«Abokatuen lanak askea, oztoporik gabekoa izan behar du; oinarrizkoa da presiorik eta jazarpenik ez izatea defentsarako eskubidea onartzen duen edozein lekutan. Arau argia da, Nazio Batuen Erakundeak jasoa eta Espainiako Estatuak sinatua dutena. Baina hemen abokatuek jasaten duten jazarpena harrigarria da». Hitz horiekin salatu du euskal presoen eskubideen defentsan aritzen diren abokatuek bizi duten egoera Hans Gaasbeek Herbeheretako abokatuak, Bilbon. Europako AED-EDL elkarteko Defentsaren Babeserako Batzordeko lehendakaria da Gaasbeek, eta salaketaren kriminalizazioari buruzko nazioarteko jardunaldietan parte hartu du.
Espainiako Gobernuak gaiaren inguruan duen jarrera gogor salatu du: «Abokatuak jazartzen dituena gobernua dela ikusten ari gara, gobernuak defentsaren defendatzaile izan behar lukeen arren. Eskubideen berme izan behar duen gobernuak abokatuak horrela jazartzea harrigarria da».
Egoera okerrera egiten ari dela ohartarazi du, gainera, azken urtean «atxilotu dituzten abokatu guztiak» gogora ekarrita.
Espainiako Gobernuak ezartzen dituen beste hainbat neurri ere ez dituela «ulertzen» adierazi du. Lau urtera artekoa izan daitekeen behin behineko espetxealdi «hain luzea» aipatu du, eta atxilotuei ezartzen zaien inkomunikazioa. «Ezin dut ulertu inkomunikazioa ezartzen zaien atxilotuek beraiek aukeratutako abokatuekin egoteko aukerarik ez izatea». Edozein atxilotuk abokatuarekin egoteko eskubidea duela adierazi du, eta defentsa lana behar bezalakoa izan dadin «konfidentzialtasuna» ezinbestekoa dela. Hori, konfiantzazko abokatuak besterik ez duela bermatzen azaldu du.
Yiota Massouridou Atenaseko Abokatuen Elkargoko kideak Grezian egiten diren torturen eta atxilotuen eskubide urraketen berri eman du. Grezian tortura oso hedatua dagoela ohartarazi du. «Espainiako Estatuko praktika hori beste estatu batzutan ere gertatzen da». Torturak salatzen dituzten abokatuen aurkako jazarpena hainbat lekutan gertatzen dela-eta, aurre egiteko elkarlanerako deia egin du. «Zeren, tortura kasuak salatzea ez da hautu bat; salatzera behartuta gaude».
Fabio Marcelli Europako ELDH demokraziarako eta giza eskubideetarako juristen elkarteko kidea ere «erabat harrituta» agertu da euskal abokatuek bizi duten jazarpenekin. Euskal atxilotuak tartean daudenean «arrazoi politikoak juridikoei gailentzen» zaizkiela ohartarazi du. Horixe frogatu zuela iaz, Italian atxilotu zituzten hiru gazte independentisten kasuan: «Italiako Apelazio Gorteko fiskalak Espainiak egindako akusazioen gehiegikeria onartu zuen arren, azkenean epaileak onartu egin zuen Espainiaren esku uztea».
Espainiako Estatuaren «kultura demokratikoa» kolokan jarri, eta hausnarketa egin du: «Galdetu behar litzateke hemen ETA den benetan arazoa edo Estatuak duen kultura erreakzionarioa».
Zuluetaren egoerak kezkatuta
Jardunaldietan bildu diren abokatuek ostiralean jakin zuten Arantza Zulueta abokatuak Auzitegi Nazionalean inputatuta deklaratu beharko duela. Atzo, babesa eskaini zieten publikoki nazioarteko, Estatu mailako zein Euskal Herriko abokatuen elkarteetako 40 bat abokatuk.
Prozesalki auzia «erabat bidegabea» dela salatu dute, iaz atxilotu zutenean galdekatu zuten akusazio beragatik deitu baitu Fernando Grande-Marlaska epaileak. Beraz, horretarako arrazoirik ez dagoenez, baldintzapeko askatasun egoera berrikusteko nahia sumatu dute zitazioaren atzean.
«Okerrena» espero daitekeela ohartarazi dute hargatik, areago hitzordua nork jarri duen kontutan hartuta. Azken bi urteetan atxilotu dituzten euskal abokatu guztiak epaile horren aginduz espetxeratu dituzte eta bat ez beste guztiak dagoeneko kalean dauden arren, berak ez du kaleratze agindu bakar bat ere eman.
Iaz Zulueta atxilotu zutenean auzia NBEko Atxiloketa Arbitrarioen Taldean salatu zutela gogoratu dute abokatuek, eta neurria abokatu lanari lotuta jasaten duen «legez kanpoko jazarpenari» dagokion ustea berretsi dute.
Gauzak horrela, «Zuluetaren askatasun egoeraren kontrako neurririk ez hartzeko exijitu» dute abokatuek, eta bere lana «erabateko askatasunean» eta «etengabeko jazarpenik gabe» egiteko bermeak ezartzea.
Nazioarteko abokatuek euskal kideak babestu dituzte
Arantza Zulueta deklaratzera deitu izana «bidegabekeria» dela diote eta «okerrena» espero litekeela; aske uzteko «exijitu» duteEuskal abokatuen jazarpenak harritu egin ditu eskubideen defentsarako taldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu