Hilobirik sakonenean, zulorik beltzenean, egia aurkitu zuten azkenean, eta zerikusi gutxi zuen gorpuzkiekin. «Zera da: hilik daudenengan baino, bizirik daudenengan jarri behar dugula arreta, eta ez alderantziz, ohi dugun moduan. Sinplea dirudi, baina inork gutxik egiten du ariketa ongi». Aitonen, osaben, aiten edota anaien gorpuzkien bila ari zen Lourdes Herrasti arkeologoa; zehazkiago, Espainiako Gerran eta ondoren desagertutakoen gibeletik. Eta, halako batean, pentsatu zuen: «Eta emakumeak? Non daude? Inork galdetu al du zer baldintzatan bizi ziren, eta zer esan nahi zuen etxean bakarrik geratzeak?».
Arkeologoa eta auzitegi medikua da Paco Etxeberria ere, eta batera egiten dute lan, Aranzadi Zientzia Elkartean. Biak ala biak aski ezagunak dira frankismoaren biktimen inguruko ikerketan egindako lanagatik; baita 1936ko gerran matxinoek hildakoen hobien lokalizazioan eta gorpuzkiak berreskuratu eta identifikatzeko lanetan aritzeagatik ere. Gipuzkoako Foru Aldundiak berriki omendu ditu, «memoria demokratikoa berreskuratzen egindako ekarpenagatik». Madrilgo Cuelgamuros haranean bakarrik, 602 gorpuzki atera dituzte lurpetik, eta horietatik 25 identifikatu.
2000. urtean hasi ziren memoria historikoa lantzen, Leondik (Espainia) eskari bat iritsi zitzaielako. «Kasualitatez hasi ginen, duela 26 urte, ikerketa antropologikoak egiteko teknika forentseak erabiltzen hasi zirenean», oroitu du Etxeberriak. Orduko hartan, kontatu duenez, familiek arbasoekiko interesa zutelako egiten zuten lan, ez bertze inork agintzen zielako. «Guri ez ziguten instituzioek esaten zer egin, guri familia bat etortzen zitzaigun eta eskatzen zigun, mesedez, iker genezala zer gertatu zitzaien haien arbasoei».
«Hasieran desagertuen seme-alabek eskatzen zuten gorpuzkiak bila zitzatela, baina hil egin ziren. Orduan biloben belaunaldia etorri zen, eta haien berezitasuna zen ez zeukatela beren gurasoek adinako beldurrik, eta ausartago jarduten zutela»
LOURDES HERRASTI Arkeologoa
Francisco Franco diktadorearen heriotzaren 25. urteurrenaren bueltan elkarte memorialista andana sortu zen. «Baina gu ez gara sekula elkarte memorialistetan egon», esplikatu du Herrastik. «Guk beste rol bat jokatu dugu beti. Teknikoak gara, eta ikerketaren beste alde batean egiten dugu lan». Leongo ikerketa antropologikoaren ondotik, bat bertzearen gibeletik hasi ziren enkarguak jasotzen.
«Memoria historikoa ez da iraganeko kontu bat, baizik eta gaur egun interesekoa den zerbait, axola duen zerbait», zehaztu du Etxeberriak. Alegia, gaurko galderei erantzuna ematea, eta ez historia berridaztea; «bi kontu oso desberdin dira».
Aranzadik egindako lehenengo desobiratzea arkeologoek eta antropologoek egin zuten, eta hiru taldetan banatuta egon da, geroztik, memoria historikoa berreskuratzeko lana: instituzioak, teknikoak —Herrasti eta Etxeberria, kasurako—, eta familiak edo familiek osatutako elkarteak. «Hiru arlo desberdin dira, eta puntualki egiten dugu bat», erran du Etxeberriak. Hilobiak aurkitu behar direnetan, teknikoek egiten dute lan, baina erbestean direnen bila joan behar denetan, historialariena da lana. «Hau da, kasu bakoitzaren arabera lantalde bat edo beste mugitzen da».
