Umorez eta ironiaz zipriztindua dago Etxeko leihoak unibertsora. Utopiak pentsatzeko marko bat liburua (Txalaparta). Alba Garmendiak (Ikaztegieta, Gipuzkoa, 1992) oso presente du irakurlea: hari ari zaio une oro. Eta galdetzen dio: «Nolakoa uste duzu izango dela 2142. urtean Euskal Herria? Irudikatu orduko gazte normal bat egun normal batean. Kostan, barrualdean, hirian, non bizi da? Zer eguraldi egiten du? Badu ikasketarik edo lanik? Arotzak eta igeltseroak eta iturginak existitzen dira? Zenbat pisatzen du? Euskaraz egiten al du? Euskaraz egiten al du larrutan, parrandan, bere buruarekin? Psikologoarengana doa? Zer jaten du? Nondik dator jaten duena? Norekin egiten du lo? Alokairuan bizi ote da? Zenbat zuhaitz ikusten ditu sukaldeko leihotik? Aitona-amonak bisitatzen al ditu?». Hari horretatik tiraka abiatu da solasaldia.
Zer nahi zenuen galdera horiek eginda?
Utopiari buruzko tesi bat egin nuen, eta han jasotakoak hona ekarri nahi nituen, baina ez hizkuntza akademikoan. Badago saiakera bat filosofian ibiltzen ez denari gaia gerturatzeko. Hemen jaso nahi nuena zen utopiari egozten zaizkion ezaugarriak nola ekarri praktikara, adibide konkretuetara.
Eta segun eta zer erantzun ematen diezun…
Hori da, gaurtik eta gauden tokitik kokatuta segun zer erantzun ematen dituzun, fikzio horrek forma bat hartuko du edo bestea. Utopiak ideologia guztietan daude, eta izan litezke iraultzazaleagoak edo kontserbadoreagoak, segun zer erantzun ematen diezun galdera haiei.
Zer da utopia?
Motzean, ez-leku ona da. Etimologiari begiratuta, hori da. Interpretazioetara oso irekita dagoen gizarte fikzionatu bat da, izan liteke desiragarria, baina baita ez-desiragarria ere. Eta hor badago tentsio bat desiragarritasunaren eta egingarritasunaren artean ere. Normalean ezinezkoak diren gizarteak izaten dira utopiak; horregatik ez-leku hori. Eta, normalean, orainaldiaren kritika batetik abiatzen da.
Utopiaren eta politikaren arteko harremana azalduko zeniguke?
Liburura etorrita, gaur egungo gure Euskal Herriari begira pentsatutako liburu bat da. Uste dut pandemiaren ostean ugaritu egin zirela fikzioan, ikus-entzunezkoetan, egoera apokaliptikoak irudikatzen zituzten kontakizunak. Baina azken urtean utopiak leku bat hartzen ari direla iruditzen zait. Adibidez, ezkerreko militantzia politikoetan utopietan etorkizun desiragarriak irudikatu dira. Agian feminismoa da adibiderik argiena: alegia, gaur egungoaren kritika bat egiten da, esateko: «Guk horrela ez dugu bizi nahi». Eta ariketa planteatzen da: «Nola nahi dugu bizi? Planteatu dezagun desiragarri ez zaigun orainaldiaz besteko egoera bat». Ariketa horretan automatikoki egiten den saltoa da: pentsa dezagun utopia bat. Euskal Herri feminista bat nolakoa litzateke? Utopiak indar sortzaile bat badu, irudimena eskatzen duelako. Baina liburuan irudikatu nahi izan dudana da horrek arriskua ere badaukala. Zeren Euskal Herri feminista hori nik bizi egin nahiko nuke, eta ahal den neurrian gauzatzeko gai izan. Horregatik uste dut Euskal Herri feminista hori irudikatu behar dugula irudimen politikoz.
«Gure mundua hobetzeko praktikez ari bagara, uste dut txapel politikoarekin irudikatu behar dugula, betiere ahaztu gabe txapel utopikoarekin desiratzen ditugunek ere balio digutela hausnartzeko»
Hori nola egiten da?
