Nola eragotzi arrain txikiak sarean sartzea, pribatutasunak ihes egin gabe

Aurki, Euskal Herriko haur eta nerabeek debekatua izanen dute sare sozialetan ibiltzea, Madrilek eta Parisek iragarritakoaren arabera. Neurriak, baina, zalantza ugari piztu ditu, askok uste baitute kolokan jar dezakeela pribatutasuna.

Gazte bat sakelako telefonoa erabiltzen. GUILLAUME FAUVEAU
Gazte bat sakelako telefonoa erabiltzen. GUILLAUME FAUVEAU
Ion Orzaiz.
2026ko otsailaren 5a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urratsa ia aldi berean egin dute Frantziako eta Espainiako gobernuek: haur eta nerabeei debekatu eginen diete sare sozialak erabiltzea, eta erabakiak eragina izanen du Euskal Herrian ere. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, esaterako, irailerako ezarri nahi dute debekua. Frantziako Asanbleak ontzat eman du lege proiektua, eta Senatuan eztabaidatu beharko dute orain. Pauso hori emanda, 15 urtetik beherako haurrek ezinen dute sare sozialetako kontu bat ireki.

Hegoaldean, berriz, 16 urtetik beherakoei eraginen die neurriak. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak jada iragarri du asmo osoa duela plataforma digitalei hesia jartzeko, eta Espainiako Gobernua datorren astean onartzekoa da hark aurkeztutako neurriak. Haurrei sare sozialetarako sarbidea debekatzeaz gainera, delitu gisa jasoko dituzte algoritmoak manipulatzea eta legez kanpoko edukiak zabaltzea, eta, plataforma digitaletatik legez kanpoko edo gorroto delitutzat jotako edukiak ezabatu ezean, erantzuleak plataforma horien jabeak izanen dira.

Madril eta Paris ez dira auziari heldu dioten bakarrak: azkenaldian, antzeko neurriak eztabaidatzen ari dira Danimarkan, Erresuma Batuan, Grezian, Norvegian eta Portugalen. Australiako Gobernuak iragan abenduan onartu zuen antzeko debeku bat, eta, horri segika, milioika konturi giltzarrapoa jarri die Instagram, Tiktok eta X sare sozialetan.

Izan ere, haurrei sare sozialetarako sarbidea ukatzearena ez da eztabaida berria. Hezkuntzaren, pedagogiaren eta psikologiaren alorretako adituek behin baino gehiagotan ohartarazi dute plataforma digitaletako eduki eta mezu ugari  —indarkeriazkoak, pornografikoak, gorrotoa edo jazarpena eragiten dutenak...— bereziki kaltegarriak direla adingabeentzat, eta batzuk delitu ere badirela. Sare sozialetan adina ziurtatzeko sistemak ezartzeko beharrak, baina, bestelako kezkak eta zalantzak piztu ditu: nola bermatuko dute erabiltzaile guztiak 15 edo 16 urtetik gorakoak direla? Noren bizkar geratuko da segurtasun neurri horiek inplementatzea: administrazioen ala enpresen bizkar? Egonen al da modurik neurri horiei izkin egiteko? Eta, batez ere, erabiltzaileek datu pribatu gehiago eman beharko dituzte trukean?

«Debekua ontzat eman edo ez, gakoa da nola ezarriko duten», esan du Jorge Campanillas abokatuak. Teknologiaren zuzenbidean aditua da, eta uste du, funtsean, «positiboa» dela sare sozialen erabilera arautu nahi izatea: «Kontu honek gainezka egin digu. Adingabeek sare sozialak nola erabiltzen dituzten, orain arte gizartearen eta familien esku utzi dugu hori guztia zaintzea, eta desastre hutsa izan da; batez ere, ikusita nola jokatu duten enpresa teknologikoetako magnate eta oligarka handiek».

Egiaztagiri digitalak

Sare sozialetan kontu bat sortzeko egiaztagiri digital bat egin beharra, horra mahai gainean jarri den lehen proposamena. Duela urte batzuk, antzeko proposamen bat planteatu zen Hego Euskal Herrian, besteak beste, webgune pornografikoetan sartzeko baldintza gisa. Campanillasen esanetan, hori izan daiteke Europako estatuek har ditzaketen bideetako bat: «Aspalditik indarrean dira nortasun agiri elektronikoa edo horren gisakoak, baina ez dira erabilerrazak, eta ez dut uste aukera erreal bat direnik kasu jakin honetarako. Alta, eraginkorragoa izan daiteke Europan aztertzen ari diren identifikazio digitalerako proiektu pilotua».

EUDI Wallet izeneko proiektuaz ari da, Europako Batasuneko Nortasun Digitalaren ziurtagiriaz. Bruselak 2024/1183 araudian hezurmamitu zuen, eta, 2026tik aurrera, ziurtagiri hori bide nagusia izanen da aplikazioetan, webguneetan eta sareetan erabiltzaileek izena eman edo datu pribatuak parteka ditzaten —adina, titulazioak, baimenak—. Europako herrialde bakoitzak bere sistema garatu behar du, horretan oinarrituta. «Wallet horrek ez dizkie zure datu guztiak emanen webguneei eta aplikazioei; horren ordez, web bakoitzak eskatzen duen kredentziala soilik helaraziko dio. Adibidez, web edo app batean 14 urtetik gorakoak soilik sartzen ahal badira, wallet digitalak ziurtagiri hori emanen dio soilik, datu gehiago zabaldu gabe», esplikatu du Campanillasek.

Hala ere, gisa horretako neurriek eskaintzen ahal duten bermea zalantzan jarri du abokatuak, «aintzat hartuta aspalditik ditugula VPNak eta bestelako saihesbideak, halako sistemei izkin egiteko».

Datu biometrikoak

Campanillas are kritikoago agertu da aurpegia, begiko irisa, hatz markak edo bestelako datu biometrikoak eskatzeko aukerarekin. «Konpondu beharrean, arazoa areagotuko luke horrek», esan du, eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako egoera jo du horren adibidetzat: «Multinazionalek inongo trabarik gabe eman dizkiote datuak gobernuari, besteak beste, immigrazioari lotutako gaietarako. Horrek zer pentsatua eman beharko liguke. Ez dut uste konponbide ona denik sare sozialei are informazio gehiago ematea».

Arazoa, funtsean, «urteetako utzikeriaren ondorio» dela uste du adituak: «Estatuek eta gobernuek ez ikusiarena egin dute, eta orain jabetu dira arazoaren larriaz. Lehendik ere, datuak babesteko araudiek debekatu egiten zuten 14 urtetik beherakoek halako sareetan edo aplikazioetan sartzeko onespena ematea, eta multinazionalek ez dute ia ezer egin hori betetzeko».

Campanillasen irudiko, enpresa teknologikoei «muga eta arau argiak» jarri behar zaizkie, eta horiek betetzera behartu. Eta sare sozialei ez ezik, Whatsappen edo Telegramen gisako mezularitza zerbitzuei ere erreparatzeko galdegin du: «Askotan, oharkabean pasatzen zaizkigu horiek, baina adingabe askok erabiltzen dituzte, eta arrisku bertsuak dituzte, besteak beste, bullying-a pairatzeko». Horretarako, baina, Europak «batera» jardun beharko lukeela gaineratu du abokatuak: «Herrialde bakoitzak sistema eta jardunbide propioak ezartzen baditu, enpresek errazago eginen diete izkin; Europak aho batez hitz eginez gero, ordea, agian behartuago ikusiko lukete beren burua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.