«Negarrean» aritzea egotzi dio Pastorrek EAJri

Espainiako Gobernuan eragina duela erakutsi nahian ari da Urkullu, PSEren ustez, baina ez dela hala ohartarazi du

Erredakzioa
Bilbo
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
«Negarrean» aritu da Iñigo Urkullu EAJko presidentea Espainiako gobernuburu Mariano Raxoirekin bilera eskatuz, Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailearen iritzian. EAJk Espainiako Gobernuan eragina duela erakutsi nahi du, Pastorren ustez, baina jeltzaleek eraginik ez dutela ohartarazi du. «Raxoik, gehiengo osoa duenez, ez dirudi Urkulluri berak nahi bezalako arreta jartzen dionik», esan zuen atzo Radio Euskadin egin zioten elkarrizketan.

Bere alderdiak gehiago eragiten duela iradoki nahian, gogora ekarri zuen Raxoi gobernura iritsi zenean bilera egin zuen aurreneko euskal herritarra Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakaria izan zela, «dagokion bezala». Erakunde ikuspegitik harremanak «modu iraunkorrean irekita» daudela gaineratu zuen Pastorrek. Kupoaren gainean ados jarri nahian ari direla eta PPren gobernuak hezkuntzan eta osasunean ezarri nahi dituen murrizketak ez aplikatzeko itun bat lortzeko asmotan ari direla jakinarazi zuen.

Datorren asteartean biltzekoa da Urkullu Raxoirekin, Madrilen. Zenbait iturriren arabera, ETAk armak utzi ez arren presoen auzian urratsak egiteko eskatuko dio EAJren buruak Espainiako Gobernuko presidenteari.

Hain justu, presoen auziari buruz hitz egin zuen Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak ere atzo, Onda Vascan egin zioten elkarrizketan. Euskal Preso Politikoen Kolektiboari «erantzun kolektiboa» eman behar zaiola uste du, «nahiz eta banaka irten». Langraizko bidea amaituta dagoela ohartarazi du, baina jakinarazi du inor ez dagoela amnistiaren zain: «Inork ez du uste preso guztiak batera kalera aterako diren egun zehatz bat egongo denik».

Irlandan gisa horretako prozesua izan zela ekarri zuen gogora: «erantzun kolektiboa» eman aurrena, eta gero «irteera edo konponbide indibidualizatuak». Irtenbide hori jende askok barneratua duela esan du, ereabat zabaldua dagoela eta jende askok defendatzen duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.