Uztaritzeko Herriko Etxeak herenegun izendatu zuen euskara hizkuntz ofizial, baina hilabeteak daramatzate lanean. Hizkuntz zinegotzia da If Matxikote (Uztaritze, Lapurdi, 1977), eta azaldu du «lehen urratsa» besterik ez dela.
Frantsesaren hein berean jarri duzue euskara. Zerk bultzatuta?
Hauteskunde kanpainan argi utzi genuen hizkuntz politikaren arloan genituen asmoak. Frantzian euskarak ez du batere ezagupen ofizialik, are gutxiago euskaldunon oinarrizko hizkuntz eskubideek. Euskara ofizial izendatu eta neurriak hartuko ditugu aurki.
Nolakoa da euskararen egoera?
Uztaritzeko biztanleria bizkor ari da handitzen. 6.000 lagun gara orain, eta herritarren %18 dira euskaldunak. %1ek besterik ez dute euskara erabiltzen. Neurri ausartik ezean, galduko litzateke. Herriko egoera soziolinguistikoa ezagututa, gutxienekoa zen euskara frantsesaren pare jartzea.
Iparraldeko aurrenak zarete.
Oraino ez zen deus kasik euskara babesteko. Urratsak planteatzen zirenean ere, alboratuta geratzen ziren sarri. Urteak pasatu ditugu protestetan beti eskatzen eta eskatzen, azkenean ezer gutxi lortzeko. Aitzindaritza hartu dugu.
Bide bera har dezakete besteek?
Hala espero dugu. Mugarri bat da, baina ez dugu ordezkari bakarrak izan nahi. Ingurukoek bide bera urratzeari ekiten badiote, hainbat hobe. Errobi herri elkargoan motibazioa zabaltzen saiatuko gara, euskararen ofizialtasuna orokortu eta, azkenean, haize berri bat plantan jartzeko. Toki batzuetan hasiak dira hobekuntzak proposatzen, baina babes ofizialik gabe.
Euskara hutsean edo ele bitan arituko zarete herriko etxean?
Ele bitan. Herriko etxeko beharginen artean, euskararen erabilera handitzen ari da: 77 langileetatik hogei dira euskaldunak, eta 25 inguruk ikasteko xedea dute. Lekualdatzeak egin beharko ditugu, eta zokoratuta zeuden behargin euskaldunak tokiz mugitu. Agiri guztiak euskaraz jaso ahalko dira, euskara ez baita apaingarri bat. Halaber, aldi oro hizkuntza batetik bestera saltoka ibili beharrean, herritarrek hautatu ahalko dute zer-nolako harremana izan nahi duten gurekin.
Suprefetaren itzala ere hor da.
Ez gara inozoak. Ezustekoa litzateke ez deuseztatzea. Mehatxua hor da; ez gara harrituko. Halere, berdin segituko dugu. Herritarren ordezkari zuzenak gu gara, eta erabaki ezin demokratikoagoa hartu dugu. Frantziak du arazoa, ez guk: bere burua demokratikotzat jo, eta ez ditu nazioarteko itunak zein eskubideak betetzen.
If Matxikote. Uztaritzeko zinegotzia
«Neurri ausartik ezean, euskara galduko litzakete; ez da apaingarri bat»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu