Koronabirusa

Nola itzuli bizitza lehengora

Atzotik, Nafarroan bertan behera dira COVID-19aren aurkako neurriak. Errealitate berrira egokitzen hasiak dira ostalaritzako, aisialdiko eta osasungintzako langileak.

Izurriaren aurreko itxura berreskuratzen hasiak dira ostatuak. Irudian, jendea barran kontsumitzen, Iruñeko Alde Zaharreko taberna batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz - Uxue Rey Gorraiz
Iruñea
2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Erori ostean, altxatu. Eta bideari ekin, berriro ere. Urte eta erdiko etenaldi luze baten ostean, altxatzen hasi eta, pixkanaka, lehen urratsak egiten hasia da Nafarroa. Urrats geldo eta zalantzatiak. Baina urratsak. COVID-19aren kontrako murrizketarik gabeko garaia hasi zuen herrialdeak atzo, Nafarroako Gobernuak ordutegiak eta jende bilkurak mugatzen zituen arau oro indargabetu ostean.

Gaueko giroan nabaritu zen murrizketen arintzea, batez ere; tabernetan nahiz dantzalekuetan. Baita eguerdian terrazetara bildu zen jende kopuruan eta, aspaldiko partez, kafea edo pintxoa barran bermatuta hartu ahal izan zutenen presentzian ere. Ostalaritzako langileak hilabeteak eman dituzte lokalen barrenean sar litekeen jendea kontrolatzeko ahaleginetan, eta ohi baino lehenago hetsi dituzte ateak. Atzotik, arau horiek ez dira traba.

«Urte gogorra izan da, hilabete bereziki latzak ostalariontzat. Pozik hartu dugu albistea», azaldu zuen Iruñeko Txantrea auzoko Avenida tabernako Asier Olmedok, murrizketarik gabeko lehen orduetan. Nabarmendu zuenez, arinduaren eragin positiboa ez da mugatuko irabazi ekonomikoetara soilik: «lasaiago» lan egiteko ere balio izan die aldaketak. «Etengabe ibili behar izaten genuen jendea zenbatzen, mahai bakoitzean eserita zen jende kopurua kontatzen, bezeroei ahalegina egin zezatela eskatzen. Gehienek ongi jokatzen zuten, baina nekagarria izan da», adierazi zuen.

Kontzertu aretoetako arduradunek ere «pozarren» hartu dute neurri murriztaileen akabera. Atarrabiako Totem aretoko arduradun Iker Isiegasek uste du atzokoa «egoera bidegabe bat konpontzeko» urratsa izan dela: «Jendea nahiko lasai zebilen kalean, baina kontzertuak eserita eta edukiera mugatuarekin ikusi behar zituzten; zorionez, amaitu da hori». Sinetsita dago egoerak hobetzera joko duela datozen aste eta hilabeteetan, baina beldur da beranduegi ez ote den enpresa askorentzat, izurrialdiak eragindako odolustea sendatzeko: «Kontzertu aretoak oso egoera prekarioan atera gara ataka honetatik; arnasestuka iritsi gara honaino, ixteko mehatxuari izkin eginez». Horregatik, diru laguntzak galdegin dizkio Nafarroako Gobernuari: «Laguntzak behar ditugu enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak bertan behera uzteko, gastuei aurre egiteko... Lotsagarria da orain arte zentimorikeman ez izana».

Etorkizun hurbilari begira, Isiegasek ez du aldaketa nabarmenik espero: «Zalantzak ditugu kontzertuekin. Ez dakigu jendeak nola erantzunen duen. Gazteak bai, horiek itzuliko dira aretoetara, baina gainerakoen kasuan, ikusteko dago». Zaila izanen da, halaber, aurretik antolatutako ekitaldiak araudi berrira egokitzea: «Egunotan baditugu kontzertu batzuk, baina salduak ditugu 200 sarrera, aurreko dekretuak ezarritako gehienezko edukierak aintzat hartuta. Horrek ez du konponbiderik jada. Saiatuko gara datozen hilabeteetakoak moldatzen».

Zinema aretoetan, aldiz, bizpahiru aste daramatzate «joera aldaketa bat» nabaritzen: «Azken asteak nahiko onak izan dira; pelikula erakargarriagoak hasi zaizkigu iristen, eta ikusleak animatu dira», azaldu du Golem enpresako buru Carlos San Julianek. Hala ere, «lasaitu ederra» hartu zuten, Maria Txibite lehendakariak neurrien etetea iragarri zuenean: «Sentsazioa dugu helmugara iritsi garela, amesgaiztoa bukatu dela». Gogoan ditu, bereziki, izurrialdiaren lehen hilabeteak: «2020ko martxoan itxi genituen aretoak, ustez, bi asterako, baina hiru hilabete izan ziren, eta ondoren ere oso konplikatua izan da, ez genuelako pelikularik eskaintzeko». Urte eta erdian lehen aldiz, ordea, «itxaropenez» begiratzen dio etorkizunari.

Lehen arretan, berdin

Osasun sarean, azkenik, «aurrez aurreko arreta» berreskuratzeko asmoa agertu zuen Txibite lehendakariak. Osasun etxeetan, baina, ez dute alde handirik nabaritu: «Lanez gainezka gabiltza aspalditik», azaldu du Maite Aiarra medikuak. Uharteko Osasun Etxean egiten du lan, eta baliabide gehiago eskatu ditu Lehen Arretarentzat: «Eztanda eginen du honek».

Neurri guztiak kentzeko erabakia «azkarregi» hartu dela uste du: «Udazkenean sartu gara, aurki helduko zaizkigu arnas aparatuko ohiko infekzioak, eta ez dizkigute protokolo berriak igorri, ez dakigu zer egin beharko dugun kasu horiekin». Horregatik, «zalantzati» begiratzen dio etorkizunari, sailen arteko «koordinazioa» falta dela sinetsita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.