Trafikoa. Autobideetako eta autobietako abiadura muga

Non jarri behar da muga?

Espainiako Barne ministro Fernandez Diazek abiadura muga aztertzeko aukera jarri du mahai gainean, orduko 110 kilometroko abiada ezarri eta urte batera.

Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Zunda baloia, eztabaida ziklikoa... Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak autobideetako eta autobietako gehienezko abiadura muga aztertzeko aukera jarri zuen mahai gainean apirilaren hasieran. Hilabete bakar bat geroago gaineratu zuen eztabaida hori ez zegoela gobernuaren «lehentasunen» artean. Ordea, ordurako eztabaida piztuta zegoen, eta auto gidarien elkarteek eta errepidetako istripuen aurkako elkarteek haien argudioak zorroztu dituzte harrezkero.

Alde guztiek onartu dute autobide eta autobietako abiadura mugaren eztabaida ziklikoa dela, baina osagai posible berri bat aipatu du Luis Murgia RAC Hego Euskal Herriko Automobil Klubeko aholkulariak. «Oraingoan, autobideak kudeatzen dituzten enpresen presioa egon daiteke atzean, erabiltzaileen jaitsiera ikusirik beste zerbait eskaini ahal izateko». Hain zuzen ere, gero eta gehiago dira autobideen ondotik doazen errepideak erabiltzen dituztenak, bidesaria ez ordaintzeagatik.

Arrazoiak arrazoi, errepideetako gehienezko abiadurei buruzko eztabaidetan, ohiko puntuak daude mahai gainean, eta lehena istripuen gorakadaren beldurra da. Fernandez Diezen ustez, abiadura handitzeak ez luke istripu gehiago ekarriko. Adierazi du lau istriputatik bat bigarren errepide sarean gertatzen dela, eta abiadura muga handitzeak ez lukeela «horrenbesteko» eragina izango.

«Kontraesanak»

Montserrat Domenechek, PAT-APAT zirkulazio istripuei aurrea hartzeko eta istripuen biktimen elkarteko presidenteak ez du gustuko abiadurari buruzko eztabaida. «Nolabaiteko eragina du gidariengan, eta zuhurtasun mezuak ezbaian jartzen ditu». Hau da, eztabaida berpiztea «kontraesangarria» dela nabarmendu du, nahiz eta onartu zilegi diren hainbat puntu daudela eztabaidaren oinarrian. Abiadurari «benetan» duen garrantzia ematearen alde egin du Domenechek, eta gaineratu du segurtasuna lehenetsi behar dela zirkulazioari buruz hitz egitean.

«Hasieratik zehaztu behar dugu zein den onartuko dugun gehienezko abiadura; izan ere, horren arabera, istripu eta biktima kopuru jakin bat onartzen ari gara». Domenechek gogorarazi du alde guztiak ados daudela helburuarekin: auto istripuak eta horiek eragiten dituzten zauritu eta hildakoak amaitzea. Azaldu du abiadura eta istripu kopurua zein horien larritasuna hertsiki lotuta daudela. «Batez besteko abiadura %1 igotzen denean, istripuak %4igotzen dira».

Errepideetan istripurik ez gertatzea oso zaila dela onartu arren, «etikoki» helburu hori finkatu behar dela azaldu du. Gogorarazi du azken urteetan istripu kopurua gutxitzea lortu dela, eta gaineratu du bide horretan trabak baino ez dituela jartzen abiadurari buruzko eztabaidak.

Muga aldakorrak

Auto gidarien elkarteek ere ez dute guztiz bat egiten autobideetako eta autobietako gehienezko abiadura handitzeko ideiarekin. Ez, behintzat, errepide guztietan abiadura muga guztiak modu berean igotzearekin. «Abiadura sinesgarriak eskatu ditugu, benetako egoeretara egokitzeko», azaldu du Mario Arnaldok, Europako Auto Gidarien elkarteko presidenteak. Hau da, errepidearen eta baldintzen araberako mugak ezartzeko eskatu du Arnaldok. «Abiadura muga orokorrak kontrola errazteko asmatu ziren, baina ez zirkulazioko segurtasuna handitzeko».

Arnaldok nabarmendu du abiadura muga orokorrak bukatu beharko liratekeela. «Ez dugu nahi orduko 140 kilometroko abiadura muga errepide guztietan, ezta 110ekoa ere». Gogorarazi du muga hori zehazteko aintzat hartu behar direla eragile asko. Alde batetik, gogorarazi du kontuan hartu behar dela errepidearen kalitatea. «Despeñaperrosko autobian [Jaen, Espainia] ezin zara joan orduko 120 kilometroko abiaduran, arriskutsua baita». Bestetik, gaineratu du eguraldia eta eguneko ordua ere kontuan hartu beharko liratekeela. Hau da, egun eguzkitsu batean eta gau euritsu batean gehienezko abiadura mugek ezberdinak izan beharko luketela defendatu du Arnaldok.

Iritzi bertsua du Luis Murgiak. «Ezin da konparatu Behobia eta Bilbo arteko autobidea Zaragozakoarekin». Errepidearen eta baldintzen araberako abiadura muga ezartzearen aldeko irizpidea izan arren, Murgiak uste du muga oro har apur bat handitu daitekeela. «140ra handitzea erokeria bat da, baina 120 baino gehiago izan daiteke».