Eta hiru arloek bat egiten dutenean izaten da, adibidez, Eusko Jaurlaritzak hala eskatu duelako edo horretara bultzatu dituelako. «Baina gaur egun ere egoera berbera da: familiak bakar-bakarrik daude», azaldu du Herrastik. Haien kabuz egin behar dute lan, haiek mugitu behar dituzte hariak, eta anitzetan emaitza nagusia zera izaten da: konturatzea haien indarrak ez direla aski arbasoen aztarnei segitzeko.
Arkeologoen lana
Honako hau da, hain zuzen ere, lan hori egiten duten profesionalen eta espezialisten lana. Lehena: zuloak lokalizatzea. «Horrek sekulako dokumentazio lana eskatzen du; besteak beste, zuloari buruzko datu historikoak biltzea eta familiari eta lekukoei galdetzea zer dakiten zulo hari buruz», esplikatu du Herrastik. Helburua zera da: zehatz-mehatz jakitea non dagoen hilobia.
Bigarrena: indusketa arkeologikoa egitea eta gorpuzkiak lurpetik ateratzea. Lan hori, normalean, familiaren aitzinean egiten dute, ahal izanez gero. «Lan kolektiboa da, eta jende askok ahalegin handia egiten du guztia ondo atera dadin».
Hirugarrena: azterketa antropologiko bat osatzea eta idatzita jasotzea gorpuzkiei buruzko datuak. «Sexua, adina, profil biologikoa, izan ditzakeen lesioak eta gorpuzkiak berak ematen digun informazio guztia». Behin hori dena idatzita jaso ondotik, txosten bat ontzen dute, azterketa genetiko xehea eta familiarekin parekatutako datuak bilduta.
Eta txosten hori izango da, Herrastiren erranetan, gertatu denaren espediente ofiziala, «familiak jasoko duena eta ofizialki dokumentatuta geratuko dena». Gorpuzki guztiekin egiten dute hori, baina beti ez dute lortzen pertsona identifikatzea. Hala lortzen duten kasuetan «askoz ere borobilagoa» da emaitza, familiari izen-abizenak jarrita erakusten dizkietelako gorpuzkiak. «Historia bat marrazten diegu, eta izen-abizenak emanda kontatzen diegu aitonari zer gertatu zitzaion». Edonola ere, biek aitortu dutenez, «oso-oso zaila» da gorpuzkiak identifikatzea, «denbora asko daramatelako hor, eta ez daudelako bereziki egoera onean».
«Aitortza ofiziala da, guk gure lanak eginda ere, familiari falta zaiona. Familiek ez daukate ezer, ez diete inoiz hots egin, ez daturik eskatu, ez informaziorik eskatu»
PACO ETXEBERRIA Arkeologoa eta auzitegi medikua
Baina Etxeberriaren eta Herrastiren lana ez da hor bukatzen. Memoria demokratikoa berreskuratzeko lanaren azken helburua instituzioek aitortza ofiziala egitea da. «Eta hori da, guk gure lanak eginda ere, familiari falta zaiona. Familiek ez daukate ezer, ez diete inoiz hots egin, ez daturik eskatu, ez informaziorik eskatu».
Aitortza ofiziala egiteak erran nahi du familiek agiri ofizial bat jasoko dutela gertatu zenaren xehetasunekin, eta orri horietan instituzioek onartuko dutela idatzita dagoen hori egiatan gertatu zela. «Pentsa zenbaterainoko garrantzia izango duen txosten horrek familiarentzat, zer sentituko duten estreinako aldiz ikusiko dutenean aitonaren sinadura idatzita, narrazioaren ondoan», erran du Etxeberriak.
Oraingoz, baina, Aranzadik egiten ditu aitortza gehienak. «Txostena ematen diegunean familiei, gertatu zaigu haiek bueltan esatea: ‘Eramango dut honen kopia bat udaletxera, udal liburutegiak izan dezan gertatutakoaren berri, eta idatzita gera dadin hemen ere’. Horrek esan nahi du lehendabiziko aldia dela arbasoen berri izan dutena».
