Eskolako irakats-hizkuntza konprenitzea ezinbestekoa da ikasketetarako, arlo akademikorako, baina baita garapen sozialetarako ere, gainerako ikaskideekin eta irakasleekin harremanak izateko. Ulertzeko, adierazteko. Hain zuzen, gai hori izan dute hizpide gaur goizean Donostian, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroetako batean: Hezkuntza arrakasta eta inklusiorako gakoak: eskola hizkuntzaren garapenerako ebidentziak eta tresnak. Bertan, hitzaldi bana eman dute, besteak beste, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta Josune Zabala Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren zuzendariak.
2023an onartu zuten EAEko Hezkuntza Legea, eta hortxe du sorburua Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuak; institutu hori sortzea jaso zuten, baita hizkuntzen irakaskuntzarako beste zenbait neurri ere: DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerako ikasleek B2 maila lortu beharko zutela euskaraz eta gazteleraz, eta B1 maila ingelesez; ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua ondu beharko zuela...
Iparra ezarrita dago. Baina badago zereginik. Hasteko, Zabalak egungo egoeraren argazkia egin du. Azaldu duenez, D eredua zabalduta dago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta euskaldun kopurua «ikaragarri» handitu da 80ko hamarkadan EAEko Euskararen Legea onartu zutenetik; alabaina, gaur egun «konplexutasun handi bat» dagoela dio, esaterako ikasgeletara jatorri askotako ikasleak iristen direlako eta «euskaldun desberdinak» daudelako: euskaraz ondo ulertzeko eta hitz egiteko gai direnak, euskara egunerokoan erabiltzen dutenak, euskara ulertzeko gauza soilik direnak... Ikastetxetik ikastetxera ere badago aldea. Zabalak emandako datuen arabera, gutxi gorabehera eskolen erdiek dute hizkuntza proiektua, eta hori «garatzen» dute, ikastetxeko «errealitatea» aztertuta daukate, normalizazioari eta hizkuntzen didaktikari lotutako erabakiak hartuta dauzkate... Eta eskolen %42k «onesten» dute eta «ardatz» dute euskal kultura —gainontzeko kulturekin harremanetan— erdigunean jartzea eta «euskaran oinarrituz eleaniztasuna kudeatzea», eta ildo horretan prestatzen dituzte irakasleak.
Irakasleei beren-beregi erreparatu die Zabalak. Aitortu du euskararekiko atxikimendua eta haren erabilera aldatu egin dela azken hamar edo hogei urteetan: «Atxikimendu mota desberdineko irakasleak ditugu, eta zenbaitetan badago gelan gaztelania erabiltzeko ohitura D ereduan». Halaber, irakasleen euskal kulturaren «errepertorioa» ere lehengo irakasleena baino murritzagoa da: «Bada erronka bat irakasleen euskal kulturaren gaineko errepertorioa hazteko, ulertzen dugulako hizkuntzaren irakaskuntza ez direla bakarrik kodea, testuak... baizik eta kultura baten barnean kokatzen den hizkuntza bat irakasten gabiltzala».
«Atxikimendu mota desberdineko irakasleak ditugu, eta zenbaitetan badago gelan gaztelania erabiltzeko ohitura D ereduan»
JOSUNE ZABALAEuskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuko zuzendaria
Horiek horrela, orain dela bost hilabete sortu zuten Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua, eta zenbait erronka eta egiteko ditu ezarriak: ikastetxeetako hizkuntza proiektuak garatzea eta martxan jartzea —hizkuntza proiektuak garatzeko dekretu berria egingo du institutuak—, hizkuntza errefortzurako Eusle programaz arduratzea, irakasleen prestakuntza antolatzea —irakasleen «hizkuntza gaitasuna» landu asmo dute, baina baita «hizkuntza jarrerak» ere—, ikerketa, materialgintza...
Hizkuntza, arrakastarako gakoa
Zabalak ez ezik, Pedrosak ere eman du hitzaldia. Nabarmendu du eskola hizkuntzaren garapena dela hezkuntza arrakastaren eta «ekitatearen» oinarria. Eta ziurtatu du horretarako lanean ari direla: Euskararen eta Hizkuntzen Irakaskuntzarako Institutua sortu dutela, ikastetxeen eta unibertsitatearen arteko lankidetza «lehentasunezkoa» dela...