Nazionalismoaren indarrez eta gabeziez mintzo den liburu bat ondu du Odriozolak

'Nazionalismoaren alde eta aurka' liburuaren aurkezpena egin du idazleak gaur, Xabier Mendiguren editorearekin batera.

13579942
Joxe Manuel Odriozola gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko otsailaren 8a
15:30
Entzun

Nazionalismoaren alde edo kontra jokatzeko argudioak izan ditu hizpide gaur Joxe Manuel Odriozolak, Donostian. Nazionalismoaren alde eta aurka liburuaren aurkezpena egin du, Xabier Mendiguren editorearekin batera. Testuaren hitzaurreko ideia nagusiez mintzatu da, eta hausnarketa propioak ere eman ditu: «Nik ez dut mundua aldatzeko proposamenik ematen, baizik eta munduan dauden bi kontraesan nagusi horiek nola funtzionatzen duten azaldu».

Solasaldiari ekin baino lehen, Odriozolak argitu du nazionalismoa eta abertzaletasuna sinonimoak direla beretako, eta hala erabili dituela liburuan ere. Hala, erran du «hizkuntzan, kulturan eta herri identitate historikoen askotariko izaeran» ikusi ahal direla horien alde jokatzeko arrazoiak, eta nazionalismoaren helburua izan beharko litzatekeela «jatorrizko herri eta etnien aberastasun eta ondare soziolinguistiko eta soziokulturalak atxiki eta garatzea». «Gero eta hizkuntza, herri eta identitate gutxiago dituen mundu baterantz goaz. Globalizazioarekin, areagotu egin da mundu homogeneorako joera», borobildu du.

Gabeziei dagokienez, arlo sozioekonomikoarekin lotzen ditu, eta «sakonak bezain mingarriak» direla argudiatu. Hala, iritzi dio nazio batzuen «oparotasun gehiegizkoak» bertze batzuen «hondamendia» ekarri duela: «Iparralde globaleko nazio garatuen gurari ekonomikoak hegoalde globalaren sarraski estrukturala ekarri du». Bertzalde, gogoratu du autodeterminazio eskubideak ezin duela estali justizia sozioekonomikoaren beharra: «Gu Euskal Herrian abertzaleak gara, eta aberastasun batzuk gorde nahi ditugu, baina horrek ezin du estali gainerakoa: mundu pobreari bizkar emanda bizitzea ez da zilegia».

Globalizazioa ere hizpide izan du: «Estaturik gabeko nazioak edo munduko etnia edo herriak, globalizaziorik gabe ere, heriotzara kondenatuta daude». Hau da, herri baten parte diren ezaugarri historiko, linguistiko eta kulturalek estatu bat behar dute bizirauteko, eta globalizazioak «areagotu» egiten du egoera horretan daudenen «hondamendia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.