Gogora, lagungarri
2022an Memoria Demokratikoaren Legea onartu zuen Espainiako Gobernuak, eta hori «sekulako aldaketa» izan zen arkeologoentzat; bertzeak bertze, «gaiaren gaineko kontzientziazioa» sustatu zuelako gizartean. Baina urte batzuk lehenago ere sumatu zuten aurrerapausorik, Eusko Jaurlaritzak 2015ean Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortu zuenean. «Eskubideei eta memoriari dagokienez, laguntza ikaragarria izan zen». Eta, esplikatu dutenez, institutu horren menpeko dira orain, neurri batean.
Menpeko, hark agintzen eta ordenatzen dituelako egin beharreko lanak. «Esaten digu zer egin orain, zerk daukan lehentasuna orain, eta zer utziko dugun hemendik urtebetera egiteko». Eta hori abantaila moduan ikusten du Herrastik, «ez garelako eztabaidetan sartzen, ez dugulako guk aukeratzen, eta beti dugulako norbait atzean gu babesten».
Iruditzen zaie Gogora arlo anitzetan dela lagungarri; nagusiki, segurtasunean. «Gogora-k bermatzen digu gaur aurkitzen dugun informazio guztia gordeta geldituko dela, eta erregistratuta egongo dela hemendik 50 urte barru ere». Nafarroan ere halatsu gertatu zen, 2015ean Memoria Institutua sortu baitzuten.
Gogora sortu zenetik hitzarmen bat daukate hark eta Aranzadik, eta horrek «segurtasuna, babesa, eta azpiegitura sendo eta egonkorra» eman dizkio elkarteari. Orain zelai egonkor baten gainean egiten dute lan, eta ez airean, «lehen egiten genuen moduan». Kontatu dutenez, hitzarmenenean jasota dago Aranzadik familiari txosten bat eman behar diola eta ofizialki jaso behar dutela aurkitutako eta gertatutako guztia.
Familiaz familia aritzen dira lanean, belaunaldiz belaunaldi, eta laugarren eskaileran daude orain: birbiloben belaunaldian. Aspaldikoa baita kontua: desagertuen seme-alabak gurasoen bila hasi zirenekoa. «Hasieran, desagertuen seme-alabek eskatzen zuten gorpuzkiak bila zitzatela, baina hil egin ziren, eta hurrengo belaunaldiari utzi zioten legatua. Orduan biloben belaunaldia etorri zen, eta haien berezitasuna zen ez zeukatela beren gurasoek adinako beldurrik, eta ausartago jarduten zutela eskatzeko eta ekiteko orduan». Hirugarren eskaileran ikuspuntua desberdina bazen, pentsa laugarrenean: «Sumatzen da urrunago daukatela historia, baina jakin-min handia dute», azaldu du Herrastik.
«Gorpuzki batzuk ezingo ditugu sekula lurpetik atera. Gerta daiteke, adibidez, gorpuzkien gainean errepidea egotea, eta gu ezin gara hasi hor zulorik egiten»
LOURDES HERRASTI Arkeologoa
Edonola ere, Etxeberriaren ustez, urruntasun hori ez da soilik familiaren kontua, baizik eta baita gizartearena ere. Iritzi dio memoria demokratikoa berreskuratzeko gogoa «oso zabalduta» dagoela gizartean, eta geroz eta gehiago ari dela gaia lantzen. «Orain musikariek, poetek, idazleek eta zinemagileek egiten dituzte haien sorkuntza lanak memoria historikoari buruz, eta hori ezingo genukeen imajinatu 2000. urtean». Gizartea ulerkorra dela uste dute, eta hori bertze abantaila bat dela. «Jendeak alarma egoera piztu du, eta sinetsi du gauzak kontatu egin behar dituela txikiak izanagatik ere».
