politika

Nazio Eztabaida Guneak "urrats ausart eta berritzaileak" eskatu ditu

Urriaren 31n egingo du aurtengo osoko bilkura, "berezia" gaurko "ukazio" egoeragatik. "Jauzi kualitatiboa emateko garaian gaude, eta independentziaren aldeko indarrak aktibatu eta metatzea ezinbestekoa da, espazio berri bat artikulatzea". Donostian izango da Nazio Eztabaida, Ibaetan.

2009ko urriaren 2a
17:21
Entzun
Nazio Eztabaida Guneak urriaren 31n egingo du aurtengo osoko bilkura, Donostian, eta aurtengoa "eztabaida berezia" izango dela uste du, gaurko egoera politiko-sozialagatik. "Nazio ukazioa", "eskubide zibil eta politikoen urraketa" edota "lurralde zatiketan sakontzeko" saioa daudela aipatu dute Mikel Irastortza eta Maite Aristegi Nazio Eztabaida Guneko ordezkariek, gaur, Donostian.



Horri buelta eman beharra dagoela deritzote. "Azken urteotan ondorio nagusi batera iritsi gara: Euskal Herria aldaketa garaian sarturik dago. Jauzi kualitatiboa emateko garaian gaude. Independentziaren aldeko indarrak aktibatu eta metatzea ezinbestekoa da, eta espazio berri bat artikulatzea planteatzen ari gara". Horrek, Nazio Eztabaida Gunearen arabera, "urrats ausartak, berritzaileak eta guztien aldetik konpromisoz beterikoak izatea eskatzen du".

Bilkurara begira hainbat eragilerekin harremanetan da, eta horiek burutu ostean egingo du proposamen zehatza. Ibaetako Psikologiako Fakultatea izango da bilkura.

2003an sortu zuten Nazio Eztabaida eragile politiko, sindikal eta sozialek, baita norbanakoek ere, "Euskal Herriaren burujabetzarako bidean sakontzeko". "Gatazka politikoaren konponbide demokratikoa" lortzea beharrezkoa deritzote, baina nazio eraikuntzak ere hainbateko garrantzia du, haien iritziz. Helburu horiek aintzat hartu hainbat ekimen egin izan dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.