ELBk galdegin du 'Nils' tenpesta «hondamendi natural» izendatzea, eragin dituen desmasiak direla eta

«Urgentziazko laguntzak» ere galdegin dizkiote Frantziako Estatuari, bereziki baratzezainendako. Otsailaren 11ko gauean izan dira haize boladarik bortitzenak, eta laborantzan ez ezik garraioan ere eragin dute: trenik gehienak ez dira martxan.

'Nils' tenpestagatik andeatua izan den landaretegi bat. ELB
'Nils' tenpestagatik andeatua izan den landaretegi bat. ELB
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko otsailaren 13a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asteazkenean altxatu, eta desmasia larriak eragin ditu Nils tenpestak Euskal Herrian gaindi. Orain lasaitu bada ere, zenbait bide trabatuak izan dira eroritako zuhaitzengatik, trenak kurritu ezinik gertatu dira hainbat lekutan, eta etxalde anitz andeatuak izan dira haize bolada bortitzengatik. Hain zuzen, Ipar Euskal Herriko ELB laborari sindikatuak agiri bat agertu du gaur goizean, eta «urgentziazko laguntzak» galdegin laborariendako, bereziki baratzezainendako.

Nils tenpesta «hondamendi natural» izendatzea ere galdegin dute, eta, horregatik, laborariei dei egin diete, tenpestaren ondorioak argazkitan hartu eta sindikatuari berari bidaltzeko: desmasiak zenbatekoak diren estimatzen ahaleginduko dira, gero datu horiek DDTM erakundeari helarazteko asmoz, hots, Pirinio Atlantikoetako lur eta itsasoen zuzendaritzari.

«Landaretegiak suntsituak izan dira, kanpoko estalkiak ordezkatzekoak dira, haize gerizak konpontzekoak... [Frantziako] Estatuari dei egiten diogu gertaturikoa hondamendi natural izendatzeko eta galtze ekonomikoak ahal bezain fite mugatzeko». Tokiko kolektibitateei ere mintzatu zaie sindikatua, eta eskatu die urgentziazko neurriak martxan jartzeko.

Izan ere, bedatsea ate joka dute laborariek, eta beldur dira tenpestak ez ote dizkien bilketak osoki hondatuko.

Garraioari dagokionez, trenak berriz martxa normalean hasi dira emeki-emeki. Halere, beste tenpesta bat altxatzen hasi da goizean, Oriana izendatua; orduan, baliteke datozen oren eta egunetan ere adi egon behar izatea, eta aurreikuspenei beha.

Baionan zauritu bat izan zen atzo, auto gainera zuhaitz bat erori zitzaiola eta. Frantzian, bi pertsona hil dira tenpestagatik asteazkenetik honat; milaka etxebizitza elektrizitaterik gabe daude oraino.

Itsas txoriak, ahuldurik

Garraioari eta laborantzari ez ezik, zenbait animaliari ere eragiten diete halako tenpestek. Erraterako, Hegalaldia elkarteak jakinarazi duenez, itsas txoriei hainbat kalte ekarri dizkie Nils tenpestak, eta Lapurdiko kostan «dozenaka zauritu» omen dira: azaldu dute «esku hartze egokiturik ezean azkar hiltzeko arriskuan» direla txori horiek, «ikaragarri ahulduak» baitira. Hala, gomendatu dute txori zauritu bat ikusiz gero zuzenean Hegalaldiari dei egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.