Koronabirusa. Neurriak

Neurriak gogortzera jo dute

Gabon eta Urtezahar gauetako etxeratzea 00:30era aurreratu du Jaurlaritzak; abenduaren 31ko eta urtarrilaren 1eko otorduak sei pertsonara mugatu dituzte. Nafarroako Gobernuak neurriei eutsi die

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, neurriak murriztaileagoak izango dira Urtezahar gauean Gabon gauean baino. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
jon olano
2020ko abenduaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Ongi goaz, baina ez gaude ongi». Hitz horiekin laburbildu zuen atzo Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuak Gabonetarako neurriak gogortzeko beharra, COVID-19a ez dadin hedatu. Labi-ren aholku batzordea elkartu zen atzo, eta ondoren agertu zen Sagardui hedabideen aurrera, aldaketen berri emateko. Nafarroako Gobernuak, berriz, bere horretan utzi ditu Gabonetarako hartuak zituen neurriak.

JOAN-ETORRIAK

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, apur bat murriztu dute joan-etorriak egiteko aukera; Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegotik ateratzeko aukera eman zuen abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra, baina bigarren epe hori urtarrilaren 1era murriztu du orain Jaurlaritzak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoa arteko joan-etorriak gaurtik daude baimenduta. Nafarroan konfinamendu perimetrala kenduko dute gaurtik 26ra eta 30etik urtarrilaren 2ra, eta, beraz, bertakoak herrialdetik irten ahalko dira epe horietan, baina soilik familia arteko topaketetarako. Iparraldean libre ibil daitezke.

ETXERATZE AGINDUA

Ordutegiari dagokionez ere, koska bat gogortu du Jaurlaritzak; 22:00etatik 06:00etara ezarrita dago etxeratze agindua, eta salbuespenak dira abenduaren 24tik 25era eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1era bitarteko gauak, orduan etxeratze agindua 01:30ean izatekoa baitzen. Orain, Gabon eta Urtezahar gauetan nork bere etxean egon beharko du 00:30erako. Nafarroan, Gabon eta Urtezahar gauetan 01:30ekoa da etxeratze agindua, eta Ipar Euskal Herrian, abenduaren 24an ez da etxeratze agindurik izango; abenduaren 31n, ordea, indarrean egongo da: 20:00etatik 6:00ak arte.

ZENBAT JENDE?

Egunaren arabera. Hegoaldean, Gabon gauean hamar pertsona elkartu ahal izango dira gehienez, baina, Urtezahar eta Urteberri egunetako ospakizunetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan seira murriztu dute muga. Nafarroan hamarrekoa izango da muga hori, eta Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean, sei pertsona elkar daitezke gehienez kasu guztietan.

OPARIAK EROSTEKO?

Hor ere badira aldaketak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, denda eta ostatu guztiek itxita egon beharko dute 18:00etatik aurrera abenduaren 24an, 25ean, 31n, eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an, azken orduko erosketetan pilaketa handirik ez sortzeko. Botikak, gasolindegiak eta zerbitzuguneak dira salbuespena. Nafarroan, 21:00etara arteko tartea izango dute, eta Iparraldean, 20:00etarako itxita egon beharko dute.

Gainera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, abenduaren 25ean, urtarrilaren 1ean eta urtarrilaren 6an, ostatu eta saltokiek ezingo dute zabaldu 09:00ak baino lehen. «Etxeetako jaien balizko luzapena 06:00etako establezimenduen irekierarekin konektatzea eragozten saiatzen gara», azaldu zuen Sagarduik.

Bestalde, abenduaren 31n eta urtarrilaren 1, 5 eta 6an kotilioiak egitea debekatu du Jaurlaritzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.