Autoen Europako Komisariotzak ere mota horretako aldaketa eskertuko luke, betiere errepidearen baldintza egokiekin. «Autoak asko aldatu dira azken urteetan, baita errepideak ere, eta abiadura mugak egokitu egin behar direla uste dugu», adierazi du Autoen Europako Komisariotzako prentsa bulegoak.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Stop Istripuak elkarteko ordezkari Rosa Maria Trinidaden ustez, gizartea ez dago prest abiadura muga aldakorrak errespetatzeko. Uste du lehenik eta behin gizarteak kontzientzia hartu beharko lukeela, baina gaur egun pauso hori ezin dela eman.

Kontzientziazio hori lortzeko, bi ildotako lana proposatu du. Alde batetik, ikastetxeetan egiten den lanaz gain, gizarteko sektore guztietara bideratutako kanpainak eskatu ditu. Bestetik, legedia gogortzearen alde agertu da. «Errepide indarkeriaren ondorioz jendea hiltzen denean, legeak gogorragoa izan beharko luke; oso merke ateratzen da errepidean pertsona bat hiltzea». Hain zuzen ere, salatu du kontzientzia hartzeko prest ez dauden gidariak egongo direla legeak aldatzen ez diren bitartean.

Kostu ekonomikoa

Fernandez Diazek eztabaida mahai gainean jarri arren, Arnaldok ez du uste inolako erabakirik hartuko duenik epe laburrean. Errepideetako abiadura mugak aldatzeak kostu ekonomiko handiegia ekarriko lukeela azaldu du. Hain zuzen ere, abiadura muga handituz gero, autobide eta autobietako bide seinale bertikalak aldatu beharko lituzke Espainiako Gobernuak. «Itsasgarri bat jartzearekin ez da nahikoa; abiadura handitu ahala, ikuseremua murrizten da, eta bide seinale handiagoak jarri behar dira».

Arnaldoren ustez, Barne Ministerioa ez dago aldaketa horri aurre egiteko moduan, horren aurretik 2010eko maiatzean Espainiako Zirkulazio Legearen beste aldaketa batzuk egin beharko lituzke eta. «65 urtetik gorako gidariak ugaritzearen ondorioz, seinale guztiak handitzeko beharra ezarri zen, baina hori ere ez dute bete». Horrez gain, abiadura aldakorra ezarri nahi izanez gero. errepideko informazio panel gehiago jarri beharko lituzkete, baita kontrola ahalbidetzeko tresna berriak ere.

Ekonomiak ez du zerikusirik abiadura mugen eztabaida sakonari eta berrikusketari ez heltzeko arrazoiarekin, Luis Murgiaren esanetan. Hego Euskal Herriko RACeko aholkulariaren ustez, lotura handiagoa da nazioartean dagoen irizpide faltarekin. «Europan ehun irizpide daude eztabaida horren barruan, baita dozenaka ikerketa ere». Murgiak iazko bi gertaera gogorarazi ditu: Zapaterok abiadura muga orduko 110 kilometrora jaitsi zuen garaian, Herbehereetan —istripu gutxien duen Europako herrialdeetako batean— orduko 130 kilometrora handitu zuten; are gehiago, neurri horrekin istripuak gutxituko zituztela esan zuten zirkulazioko arduradunek. «Herbehereetan ez dituzte horrelako erabakiak hartzen pentsatu gabe».

Energia eta kutsadura

Martxotik aurrera sortutako eztabaida zirkulazioarekin eta istripuekin lotuta dago, baina Fernandez Diazek berak onartu du erabakiak hartzen hasteko kutsadura dela gaur egun dagoen muga nagusia. Espainiak behin eta berriz gainditu ditu Kyotoko Protokoloak ezarritako gas kutsagarrien isurien mugak, eta, ondorioz, isuri gehiago egiteko eskubideak erosi behar ditu. Horretarako dirua defizitean «modu basatian» eragiten ari dela gaineratu du Fernandez Diezek. «Ingurumen kaltea aztertu ondoren, prest egongo ginateke igoera aztertzeko».

Paco Segurak, Ecologistas en Accioneko garraio saileko bozeramaileak, jakinarazi du kutsaduraren ikuspuntutik ez dagoela abiadura muga handitzeko erabakia argudiatzerik. Gogorarazi du orduko 90 kilometroko abiaduran gertatzen dela abiadura eta kontsumoaren arteko eraginkortasunik onena. Hortik zenbat eta gehiago urrundu, orduan eta kontsumo handiagoa eta isuri gehiago izango direla azaldu du, eta are gehiago, kontuan izanda abiadura handitu ahala airearen erresistentzia «modu esponentzialean» handitzen dela.

Petrolioa eta hartatik ateratako erregaien kontsumoak duen eragin ekonomikoa ekarri du gogora Segurak. 2011. urtean, Espainiak 44.000 miloi euro erabili zituen petrolioa erosteko, eta erositako petrolio horren %75 errepide gaineko garraiorako erabili zen. Horrenbestez, ondorioztatu du hori egitea «oso erabaki txarra» litzatekeela.

Ildo horretan, adierazgarria da Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak duela urtebete hartu zuen erabakia. Orduko 110 kilometroko abiadura muga jartzea erabaki zuen, petrolioaren prezioa zela eta. Neurria ezartzean, 2011ko martxoaren 7an, Brent petrolio upelaren prezioa 118,8 eurora heldu zen. Orduko 110eko abiadura muga berriz kendu zuenean, ekainaren 30ean, 113,5 eurotan saldu zen. Ordea, Fernandez Diazek abiadura muga handitzeko eztabaidari atea ireki zionean, 127 euro balio zuen Brent petrolio upel batek.

Zaila da luze gabe autobide eta autobien abiadurari buruzko erabakirik hartzea, baina eztabaida serio baten alde egin du Murgiak. «Abiadurarekin itsutzen ari gara, eta kilometro kontagailuari errepideari baino arreta handiagoa jartzen diogu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.