Pastor
DARWIN ETA GU

«Nik ez dut futbola maite»

2026ko ekainaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bekatua, sakrilegioa, anatema! Pello Otxandianok ez du futbola maite. Horixe aitortu du, noiz eta Munduko Futbol Kopa jokatzen ari den honetan. Gizonezko bat, futbolaren erlijioa gogoko ez duena. El Correo egunkariari emaniko elkarrizketan egin ditu adierazpenak EH Bilduko politikariak. «Portzierto», galdetu dio kazetariak, «noren aldekoa zara Munduko Futbol Kopan?» portzierto, horixe, kasualitatez bururatu zaio galdera, Bilbon, koalizioaren egoitzan elkarrizketa egiten ari zen bitartean Bilduko kide batek atea jo izan balu bezala Otxandianori zerbait esateko eta ezustekoa! Oiartzabalen kamiseta espainiarra zuen soinean—. Oso zuzen erantzun du Otxandianok: «Nik ez dut futbola maite. Ni Euskal Herriaren eta euskal selekzio nazionalaren alde nago».

Kazetariak gaiari eutsi dio: «Euskal Selekzioko jokalari batzuk Espainiarekin jokatzen ari dira. Haiengatik poztuko zinateke txapelketa irabaziko balute?”. «Ez. Bizimodua konpondua dutela pentsatzen dut; ez dut uste nire sustengu morala behar dutenik». Zuzen eta artez. Gauzak argi eta txokolatea lodi. Chapeau!

Otxandianok bazuen beste era batez erantzutea: Euskal Selekzioarekin bat egiten duela, besterik gabe, futbola gustukoa ez duela zehaztu barik. Zergatik? Azken batean, horrek piztia arraro bihur zaitzakeelako gizarte hiperfutbolizatu honetan. Nolaz ez zaizu, ba, futbola gustatuko? Albistea hori baita: Pello Otxandianori ez zaio futbola gustatzen. Argi mintzatu da, alabaina. Hori entzun eta hurrengo galdera hau izan zitekeen: «Futbola ez gustatzea gauza bitxia da egun. Beste kirolik bai?». Kazetariak ez du hala egin, ordea. Euskal jokalariei buruz galdetu dio —jadanik portziertorik gabe, portzierto—, hark zer erantzungo ondotxo zekien arren. Eta hori edozer izan daiteke, baina albistea? Inola ere ez. Berria Otxandiano Espainiaren zalea izatea litzateke, eta ez «la roja me la trae floja» esaten dutenen multzokoa.

Bigarren erantzuna ere argia izan da. Euskal jokalariengatik poztu, txapelketa irabaziko balute? Ez. Bizimodua ederki konpondua dute. Ez dute haren txalorik behar. Izan ere, zer sustengu moral behar dute baloi bat ostikatzen trebeak izateagatik euren bizimodua jadanik bideratua duten gazte milioidun goiztiarrek? —eta barkatu, baina auzi horretan berdin dit Espainiarekin edo Euskal Herriarekin jokatzeak—. Sustengu morala, elkartasuna, etxebizitza izateko eskubidea ukatzen zaien gazteekin. Edo lanean egoera prekarioan ari direnekin, ez futbolean egiten milioika euro irabazi eta, zenbait kasutan, zergak jaisteko eskatzen dutenekin —beraien familiak antzina gure zergen bidez osatutako laguntza sozialei esker bizi izan zirela ahazturik edo—.

Zer sustengu moral behar dute baloi bat ostikatzen trebeak izateagatik euren bizimodua jadanik bideratua duten gazte milioidun goiztiarrek?

Futbola gustatu? Bai. Inbidia futbolariei? Ez bereziki. Inbidia sanorik baldin bada —edo miresmenik— beste arlo batzuetako kirolariei izango nieke. Eta, batez ere, beste jende mota bati: zientzialariei edo artistei. Eta izenik gabeko heroiei: familia duintasunez eta burua makurtu gabe aurrera ateratzen saiatzen diren herritar xumeei.

Futbola, bai; futbolmania, baloia 24 orduz, egunero, 365 egunetan, ez. 80ko urteetan futbolzaleak ginen, baina ez ginen unibertsitatera gure taldearen kamiseta jantzita joaten. Ez ikasleak, ez irakasleak. Beste garai batean bizi garela esango dute. Bai, baina kontuz, zentzuna galdu eta barregarri geratu gabe. Bizia dago futboletik harago: 2015ean Athleticek Bartzelonari irabazi zion Superkopan. Aritz Aduriz eta haren golak izan ziren protagonistak. Bueltako partidan, Camp Noun, elkarrizketa egin zion kameraren aurrean oso kazetari gazte batek, aldageletarako bidean zihoala. «Hau zure bizitzako egunik zoriontsuena da, ezta?». Jokalariari aurpegiera berezia atera zitzaion, galderak harri eta zur utzi zuen seinale. «Ez, ez. Nire bizitzako egunik zoriontsuena alaba jaio zen eguna da». Mutilak kirol-bizitzako egunik zoriontsuena ote zen galde ziezaiokeen Adurizi. Hobeto, finago jardungo zuen, baina ez. Aingerutxoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE