Hasteko, danbatekoa. Adimen artifiziala bizitzako zirrikitu guztietara iristeak eta jendeak hura ia edozertarako erabiltzeak testuinguru gordinagoa du: «Adimen artifizialaren inguruko politikak eta geopolitikak ematen diete forma munduari eta gure bizitzei. Adimen artifizialaren inguruko negozio ereduek legea hiltzen dute».
Manuela Battaglinirena izan da mailukada. Abokatua da, marketin eta komunikazio digitalean lan egindakoa, etika digitalari buruzko aholkulari izana, eta adimen artifizialak gizartean eta demokrazian dituen ondorioei buruz ikertu du. Gaur egun doktoretza egiten ari da Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan.
«Baieztapen indartsua da, baina zuzena», esan die Donostiako San Telmo museoko aretoa bete duten entzuleei. «Gaur egun, oligarka teknologikoen eta nazioarteko politikaren ustelkeriaren eraginez, gero eta zuzenagoa».
Euskarabildua jardunaldian parte hartu du Battaglinik. Iametzak, Ametzagaiñak eta Argia astekariak antolatutako jardunaldia da, burujabetza digitalari buruzkoa. Aurtengoa, hamalaugarrena. Galdera handi bati erantzuteko saioa izan da: Nork gobernatzen du Internet? Euskal komunitate digitala erronka globalaren aurrean.
Jardunaldien galderari erantzuten hasteko, beste galdera bat egin du: «Nola iritsi gara honaino?». Enpresa teknologiko erraldoietako buruzagiek gobernatzen dute Internet, Battagliniren arabera, baina hori lortzeko hainbat konplize izan dituzte, AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak batez ere.
«Adimen artifizialaren inguruko politikak eta geopolitikak ematen diete forma munduari eta gure bizitzei»
MANUELA BATTAGLINI Adimen artifizialaren arloko ikertzailea
Ez, prozesu hori ez zen Donald Trumpekin hasi, «[Bill] Clintonekin baizik». George W. Bushekin aurrera jarraitu zuen, Barack Obamak lagundu zuen, eta Joe Biden saiatu zen botere kontzentrazioari aurre egiten, «baina huts egin zuen». Gero iritsi zen Trump.
«Harmonia haustea» egotzi dio Battaglinik Clintoni. Neoliberalismoa legez babestea. Baita neoliberalismo elektronikoa ere: «Munduko merkataritza elektroniko globalaren markoa sortu zuen. Funtsean, estatuak ez zuen esku hartuko, merkataritza elektronikoak bere kabuz funtzionatuko zuen».
2007. urtea, mugarri
Battaglinirentzat mugarri izan zen 2007. urtea. Urte horren aurretik bazegoen big data, «baina ez haren analisia». Googleren artikulu batzuetatik abiatuta, garatzaileen komunitate batek Hadoop kode irekiko softwarea sortu zuen, eta nahi zutenen eskura utzi. «Ondorioz», azaldu du Battaglinik, «Hadoopen bidez enpresa handiek Big Data Analyticsera jo zezaketen, eta hor hasi zen teknologia gora egiten». Urte horretan sortutako enpresen eta produktuen adibide batzuk aipatu ditu: Facebook, Linkedin, Twitter, iPhone, Airbnb, Android...
Teknologiak jauzia egin zuen. «Teknologia sozialak, ordea, izoztu egin ziren». Ordutik irauten duten ajeak zerrendatu ditu Battaglinik: ez zen egin erreforma ekonomikorik, ez erreforma politikorik «mundua aldatu zuen teknologia horretara egokitzeko», ez lan merkatuaren erreformarik «egoerara egokitzeko eta babestu ahal izateko», ez ezagutzaren gaurkotzerik «ezagutza berriaz baliatzeko eta ondorio txarretatik babesteko», eta ez zen hitz egin teknologia horrek sortzen dituen desberdintasun ekonomikoez edo botere kontzentrazioaz.
«Abantaila ateratzen digute 2007tik», esan die, etsipenez, Battaglinik entzuleei. Beraz, adimen artifizialaren garaian, nola garatu gobernantza eredu onena adimen artifizialarekin lotutako negozio ereduen inguruan? Battaglinik, momentuz, ez du erantzunik. Horri buruz ikertzen ari da tesian.
«Garai estrategikoan gaude zehazteko nola egingo diogun aurre erronka global horri; baina burujabetzak gobernantza deszentralizatua eskatzen du»
ELI POMBO Iametzako kudeatzailea
Internet ez da gobernurik edo araurik gabeko eremua. Hor dago ICANN, Izenak eta Zenbakiak Banatzeko Interneteko Korporazioa. Ondo ezagutzen dute Amadeu Abril abokatu eta .cat domeinuen sustatzaileak eta Josu Waliño Puntueus fundazioko zuzendariak.
ICANNek Interneteko identifikatzaileak koordinatzen ditu. «Autogobernantza eredu bat da, Interneten inguruko eztabaida foroa», Abrilen esanetan. Funtzionamendu konplexua du, eta erabakiak asko luzatzen dira: «Sistema hau ados daudenen eta kontra daudenen arteko orekan oinarritzen da, eta gai askotan ez da adostasunik lortzen». Enpresa handiek dute ordezkaritza handiena. «Eredua ez da perfektua, baina funtzionatzen du. Beharrezkoa da».
Puntueusek ICANNen parte hartzen du. Waliño bat dator Abrilekin, eta uste du ICANNek funtzio garrantzitsua duela: «Bertan erabakitzen dira Internet arautuko duten politikak». Puntueusek bertan egon behar du, «jakiteko zer aldaketa datozen, eta aldaketa horietara eragiteko». Adierazi du batzuetan eztabaidak «amaigabeak» direla.
IGF eta Internet Society
ICANNen egoteaz gain, beste bi erakundetan ere egon behar dela ohartarazi du Waliñok: IGF Internet Governance Forumen eta Internet Societyn. Lehena NBEk sortu zuen, Interneteko politikei buruz eztabaidatzeko; bigarrena Interneteko erabiltzaileak biltzeko gune bat da.
Teknologia burujabetzaren garrantzia nabarmentzeko eta burujabetza hori eskatzeko jardunaldia izan da Euskarabildua. Enpresa teknologiko erraldoiekiko menpekotasuna murrizteko eta norberak bere datuak eta tresnak kontrolatzeko, baita euskararen garapena bermatzeko ere.
Garaia estrategikoa dela uste du Eli Pombo Iametzako kudeatzaileak: «Teknologia burujabetza eta burujabetza digitala jomugan dituen estrategiak eta ibilbideak inoiz baino zentzu handiagoa daukate, norberarena defendatzeko eta potentzia handien erabaki interesatuak gorabehera autonomia izateko. Garai estrategikoan gaude zehazteko nola egingo diogun aurre erronka global horri; baina burujabetzak gobernantza deszentralizatua eskatzen du».