Lurralde antolaketa. 1997ko zuzentarauen aldaketa

Nola marraztu herrialdea?

Gobernu aldaketak kolokan utzi du EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak aldatzeko prozesua, eta herrialde ereduari buruzko eztabaida berpiztu du.

Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko azaroaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak berritzeko egitasmoak Patxi Lopezen agintaldiaren bukaerarekin batera desager daitezke. Ingurumen, Lurralde Antolaketa, Nekazaritza eta Arratza Sailak aurreko gobernutik oinordetu arren, legegintzaldian zuen apustu handienetako bat hutsean geratzear dago, hain zuzen ere. Duela hamabost urte marraztu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bilakaeraren gidalerroak, eta PilarUnzalu sailburuaren begiradapean berritu nahi izan zituzten. Ordea, legegintzaldiaren bukaerak hori baldintzatu dezake.

Lurralde batek izan nahi duena egikaritzeko tresnak dira LAG direlakoak, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak. Zuzentarau horietan herrialde edo lurralde baten eredu ekonomiko, ekologiko eta soziala adostu ondoren, tresna horrek zehazten du nola erabili behar diren lurrak herrialde eredu hori gauzatzeko. Espazioa nola antolatzen den, hain zuzen ere: hirien garapena, garraioa, energia politikak, ingurumenaren zaintza eta babesa, proiektu handien garapena, ondare historiko eta kulturala...

1997. urtetik, EAErako lehen gidalerroak onartu zirenetik, gure inguruan egon diren aldaketak LAGetan islatu behar zirela arrazoitu zuen Eusko Jaurlaritzak. Ekonomia, ingurumena, energia politikak... Asko aldatu da mundua, eta horri aurre egiteko erkidego «trinkoagoa» proposatu zuen Unzaluk, baina 1997. urteko gidalerroen garapen eredua aldatu gabe. Ordea, beste hainbatek garapen eredua aldatu eta 1997koak eragin dituen desorekak zuzentzeko aukera aldarrikatu zuten, baita gogoeta sakona eskatu ere bideari ekiteko. Ordea, zer hartu kontuan?

1. 1997koaren azterketa

Testuinguru horren harira, EHUko Geografia, Aurrehistoria eta Arkeologiako Departamentuak mahai inguru bat egin zuen Gasteizen, gaia aztertzeko, eta hainbat adituk gaiari heldu zioten, eta, kritiketan murgildu aurretik, EAEko Lurralde Antolaketarako Gidalerroak onartzeko prozesuak izan zituen alde onak aipatu zituzten.

Peio Urkidi Ibaetako Irakasle Eskolako zuzendari eta geografoak hasiera bateko egitasmoek hasitako bidea nabarmendu du. «Lurralde antolaketa mahai gainean jarri, hizkuntza bateratu, eta zenbait gauzatan pentsatzen lagundu digute». Ordea, Eusko Jaurlaritzak LAG horiek berrikusteko prozesuari «ausardia» handiagoa eskatu dio: «Gehiago busti beharko litzateke, eta aurretik egindako lanaren ebaluazio sakon bat egin beharko luke», nabarmendu du. «Hiriburuak elkarren artean oso lotuta daudela diote LAGen berrikuspenak egiterakoan, nukleo askotako euskal sistemaz hitz egiten dute, baina ez dute hori berresteko daturik ematen».

Peio Lozano EHUko Lurralde Antolaketako irakasleak ere hasiera bateko eragin positiboa aitortu die 1997ko LAGei. «Alor batzuetan gertatzen ari ziren jokabide txarrak moztu ziren, batez ere herri eta hirien eremuan». Horrez gain, gai horri buruzko nolabaiteko kultura ezartzeko balio izan duela gaineratu du, baita diziplina ezartzeko ere, azken hori guztiz positiboa den edo ez argi ez duela azaldu arren. Ordea, balorazioak balorazio, gaur egungo testuinguruan LAGen aldaketa egin behar dela gaineratu du.

Raoul Servert Araudi aholkularitzako Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak irakurketa ezkorragoa egiten du. Servertek gogorarazi du hasiera batean oinarrizko bi helburu finkatu zirela. Lehen xedea lurralde eredu bat finkatzea zen, hirigintza, ingurumen eta azpiegiturak garatzeko; bigarrena, eraldaketa ekonomiko eta soziala ahalbidetuko zuen eredua proposatzea. «Gehienez, bigarren puntua lortu da». Horregatik,LAGen berrikusketa eginez gero, «ikuspuntua» aldatzeko eskatu du.

