'Ndiaye auzia'-n akusazio gisa ariko dira Afrika Batua eta SOS Arrazakeria

Espainiako Poliziak atxiloturiko Senegalgo gaztearen heriotza argitzen saiatuko dira. Prozesuaren «gardentasunik eza» salatu dute

SOS Arrazakeria eta Afrika Batua elkarteetako ordezkariak, atzo, Nafarroako Auzitegiaren aurrean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2017ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Urratsa egin dute. Herri akusazio gisa aurkeztuko dira SOS Arrazakeria eta Afrika Batua elkarteak, Elhadji Ndiaye senegaldarraren heriotza ikertzeko auzian. Duela hiru hilabete zendu zen Ndiaye Espainiako Poliziak Iruñean duen komisarian, Arrotxapea auzoan atxilotua izan ostean. Ordutik, ordea, erantzunak baino ugariagoak izan dira galderak. Auzia behingoz argitzeko xedez, prozesu judizialean parte hartzeko erabakia hartu dute arrazakeriaren aurkako bi erakunde horiek.

«Espainiako Poliziaren zaintzapean gertatu zen heriotza, atxiloketa bortitz baten ostean», azaldu zuen SOS Arrazakeriako kide Iñaki Redinek, atzo, Nafarroako Auzitegiaren aurrean eginiko agerraldian. «Hori ikusirik, gure lehen erreakzioa Espainiako Gobernuko ordezkari Carmen Albari azalpenak eskatzea izan zen. Parlamentuan agerraldia egiteko eskatu genion, baina ez zuen halakorik egin, betebehar hori ez zuela argudiatuta. Hilabeteak pasatuta, Barne Ministerioak ohar labur batean jakinarazi zuen auzia prozesu judizial baten barruan zegoela, eta, beraz, ez zuela azalpen gehiago emanen». Erakunde publikoetatik jaso ez zuten informazioa auzitegian eskuratu nahi dute orain.

Zehazki, bi helburu nagusi aipatu zituen Redinek, Iruñeko Instrukzioko 5. Epaitegian zabalik den prozesu judizialean akusazio gisa aurkezteko: «Bat, gertaerak argitzea, dauden froga guztiak eskuratuta; eta bi, Poliziaren funtzionamenduaren protokoloak ezagutu eta zalantzan jartzea». Azken puntu horri lotuta, hainbat galdera egin zituen SOS Arrazakeriako ordezkariak: «Zergatik gelditu eta atxilotu zuten Elhadji? Nola hil zen? Zergatik ez zuten osasun etxera eraman, komisariara joan aurretik?».

Izan ere, Poliziaren jarduna kontrolatzeko neurririk ez dagoela salatu zuten arrazakeriaren kontrako elkarteek atzoko agerraldian; eta, polizia buruez gain, arduradun politikoak ere jo zituzten horren erantzule gisa. «Agintari eta erakunde publikoek duten ardura ere salatu nahi dugu, kontrol neurriak ezartzeko gaitasuna izan arren, ez dutelako halakorik egiten», azpimarratu zuen Redinek.

Pertsona bat identifikatzeko eta atxilotzeko unean, «begirunez eta arduraz» jokatzeko eta giza eskubideak betetzeko exijitu zioten Poliziari: «Nafarroan egiten dituzten operazioetan eta komisarietan Istanbulgo Protokoloa eta Nazio Batuen Erakundeak torturaren eta tratu txarren inguruan hartutako erabakiak aplika ditzatela ere eskatu nahi diegu Espainiako segurtasun indarrei».

Auziaren hasieran, Espainiako Poliziak zabaldutako informazioaren arabera, atxilotua ziegara eramateko zain zegoela konturatu ziren gizonak ez zuela arnasarik hartzen. Hura suspertzen saiatu ziren, baina hil egin zen. Autopsia egin zioten gorpuari, eta ez zuten indarkeria zantzurik topatu. Hala ere, hainbat lekukok grabatutako irudiek zalantzan jarri zuten Poliziaren bertsioa. Lekuko horien arabera, Ndiaye lurrean zela gainean jarri zitzaizkion hainbat polizia, konorterik gabe utzi zuten arte, eta egoera horretan eraman zuten atxilo.

Jazarpen «sistematikoa»

Afrika Batua kolektiboaren izenean, Poliziaren jarrera salatu zuen Beltxak. Senegalgoa da hura ere: «Beltza izate hutsagatik identifikatzen gaituzte egunero. Ez dut ezagutzen bi edo hiru urtez hemen bizi ostean, gutxienez behin geldiarazi eta identifikatu ez duten beltzik». Iruñean, migratzaileek —beltzek, batez ere— jazarpen polizial «sistematikoa» pairatzen dutela gaineratu zuen kolektiboko arduradunak. «Nahikoa dela aldarrikatu nahi dugu, hau ez baita bizitzeko modua, ez guretzat, ez inorentzat. Ezin gaituzte horrela tratatu, gaizkileak bagina bezala».

Bestalde, Elhadji Ndiayeren heriotzaren inguruan zabaldutako «isiltasun errezela» ere salatu zuten SOS Arrazakeria eta Afrika Batua elkarteetako ordezkariek.Buelta eman zioten egoerari: «Imajina dezagun, une batez, egoera kontrakoa dela eta rolak aldatzen direla: erasotzailea etorkina dela, eta biktima, polizia. Zer gertatuko litzateke? Imajina dezagun beltz batek polizia bat zauritzen duela. Polemika izugarria piztuko litzateke, ezta? Bada, kasu honetan, beltz bat hil egin zen komisarian zegoela, bortizki atxilotua izan ostean, eta isiltasuna besterik ez dugu atzeman instituzioen eta hedabideen aldetik», gaineratu zuen Beltxak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.