Pastor

Neskak utzi eta fatxa egin

2026ko otsailaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Neskak antzarak ferratzen diren lekura bidali du mutila eta hura fatxa handiena da orain. Horixe esan du gazte batek kalean entzundako berriketan. Nolakoa zen mutila lehen? Funtsean, fatxa. Edo barruan gordeak zituen izaera horren sustraiak, noiz aterako. Bestelakoa bazara, ez dituzu zeure balioak eta pentsaera errotik aldatzen neska-lagunak utzi zaituelako. Haatik, oinarri sendoak behar dira horretarako. Heziketa emozionala ez da bide samurra. Bihotzaren olatu biziak surfeatzen eta sentimenduen itsaso harrotuan ez itotzen ikasteak bizi osoko prozesua eskatzen du.

Izan ere, zerk bermatzen dizu 20 edo 30 urteren buruan zure biziaren ardatza den erlazioa brast erori eta hotz erreakzionatuko duzula? Normalean ez da hala gertatzen. Andreak edo gizonak hanka egin eta, espero ez bazenuen, ez zara suziriak botatzen hasten kolpe latza ospatzeko. Hortik beste muturrera joan eta emakumeen kontrako gorrotoa azaleratzea beste kontu bat da, baina. Zerbaiten seinale.

Emakumearen jokaera ere erakusgarri dugu, zenbait lagunen gogokoa izan ez arren. Zeinen ondo egongo ginatekeen gizonok andrazkoak otzan eta esanekoak izango balira, lehengo moduan, ezta? Erabakitzeko eskubidearen alde Ibarretxek ematen zuen adibideak —pertsona batek ezin du harreman batetik modu zibilizatuan alde egin, gustura ez badago?— kasu honetan aplikatzeko modukoa izango litzateke, nahiz orduan Pablo Iglesiasi ez zion balio izan independentista katalanei oldartu zitzaienean: «Ez iratzarri faxismoaren mamua». Badakizue, lagunok: faxismoari aurre egin behar zaio, Espainiaren batasuna kolokan dagoenean izan ezik. Orduan, kikildu. Badakizue, emakumeok: ez ezazue gizona utzi, piztia iratzarri eta fatxa egingo baita. Zuen errua izango da mundua fatxaz betetzen bada.

Urguilu mindua, bere bizitzaren gaineko kontrola galdu izana —eta neskaren gainekoa— sentitu du mutilak? Nahiago zuen erlazio horri eutsi, porrotaren itxurarik ez emateko? Frida Kahlok argi esan zuen: «Ez berandutu maitatu ezin duzun lekuan». Hala ere, badirudi hori egitea gustukoa dugula. Beti izan da horrela, nahiz orain moderno agertu nahi dugun.

Esaterako: zenbait gazteren artean bada joera bat. Bikotea dira, baina asteburuetan nekez ikusiko dituzu elkarrekin. Elkarrekin bakarrik, esan nahi dut. Oporretan ere kuadrillan joaten dira. Edo haietako baten gurasoekin. Oso modernoak. Hotelean etxekoen gelaren ondoan egiten dute lo, horma fin bat hesi. Hagitz erromantikoa. Sexya. Eta morbosoa: larrutan egiten, aita-amak beste aldean belarri-tutuaz adi dituztela jakinda. Poza, ez soilik gazteentzat. «Hara, ze fiera gure Oier!». Edo lotsa: «Maitanek halako eskandalua? Hori irakatsi zioten karmeldarrek?» — emakumeak ez du zarata handiegirik egin behar, bestela susmagarria da eta—.

Oso modernoak. Edo oso klasikoak. Bai, aitona-amonen moduan funtzionatzen baitute sarritan: ondokoa kontrolatuz. Zaharrek hurbileko makilaz egiten zuten; gazteek, urrutiko aginteaz. Larunbat gauean leku beretan ibiltzen dira. Ez elkarrekin, baina badute elkarren berri. Taberna berean talde banatan, baina elkarren zelatan. Biharamunean albiste buletina pasatzen diete lagunek: «Atzo ilehori horrekin berbetan ikusi nuen Mikel, eta ez minutu batez». Neskaren erreakzioa: «Berriz urdanga hori?». Ez dute urdanga hitza erabiltzen, guarra baizik, baina ulertu duzue.

Antzeko kasu bat, arestion gertatua: bikote irekia dira. Neska Madrila joan da lanera. Gero, mutila utzi du. Onartu du hark. Haren anaiek ez, ordea. Beraiek jokatzen ari dira fatxa. Barre egiten diote: bikotekidea guarra bat zen. Azkenean, haien amak defendatu behar izan du neska: «Zuen anaia bezain txerri zikina izango zen orduan, biek berdin egiten zuten eta». Heziketa emozionala. Horixe.

Love, actually. Eta gaur zortzi, San Valentin. Kasu egingo digu maitasun komertzialaren sainduak, otoitz egiten badiogu? Jaunaren bideak ulertezinak dira. Maitasunarenak ere bai. Hori maitasuna bada.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA