Altsasuko auzia

"Neurri gabeko jarduera judiziala" salatu dute Altsasuko Gurasoek

Bi mobilizazio antolatu dituzte fiskalaren zigor eskaeren kontra protesta egiteko: uztailaren 7an Altsasun bertan egingo dute manifestazioa 20:30ean, eta 14an Iruñean elkarretaratzea 17:30ean Gazteluko plazan. "Beldurra, kezka, babesgabetasuna eta izugarrizko mesfidantza sentitzen dugu".

Gaurko prentsaurrekoko irudi bat. ALTSASUKO GURASOAK
2017ko uztailaren 5a
07:31
Entzun

Plaza bete jende elkartu da Altsasun amorrua, kezka eta babesa irudikatzeko. Fiskalak egindako espetxe eskaera handiek sortutako amorruak elkartu ditu, gazteekin gerta daitekeenaren kezkak, eta haiei zein gurasoei agertu nahi dieten babesak. Baina, ikaratuta daude: "Ikara izugarria sortzen du horrenbesteko neurrigabekeriak".

Auzipetuen gurasoek eman dute prentsaurrekoa, eta eskertuta agertu dira jasotzen ari diren babesarengatik. Baina ez dute ezkutatu "beldurra, kezka, babesgabetasuna eta izugarrizko mesfidantza" sentitzen dutela. Minduta daude: "Gure herriari eta tokiko familiei mina egin nahi bazieten, lortu dutela pentsa dezakete".

Baina ez dute nahi min eta amorru horrek irabazterik. "Gure mezua, irmotasun lasai batean, printzipio demokratiko eta giza eskubideen defentsa tinkoaren gainean eraikitzen da". Argi dute, Altsasuko zortzi auzipetuen auzian "legearen gehiegizko eta bidegabeko erabilera" gertatzen ari dela, eta hori amaitu beharra dagoela ohartarazi dute. Justizia eta demokrazia bera daude arriskuan, haien ustez.

Behin eta berriz esandakoa errepikatu dute, alegia, ez dutela zigorgabetasunik eskatzen, proportzionaltasuna baizik: "Errugabetasun presuntzioaren eskubidea, berme prozesalak dituen epaiketaren eskubidea, era hedakorrean eta justiziarik gabe erabil ez dadin legearen eskubidea eta proportzionaltasunaren eskubidea defendatzea". Ikerketa justua, eta neurriko zigorra. Antzeko kasu gehienak isunekin konpondu izan baitira.

Auziak haserretu dituenei, laguntzeko eskatu diete, eta zehazki zer egin dezaketen ere esan diete: web orrian jarri duten manifestuari atxikimendua, sinatzeko eta sinadura bilketa zabaltzeko; "terrorismo kalifikazio penala desmuntatzen duten argudioak zabaltzeko", era pribatu batean desadostasuna adierazten diguten partidu politikoei, jendaurrean beren iritzia adierazteko; partidu politikoei, sindikatuei, giza, kultura eta beste hainbat alorretako erakundeei, ekinaldi jendetsu eta plurala antolatzeko lan egiteko; eta Nafarroako Gobernu eta Parlamentu eta udalei, beraien babesa ematen eta bidegabekeria hau salatzen jarraitzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.