Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearen mezu bat erakutsiz gero, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak antolatzaileei ohartarazi zien New Yorkeko Euskal Etxearen mendeurren ospakizunean ez zuela parte hartuko. Informazio hori argitaratu dute gaur Vocento taldeko hedabideek.
Urkullu bera, Juan Jose Ibarretxe eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari izandakoak, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko alkate Iñaki Azkuna, Juan Karlos Izagirre eta Javier Maroto gonbidatu zituen Euskal Etxeak mendeurreneko festara. Soilik Urkullu izan zen ekitaldian, baina mezu bat helarazi zuen Izagirrek.
Festa "ahalik eta aniztunena" izatea nahi zuten antolatzaileek, Aitzol Azurtza Eusko Etxeko presidenteak adierazi duenez.
Jaurlaritzako iturriek EiTBri baieztatu diote "desadostasunak" izan zirela ekitaldiaren gidoiaren inguruan antolatzaileen eta Jaurlaritzaren artean; gaineratu dute ados jarri zirela gero, "Eusko Jaurlaritzak diruz lagundua den eta lehendakariak Euskadiren ordezkari goren gisa parte hartzen duen ekitaldi batek izan behar duen errespetu instituzionalarekin bat" zetorrena.