Alabaina, azken urteetako kontua da hori, orain arte ez baitzuten jendearen berri, edo ez gaur egun adina, Herrastiren arabera. «Jendea kontzientzia hartzen hasi denetik datuak eman eta eman hasi zaigu, eta guk esaten diegu: ‘Nolaz ez zeniguten ezer esan duela sei urte?'». Badakite zergatik: ez zutelako uste informazio hori baliagarria izanen zitzaienik. «Kontzientzia soziala falta denean, norberak ez daki daukan informazioa zenbateraino izan daitekeen erabilgarria. Eta, alde horretatik, asko irabazi dugu azken urteetan».
Zulo iritsezinak
Bortzehun testigantza inguru dauzkate Herrastik eta Etxeberriak grabatuta, eta horietatik egiten dute tira txostenak idatzi ahal izateko. Jakin behar da, baina, beti ez dutela lortzen txostenik idazterik, hasieratik jakiten baitute eskatu zaien lana ezinezkoa dela gauzatzen. Herrasti: «Gorpuzki batzuk ezingo ditugu sekula lurpetik atera, ezin delako zulorik egin. Gerta daiteke, adibidez, gorpuzkien gainean errepidea egotea, eta gu ezin gara hasi hor zulorik egiten. Etzegarate mendatean [Gipuzkoa] badaude gorpuzkiak, baina ezingo ditugu inoiz atera. Eta horrelako asko daude». Berandu iritsi direla uste dute biek; are, uste dute hemendik aitzinera aurkituko dituzten gorpuzkiak lurpetik atera daitezkeen azkenak izanen direla.
Baina dena ez da lurpean gertatzen. Badaukate, bertze batzuen artean, lur gaineko kontu bat itxi gabe: 1980an poliziak torturatutako jendeari buruzko ikerketa bat egin zen, eta horren harira Donostiako Abokatuen Elkargoak bilera batera deitu zuen. «Bada, orain ez dago modurik jakiteko nor egon zen batzorde horren aurrean», kontatu du Etxeberriak. Badakite hogei lagun zirela, hogei torturatu, baina ez dakite nor. «Madrilgo Diputatuen Kongresuko artxibategian dauden zinta magnetofonikoetan grabatutako lekukotzak daude, baina ez daukagu hara sartzerik, ez digute uzten, eta orduan ez dakigu zer kontatu zuten torturatuek. Ez zer, ez nork».
«Uste dut ez garela kontziente gobernu berri batek zer ekar dezakeen. Lorpen sozial guztiak galduko dira, edo asko bai, behintzat»
PAKO ETXEBERRIA Arkeologoa
Informazio hori eskuratzeko modu bakarra batzordean izandako norbaitek hura eskatzea da. «Ahaleginak egiten dituzte memoria berreskuratzeko, baina, era berean, ez daukagu sarbide librerik. Auzitegietan ere gauza asko kontatu dira, eta apuntatu dira paperetan, baina ez dizkigute uzten, edo esaten digute ez dakitela non dauden orriak», segitu du.
Eta horrelaxe daude gauzak. Etorkizunari buruz galdetzean, baina, bekozko iluna paratu dute bi arkeologoek: «Inboluzio politikoa». Ez dira ari memoriaz soilik, ez dira ari demokraziaz, baizik eta gizarteari datorkion guztiaz. «Uste dut ez garela kontziente gobernu berri batek zer ekar dezakeen. Lorpen sozial guztiak galduko dira, edo asko bai, behintzat. Eskuinak gora eginez gero baliteke baimen, babes eta laguntza oro moztea, eta, hortaz, gure lana desegitea. Memoria desegitea».
Baina beti bada esperantza txiki bat, eta itxaropen izpi horrek NBE Nazio Batuen Erakundera begira jarri ditu Herrasti eta Etxeberria. Izan ere, biek esplikatu dutenez, NBEk kontzientzia hartu du gaiaz, eta maiz galdetzen dio Espainiako Gobernuari aurrerapausorik eman ote duten. «Nazio Batuen Erakundeak galdetzea ez da guk galdetzea bezalakoa; pisua dauka, eta kasu egin behar zaio». Bien bitartean, «egiten dugun lanean sinestea eta aurrera jarraitzea» bertzerik ez zaie gelditzen.