Roelf Meyer Hegoafrikako Gobernuaren ministro ohiak, Brian Currin abokatu hegoafrikarrak eta bake prozesuetan aditu diren nazioarteko beste lagun batzuek osatutako talde batek hamar hilabeteko ekimena abiatuko du Euskal Herrian elkarrizketa politikoa eten ez dadin. Horretarako, “Euskal Herriko eta Espainiako eragile politiko eta sozial denekin” biltzeko asmoa dute, “nahi duten guztiekin”, “bake prozesuan irekitako komunikazio bideak zabalik segitzeko eta egonkortzeko”.
Euskal Herrian Elkarrizketa eta Bakea sustatzeko Nazioarteko Ekimena. Halaxe deitu diote mugimenduari, eta gaur aurkeztu dute, Bilbon. Meyer etra Currin bertan izan dira, baita Raymond Kendall Interpoleko idazkari nagusi ohia edota Nuala O’Loan Irlandako Poliziaren erreformarako arartekoa ere. Joseph Rouwntree Charitable Trust erakundeko antolakuntza idazkari Stephen Pittamek ere hartu du parte aurkezpenean; ekimena finatzatu egingo du erakunde horrek. “Hegoafrikakoeta Irlanda Iparraldeko esperientziek erakutsi dute nazioarteak lagun dezakeela bake prozesuetan. Guk parte bakoitzari ez diogu esango zer egin behar duen, desastrea litzateke hori. Euskal Herria eta Espainia dira gatazka hau konpondu behar dutenak”, adierazi du Pittmanek.
“Helburua ez da beste bake prozesu bat abiatzeko ahalegina egitea. Bake prozesuaren bukaeraren ondoren sortu den hutsunea betetzeko eragileei laguntza ematea da asmoa, guztien arteko elkarrizketarako aukerak jarriz”, esan du Currinek.
Ekaina bitartean ariko dira lan horretan. Hain justu, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak ostiralean jakinarazi zuen beranduenez ere ekainerako nahiko lukeela Espainiako Gobernuarekin akordioa egitea indarkeriaren bazterketaz eta erabaki eskubideaz, gero Eusko Legebiltzarrari berresteko eskatzeko. Ibarretxek azken hilabeteetan bilerak egin izan ditu Meyerrekin-eta.
Politika
Nazioarteko aditu talde bat ekaina bitartean eragile “denekin” bilduko da elkarrizketaren alde
Euskal Herrian Elkarrizketa eta Bakea sustatzeko Nazioarteko Ekimena aurkeztu dute gaur Bilbon. ““bake prozesuan irekitako komunikazio bideak zabalik segitzea eta egonkortzea” du helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu