Negoziazio prozesu bat eskatu dio gehiengo sindikalak Zelaari

Lau proposamen finko egingo dizkio gaurko bileran; aintzat hartzen ez baditu, mobilizazioak egingo dituzte

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
«Norabide aldaketarako, negoziazioa» exijitu diote LAB, EILAS eta ELA sindikatuek Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari. Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko irakasleen %75 inguru ordezkatzen duten sindikatuek Jaurlaritzaren orain arteko jokabidea kritikatu dute, eta eztabaida prozesu bat hasteko eskatu diote.

Hezkuntza Sailak gaurko deitutako bilerara oinarrizko aldarrikapenak eramango dituela jakinarazi du gehiengo sindikalak. Eskaerak lau ildotan banatu dituztela aurreratu du. Alde batetik, irakasle funtzionarioen mahai sektoriala otsailaren 16ko bozen emaitzen arabera osatzeko eskatuko dio. Hain zuzen, CCOOk irakasleen babesa galdu zuen hauteskunde horietan —1999. urtetik zuen—, eta gaur egun EILAS da irakasleen sostengu gehien duena, eta LAB, bigarrena.

Bestetik, 2010ean CCOO eta UGTrekin sinatutako hezkuntza publikoko lan hitzarmena aldatzeko eskatu du gehiengo sindikalak. Akordio hori sinatu zutenean bi sindikatu horiek gutxiengo sindikala izateaz gain, azken hauteskundeen ostean are indar gutxiago dutela gogorarazi du. Egoera hori dela eta, hitzarmen hori berriz negoziatzeko eskatu dio Zelaa sailburuari, eta hori egiteko egutegia zehazteko.

Hori egin bitartean ordezkapenen araudia zein lantaldean eta soldatetan egindako murrizketak bertan behera uztea ere galdegin diote sindikatuek Jaurlaritzari. Hezkuntza Sailak erabaki horiek hartzerakoan ondoan izan dituen sindikatuek hezkuntza publikoko langileen babesa galdu dutela gogorarazi du gehiengoak, eta hauteskundeen emaitzak kontuan hartzeko eskatu du.

Azkenik, Hezkuntza Sailak hasitako hiru egitasmo nagusien inguruko hausnarketa egitea galdegin dute, ikastetxe, irakasle eta eragileen adostasuna lortu ahal izateko. Eskola 2.0, hezkuntza eredu hirueleduna eta bakerako hezkuntza plana «inposatu» dituela nabarmendu dute, eta hezkuntzan zeresana duten sektoreen parte hartzea aldarrikatu dute.

Mobilizazio mehatxua

Hezkuntza Sailak eskariak aintzat hartzen ez baditu bozetan lortutako babesari «erantzun» eta mobilizazioak egingo dituztela ohartarazi dute sindikatuek, oraindik ere nolakoak izango diren zehaztu ez duten arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.