Haietako askok leherketek suntsitutako etxeen hipotekak ordaintzen jarraitzen dute; bien bitartean, beste etxe batzuen errentak ordaindu behar dituzte. Suntsitutako etxeak berreraikitzen ari dira, baina ezin dute kalte ordainik jaso, oraindik ez delako argitu zerk eragin zituen leherketak.
Iazko urtarrilaren 13ko leherketen ondorioz kaltetutako Noaingo bizilagunen egoera da (Nafarroa). Ezin dute leherketen aurretik zuten bizimodura bueltatu. Behin-behineko egoera luze batean daude. Luis Maia herriko alkateak eta Oscar Sanchez kaltetutako bizilagunen ordezkariak agerraldia egin dute gaur, egoeraren berri emateko.
Zabalegiko Kontzejua kaleko 20., 22. eta 24. ezkaratzetako bizilagunak dira oraindik etxetik kanpo daudenak. Lau etxe daude ezkaratz bakoitzean. Leherketak haietan eragin zituen kalterik handienak, eta etxeak konpondu gabe daude.
Bederatzi zauritu, eta 250 bizilagun etxetik kanpo
Iazko urtarrilaren 13ko arratsaldean bi gas leherketa izan ziren Zabalegiko Kontzejua kaleko etxeetan. Bederatzi pertsona zauritu ziren, eta horietako bik zauri larriak izan zituzten: 22 urteko mutil batek eta 13 urteko neska batek. Leherketek zenbait etxe suntsitu zituzten, eta 250 bizilagunek etxetik atera behar izan zuten. Okerragoa izan zitekeen: 15:30ak aldera lehen leherketa izan eta gero, bizilagunak etxetik aterarazi zituzten, baina gero etxera sartzen utzi zieten, gaua etxetik kanpo pasatuko zutenez arropa eta premiazko gauzak jasotzera. Etxean zeudela, ordea, 18:00etan, beste leherketa bat izan zen, lehena baino handiagoa. «Gerra eremu bat» zirudiela esan zuten lekukoek.
«Oso suminduta eta atsekabetuta gaude, ez baitago aurrerapenik. Nafarroako Gobernuak ez du dagokion erantzukizuna bere gain hartu»
OSCAR SANCHEZ Kaltetutako bizilagunen ordezkaria
«Familien egoera prekarioa eta eutsiezina bilakatu da», ohartarazi du gaur Maiak. Behin betiko konponbidea uste eta nahi baino gehiago luzatzen ari da. Eutsiezina, bi etxe ordaintzen dituztelako hilero: suntsitutakoaren hipoteka eta bizi diren etxearen errenta. Batzuen errenta 1.100 eta 1.400 eurokoa da. «Oso suminduta eta atsekabetuta gaude, ez baitago aurrerapenik», esan du, abailduta, Sanchezek. «Eta aurrerapen apurrak gu babesten ari den erakundeak egin ditu, udalak», esan du, eta udalaren jokabidea txalotu.
Erantzulerik ez oraindik
Gainera, ez dute aseguru pertsonalen kalte ordainik jaso. Etxejabeen elkartearen eta etxeen administratzailearen aseguruenak bai. Ikerketa judiziala abiatu zuten leherketaren arrazoia argitzeko —Foruzaingoa eta Guardia Zibila ari dira ikerketaz arduratzen—, baina oraindik ez dute amaitu eta behin betiko ondoriorik atera. Beraz, oraingoz ez dago leherketen erantzulerik, eta hori kalte ordainak atzeratzen ari da, alkateak zehaztu duenez: «Familiak etengabeko ziurgabetasunean bizi dira, hutsune horren eraginez».
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak uste du gobernuak ez duela ardurarik bizilagunei eman beharreko laguntzetan: «Gobernuak larrialdiari, premiari aurre egin zion gertatu zenean». Txibiterentzat aseguru etxeen eta Noaingo Udalaren erantzukizuna da orain bizilagunen premiei erantzutea. Alde batetik, aseguru etxeena, bizilagunei kalte ordainak emateko. Txibitek salatu du aseguru etxeek ez dutela dagokien erantzukizuna beren gain hartu. Bestetik, Noaingo Udalarena, laguntza gehiago emateko, beste udal batzuek larrialdi egoeretan egin duten moduan: «Eraikinak berritzeko edo larrialdi sozialetarako laguntzak izan daitezke. Udalak gaitasuna du bizilagunei laguntzeko».
Erakundeen arteko ika-mika
Noaingo Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren artean ika-mika izan da laguntzei buruz. Aurtengo urtarrilean, leherketen urteurrenean, Maiak agerraldia egin zuen. Salatu zuen leherketaren ondoren Txibitek laguntzak agindu zituela familia kaltetuentzat, baina ez zirela iritsi. Txibitek gaur erantzun dio esanez Nafarroako Gobernuak ez zuela agindu laguntza zuzenak emango zituela.
Sanchezek, kaltetutako bizilagunen izenean, kargu hartu dio Txibiteri. Baieztatu du Nafarroako Gobernuak kaltetuentzako laguntzak agindu zituela leherketen egunean. «Baina ez du dagokion erantzukizuna bere gain hartu», egotzi dio gobernuari.
«Gobernuak larrialdiari, premiari aurre egin zion gertatu zenean»
MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko presidentea
Maia Nafarroako Gobernuko ordezkariekin bildu zen, eta kaltetuentzako laguntza zuzenak eskatu zizkion. Alkateak gaur jakinarazi duenez, atzo jaso zuen Javier Remirez Nafarroako presidenteordearen erantzuna: Nafarroako Gobernuak kasu honetan zerbait egiteko duen aukera «nahiko mugatua» dela. Udalak gobernuari baimena eskatuko dio zortzi familia kaltetuenentzako laguntzak onartzeko. Aurrekontu maileguaren aldaketa bat egin nahi dute, eta horretarako Nafarroako Gobernuaren baimena behar dute, Maiak azaldu duenez.
Urte eta erdi gehiago
Suntsitutako etxeak berreraikitzeko prozesua luzea izaten ari da. Denbora behar izan zuten obrak egiteko baimenak lortzeko, eta, gaur egun baimen guztiak badituzte ere, etxe batzuetan konponketa handiak egin behar dituzte. Oscar Sanchezek aurreratu du B, C eta D eraikinetako lanak ekainean edo uztailean bukatzea espero dutela. Hala ere zuhurrak dira, orain arte hilabeteetako atzerapenak pilatu baitituzte.
A eraikina izan zen kaltetuena. Zortzi familia bizi ziren bertan. Eraikin horretako berreraikitze lanak gehiago luzatuko dira, eta litekeena da urte eta erdi inguru irautea. Hondakinak ateratzen ari dira oraindik.