Jakinda irudikatzen dugun hori zer txapelekin egiten dugun. Txapel utopikoarekin edo politikoarekin ari garen. Liburuan aipatzen da, adibidez, zahartzaro duinaren gaia. Txapel utopikoarekin irudikatzen bada, adibidez, zahartzaro duina bermatua dagoela irudika genezake, ezen pentsaezina baita bakardade behartuan pasatzea bizitzako azken urteak. Baina txapel politikoarekin pentsatzen badugu, gaur egun daukagun egoeratik abiatu beharko dugu:, aztertu beharko da populazioaren bilakaera, zerga sistema, belaunaldiek elkar zaintzeko desirak eraiki beharko dira… Zahartzaro duinez ari bagara, ariketa horiek lagungarriak izan daitezke horra iristeko bide politiko bat diseinatzeko. Gure mundua hobetzeko praktikez ari bagara, uste dut txapel politikoarekin irudikatu behar dugula, betiere ahaztu gabe txapel utopikoarekin desiratzen ditugunek ere balio digutela hausnartzeko.
Utopiak falta ditugula ere badiozu. Zergatik?
Zalantzarik gabe. Gauza bat da praktika politikoan-eta irudikatzen ari garena, eta hori beharrezkoa da. Baina utopiak beste erritmo batean eta beste plano batean pentsatzeko aukera ematen du. Nire sentsazioa da euskaratik pentsatutako utopia gutxi ditugula.
«Nik ausaz ezagutu dut Joxe Azurmendi, ingurua halakoa tokatu zaidalako, baina ez eskolan eta ez unibertsitatean ez dut ezagutu»
Hain zuzen, liburuaren bigarren partean, marko propio baten beharra azpimarratzen duzu.
Iruditzen zait gurean alderdi hori gutxi landuta daukagula, eta daukagunean ere, askotan atzerriko erreferenteetara jotzen dugula. Liburuan galdetzen dut zergatik den gure erreferentea Donna Haraway eta ez Joxe Azurmendi. Noski, Haraway ezagutu behar dugu, zalantzarik gabe. Baina uste dut konplexuz bizi dugula hau, eta gurean dauzkagun autoreak eta guri hitz egiten digutenak askotan ez ditugula ezagutzen, ez zaizkigulako transmititu ere egin. Nik ausaz ezagutu dut Joxe Azurmendi, ingurua halakoa tokatu zaidalako, baina ez eskolan eta ez unibertsitatean ez dut ezagutu. Transmisio hori ez da egiten. Eta gure pentsamenduan dauden autoreak iristen zaizkigunean ere, uste dut ez diegula aitortzen atzerritarrei ematen diegun legitimitatea.
Utopiek eragin dezaketen frustrazioaz ere badiharduzu.
Bai; adibidez, Euskal Herri feminista bat irudikatzen badugu, baina hori errealitatera ekartzen saiatzen bagara, hor etortzen dira etsipenak eta ezinak. Indarrak ez neurtzea eragin dezake, eta errealitatea ez bere neurrian irakurtzea. Horregatik iruditzen zait garrantzitsua bereiztea utopiaren eta politikaren arteko txapelak, zeren utopiaren helburua ez da praktikara eramatea. Utopia bat irakurtzeak edo sortzeak hausnarketa kritikoa lantzen laguntzen du, beste muga batzuk ezartzen ditu, baina ez dira praktikara ekartzekoak izaten.
Ikaztegietako alkatea zara, Gipuzkoako bostehun biztanleko herri txiki batekoa. Nola ekartzen dira etorkizun desiragarri horiek udal batetik herritarrengana?
Liburu hau ez da udaletxean praktikatzeko tresna bat. Nik uste dut honen inguruan pentsatzen jartzeko-edo dela. Utopiak bere horretan bide batzuetatik eramaten zaitu, eta gero, praktikan, ahal duzuna egiten duzu, ahal duzun bezala, kar-kar.
Adibidez?
Ba, herrian, bazterkeria arriskuan daudenentzako etxebizitza sozialak jarri ditugu martxan. Oso herri txikia gara; ez da ohikoa horrelakoak gurean egitea; esfortzu handiz, baina lortu dugu martxan jartzea. Bestalde, Ikaztegieta oso herri txikia da, baina migrazio tasa oso handia dauka, euskararen arnasgunea ere bada, eta migrazio horrek eragina du. Zapiak izeneko taldetxo bat sortu da, eta Emaginen bitartekaritzarekin ari gara lanketa batzuk egiten. Eskolan, UEMArekin, euskara eta kulturartekotasuna lantzen ari dira, eta abar. Esan nahi dudana da irudimen politikoz eta denbora asko eskainita egin litezkeela orain arte egin ez diren gauzak. Baina hori egiten dugu praktikatik abiatuta, eta hausnarketa kritiko askotatik ere bai. Ikusi behar da hutsuneak non dauden eta non eragin behar den.