelako gaiztoak diren EH Bildukoak, baina EH Bildu zenbat eta gehiago kritikatu, orduan eta ageriago gelditzen da haien hipokrisia, EAJ eta PSE-EE EH Bilduren bazkideak baitira».

Sumarreko lehendakarigai Garciarendako, «begien bistakoa» da ETA «talde terrorista bat» izan zela: «Gizarteak lan itzela egin du bakearen eta bizikidetzaren arloan, eta oraindik ere horretan ari da; gizartea dagoen maila horretan egon beharko luke EH Bilduk, gutxienez». Espainiako Gobernuaren eledun Pilar Alegria antzera mintzatu zen: haren ustez, adierazpen horiek «koldarrak» dira, eta «biktimak laidoztatzea» dakarte. Fernando Buesa fundazioak eta Covite biktimen elkarteak ere gaitzetsi zituzten Otxandianok errandakoak.

Kritika horiei guztiei aipamen egin zien koalizio subiranistak arratsaldeko ekitaldian. Mikel Otero Arabako zerrendaburuak, kanpaina hasieran errandakoak gogora ekarrita: «Aldaketa gertatzeko aukera zenbat eta hurbilago egon, orduan eta gehiago lokazten dute lurra. Lurra lokaztu behar dute, azken urteotan beren kudeaketarekin sortu dituzten arazoez ez hitz egiteko. Lokaztu eta zarata ateratzen dute, proposamenik ez dutelako eta Osakidetzaz, etxebizitzaren arazoez eta benetako arazoez ez hitz egiteko». Horren aurrean «konponbideak proposatzen» jarraituko dutela erran du Oterok.

Zaintza eredu kontrajarriak

Feministek alderdiei dei egin zieten joan den larunbatean, eta atzo jaso zuten erantzuna. Zehazki, Denon Bizitzak Erdigunean plataformak salatu zuen ez dela ezer aldatu azaroko greba feministatik, eta, hauteskundeei begira, neurri konkretuak eskatu zituzten. Bada, EAJk eta EH Bilduk zaintza izan zuten hizpide atzoko saioetan, eta nork bere eredua defendatu zuen: publiko-pribatua jeltzaleek, eta publiko komunitarioa koalizio subiranistak.

Bakartxo Tejeria EAJko Gipuzkoako zerrendaburua mintzatu zen jeltzaleen ereduaz, Usurbilgo adinekoen egoitzan (Gipuzkoa). Azaldu zuen erresidentzia hori «berritzailea» dela: «Handia, baina bizikide gutxiko unitateekin, 20-25 lagunekoekin». Tejeriaren erranetan, adinekoek diote «ahalik eta gehien» bizi nahi dutela etxean, eta «behar bereziak» dituztenean egoitza batera joan behar dutenez halakoetan ordura arte bezala sentitzea dutela helburu. Hori guztia lortzen saiatuko da EAJ agintera iritsiz gero, betiere «eredu publiko-pribatua» dutela oinarri.

Bien bitartean, EH Bilduk eredu publiko komunitarioa izan zuen mintzagai, Zumaian (Gipuzkoa). Oihana Etxebarrieta koalizioaren kanpainako eledunak erran zuen atzean utzi behar direla «pribatizazio politikak», eta «zaintza sistema publiko komunitario bat» eraiki. Jeltzaleek bezala, zahar etxeak izan zituzten hizpide: Etxebarrietak gogoratu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden 280 zentroetatik 80 direla publikoak, eta horrek desberdinkeria sozialak areagotzen dituela. Egungo errealitatea aldatzeko proposamen bat ere egin zuen: zaintza familia eremutik ateratzea, eta «zaintzen duten erakundeak sortzea». Hori egiteko bi pauso aurkeztu zituen: aferari «erantzun publiko komunitario bat» emateko herri itun baterako mahai bat eratzea, eta «zaintzen unibertsalizazioa eta aukera askea bermatuko dituen lege berri bat» martxan jartzea.

PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta Sumarrek, berriz, nork bereari heldu zion. Aroa Jilete sozialisten Arabako zerrendaburuak beren proiektua «aurrerakoi» eta «eraldatzaile» gisa aurkeztu zuen. Sumar etxebizitzaz aritu zen, eta erran EAJ eta PSE-EE direla etxebizitza garestitzearen «erantzuleak». Elkarrekin Podemosek ingurumena izan zuen hizpide, eta erran Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeko biosfera erreserba izendatu nahi duela Araba. Juantxo Lopez de Uralde Elkarrekin Podemoseko Arabako zerrendaburu eta Aliantza Berdea alderdiko buruak aurkeztu zuen proposamena: «Biosfera erreserba izendatzeak eragin handia izango du nazioartean, eta lurraldean ondorio ekonomiko positiboak izango dituen turismo iraunkorra bermatuko du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.