2. Oinarria, adostuta

LAGen erabilgarritasuna funtsezko adostasunekin lotu dute mahai inguruko guztiek. Hau da, oinarri-oinarrizko ideiak bildu behar dituztela, eta ideia horien arabera antolatu gainontzeko neurriak. «Agian, gutxienekoak guztion artean adostu beharko ditugu». Ildo horretan orain arte gertatu diren zenbait jokabide ezegoki mahai gainean jarri dituzte; Pasaiako portuarekin gertatutakoa, adibidez.

Urkidik harridura agertu du gai hori aurrera eramateko moduari buruz. Hain zuzen ere, Lurralde Antolaketarako Gidalerroak, hierarkian gorago dagoen araudiak, aukera ematen dio beherago dagoen Donostialdeko Lurralde Plan Partzialari horri buruz erabakitzeko. «LAGetan, adibidez, agertu beharko litzateke autonomia erkidego gisa zer pentsatzen dudan portu sistemari buruz, eta horren araberako erabakiak hartu».

Ordea, gauzak horrela izan daitezen, funtsezko gai bat bete beharko litzateke. Servertek azaldu du ez dela egon «ur-jauziaren moduko planifikazio koherentea»; hau da, goitik behera hedatuz doan planifikazioa. Hori dela eta, LAGak berrituko balira hierarkiari benetan duen balioa eman behar zaiola uste dute guztiek.

3. Arauen hierarkia

Lurralde antolaketa egokia egiteko arauen arteko hierarkiaren garrantziaz ohartarazi dute gehienek. EAEko hierarkia horren goialdean 1990. urteko Lurraldea Antolatzeko Legea dago, non Lurralde Antolaketarako Europako Gutunaren pasarte batzuk zuzenean kopiatu baitzituzten. Ordea, Alberto Frias Lurrako kide eta LAGetan adituak gogorarazi du ez zela legea garatzeko araudirik onartu. Hori egiteko ardura LAG-ena izango zen.

Zazpi urte eman zituzten legea onartu zenetik LAG direlakoak onartu ziren arte —1997. urtean—. Dena den, aurreikusi bezala, ez zitzaien bete beharreko baldintzarik ezarri, puntu gutxi batzuk izan ezik: etxebizitzaren alor batzuk, lurrazaleko uren tratamendua... Gainontzeko irizpideak, aholkuak eta «erreferentzia puntuak» baino ez zituzten zehazten. Lurralde Plan Partzialean ere ez zen araudirik ezarri, eta, azkenean, Friasek kritikatu du araudi horrek guztiak, egitasmoei mugak ezarri beharrean, egitasmoek ezarri zituztela arauak azkenean: Pasaiako portua, abiadura handiko trena, zentral eolikoak...

Lozanok ere nabarmendu du ez dela 1990eko legean ezarritako hierarkia bete. Hori dela eta, LAGen berrikusketa eginez gero, EAEko Lurralde Antolaketa Legeak agindutakoa bete beharko litzatekeela dio. «Gidalerroak Lurralde Plan Partzialen eta Arlokako Lurralde Planen gainetik daude, eta udalerrietako planifikazioa ere baldintzatu behar dute»

4. Bete beharrekoak

Iñaki Lasagabaster Administrazio Zuzenbideko katedradunak argi hitz egin du LAGak ezartzeko egindako ahaleginei buruz: «Ondo sal daitekeen arrazoibide bat justifikatzen duten hitz politak dira, baina benetan ezartzeko asmorik ez dutenak». Ildo horretan, LAGen sorreraren unera jo dute aditu guztiek, lehen zirriborroetan bete beharrekoak ziren neurri asko baitzeuden. Bete beharrekoa zena letra etzanarekin zegoela gogorarazi zuten, baina, zirriborroa findu ahala, letra etzana testutik desagertuz joan zen, azken testura heldu arte.

Prozesu hori gertutik ezagutu izan zuen Friasek. Lehen txostenetik behin-behinean onartu zenera arteko aldea ikusita, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian helegitea jarri zuen, eta txosten batetik bestera egondako aldaketak frogatu zituen. Auzitegiak arrazoi eman zion, baina, ebazpenak abian zeuden obra guztiak bertan behera uztea suposatzen zuenez, ebazpena betearazteko kauzio bat eskatu zion; «ordainezina» zen dirutza. Horrenbestez, LAGak onartu ziren, baina jatorrian izan zuten bete beharreko neurrien ehuneko txiki batekin.

5. Azpiegitura handiak

Friasek azaldu bezala, araudiaren barruko ustezko hierarkiaren arazoak, neurri handi batean, egitasmoak gidalerroen gainetik lehenetsi direlako datoz. Azken urtetan luze eztabaidatua izan den Energia Eolikoaren Arloko Lurralde Plana adibidetzat erabili dute hainbat adituk. Friasek gogorarazi du Energiaren Lurralde Arloko Plana onartu beharrean energia eolikora mugatutako bat onartu zela asmoa jakina zelako. «Herrialdeak behar zuen energiaren garapena zehaztu beharrean haize errotak egin nahi zituzten».

Abiadura handiko trena, Pasaiako portua, Eibar-Gasteiz autobidea... Egitasmo horien guztien atzean 1997ko LAGen atzean sumatu daitekeen irizpide nagusi bat islatzen dela uste du Servertek. «Garapenerako estrategiak herritarren aktibitate ekonomikoak sustatzera zeudela islatzen da LAGetan».

6. Ingurumena

Jardun ekonomikoa sustatzeko helburu horrekin batera, hiriei eman zaien garrantzia nabarmendu du Servertek, landa eremuaren aurrean. Lurralde antolamendurako nolabaiteko irizpideak zehaztu arren, aurretik ere egindako banaketa sakondu egin dela azpimarratu du. «Ez da kasualitatea oraindik onartuta ez egotea Nekazaritza eta Basozaintza Arloko Lurralde Plana, ezta Ondare Kulturalarena ere».

Jardun ekonomikoak pilatzeko helburua aldatu, eta «bizitza baldintzatzen duten baliabideak» mantentzeko lehentasuna ezartzearen alde agertu da Servert: ura, airea, kultura, ondarea... «Baliabide horiek oinarria izan beharko lirateke, baita jardun ekonomikoen muga izan ere». Hirugarren sektorea eta bertako lurrak defendatzeko beharra azpimarratu dute EHUko mahaian parte hartu duten guztiek, etorkizuneko tresna bezala.

7. Instituzioen oreka

Aurrera begira LAGetan zuzendu beharreko akatsen artean instituzioen arteko harremanak aipatu dituzte gehienek; hau da, zeinek egiten duen zer, zeinek hartu behar du ordaintzeko ardura, nondik ateratzen da diru hori, nola koordinatu lanak...

Hiru foru aldundiek planak zehazterakoan pisu handiagoa izan dezaten, diputazio bakoitzak dagokion lurraldeari buruzko plan bat egiteko proposatu du Urkidik, instituzioen parte hartzea sustatzeko.

8. Proposamen berria?

LAGak aldatzeko egitasmoak aurten jaso behar zuen behin betiko bultzada: martxoan proposamen horren hasierako onarpena egin, ekainera arte alegazioak jaso, eta baloratu... Ordea, hauteskundeak aurreratu ondoren, eta gobernu aldaketaren aurrean, prozesua gelditu dute, baina guztiz baztertuta ez daudela nabarmendu dute. «Lurralde Antolaketarako Gidalerroek mahai gainean jarraitzen dute, baina gauzak dauden bezala uztea erabaki dugu», azaldu du Ignacio Atxukarro Lurralde Antolaketarako sailburuordeak.

Ildo horretan, hurrengo gobernuak orain arteko prozesuarekin jarraitzeko aukera duela aurreratu du. Hau da, PSE-EEk landutako testua Lurralde Antolaketarako Batzordera eta beste zenbait erakundetara eraman, behin-behinean onartu, eta behin betiko onarpena egin arteko izapideak egin. Hurrengo Eusko Jaurlaritzak erabaki beharko du hori, eta EAJren jarrera ez da argiegia zentzu horretan. LAGak berritzeko prozesua kritikatu arren, aurreko eredua Jose Antonio Ardanzaren agintaritzapean onartu zen, eta PSE-EEk proposatutako berrikuntza eredu horren ildotik doaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.