Sexu eraso bat gaitzesteko kontzentrazioa egin zuten atzo arratsaldean Etxebarrin (Bizkaia). Neska batek salatu zuen sexu erasoa egin ziotela goizaldean. San Antonio auzoko jaiak dira herrian, eta udalak, jaietako batzordeak eta txosnek elkarrekin gaitzetsi dute sexu erasoa. «Onartezina» dela esan dute, eta «errespetuaren, elkarbizitzaren eta bakearen» kontrakoa dela. Gizarte seguruago eta justuago bat osatzen jarraituko dutela nabarmendu dute, «denak beldurrik gabe eta duintasunez bizi ahal izateko».
Igorren (Bizkaia), berriz, udalak adierazpen bat kaleratu du, sexu eraso baten berri izan duelako. Ez du erasoari buruzko xehetasunik eman. Herrian adingabeekin lan egiten duen profesional baten kontra jarri dute salaketa sexu erasoagatik, Begitu aldizkariaren arabera. Udalak esan du lanean aritu dela informazioa kontrastatzeko eta ahalik eta ikuspegi zehatzena izateko. Urratsak egin ditu bere esku dauden koordinazio eta erantzun neurriak abian jartzeko.Â
Nabarmendu du biktimaren ongizatea, intimitatea, duintasuna eta eskubideak direla lehentasuna. «Bereziki larria» iruditzen zaio haurren eta nerabeen kontrako sexu indarkeria. «Indarkeria matxistak zuzenean erasotzen die emakumeen, nesken eta adingabeen askatasunari, segurtasunari eta garapen integralari, eta ezin da inolaz ere normaltzat edo onargarritzat hartu», ohartarazi du. Herritarrei eskatu die publikoki gaitzetsi dezatela indarkeria matxista.

