Hilaren 25etik aurrera lehen eutanasia eskaerei taxuz erantzute aldera, ahalik ondoen erantzuteko prestaketa lanetan dabiltza osasun sistemak; araura moldatzen eta ertz guztiak xehatzen. Aurretiazko borondateen agiriek ere izango dute berritasunik. Legeak dokumentu horien eredua berrikustea eta berrasmatzea eragin du, eutanasiaren eskaera nola artikulatu zehazteko. Izan ere, legeak jasotzen du badagoela era dokumentu horien bidez eutanasia eskatu eta prozedura aktibatzeko. Oraindaino, izan dira euren agirietan eutanasia hitza txertatu duten norbanakoak, propio; hau da, inoiz legezkoa izango balitz eutanasia egiteko era nahi luketela jarri duten pertsonak. Ordea, eskakizunak antzuak ziren orain arte; nahi horiek errespetatzeko bidea irekiko du legeak, eta eskari horiek baimentzekoa.
Aurretiazko borondateen agiria adin nagusikoa den edozein pertsonak egin dezakeen dokumentu bat da, eta bertan idatziz ipin dezake nola nahi duen tratatua izan heriotzako orduan: zer tratamendu jaso nahi duen, non, nola, zer egin ondoren; hainbat dira azaldu eta argitu daitezkeen ertzak, osasun zainketak eta bizitzaren amaiera planifikatze aldera. Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian 2003tik da legezkoa halakoak egitea; Nafarroan, berriz, 2002tik. Osasun profesionalek agirian jasotako nahiak betetzeko obligazioa dute, eta gaixoak adierazteko eta erabakitzeko ahalmena galtzen duenean sartzen da indarrean dokumentua. Datorren ostiraletik aitzinera, eutanasiaren inguruko argibideak ere aintzat hartu beharko dituzte, eta horiek egikaritu.
Iñaki Saralegi medikuak azaldu du hemendik aurrera herritarrek aukera izango dutela gaixotasunaren fase batera heltzen direnean eutanasia aplikatzea gustatuko litzaiekeela idatzita uzteko agirian. Eskakizuna aintzat hartzeko, gaitzak sendaezina behar luke, eta eriaren osasun egoerak, atzeraezina. «Jarraitu beharreko prozedura berdina izango litzateke: kontziente zarela eskaria eginez gero eman beharreko pauso berak eman behar dira. Medikuari eskatzea, berrestea, aholkulari batengana jotzea... Bide guztia egin behar da prozesua ondo egingo dela bermatzeko».
Saralegik paziente askori lagundu die halako agiriak egiten, eta egitasmoak sustatu ditu dokumentu horiek modu eraginkor batean egin eta hedatzeko ahaleginetan. Argitu du aurretiazko borondateen dokumentua erregistratua dutenek hori egokitzeko parada ere badutela, eguneratzeko, eta eutanasiaren inguruko argibideak emateko. «Dokumentua herritar bakoitzarena da; nahi dutenean aldatu eta moldatu ahal dute». Prozedurak, beraz, berme guztiak beteko ditu. Eta gaineratu du: «Agiriak ebolutiboa izan behar du, ez dadila izan 'duela 30 urte dokumentua egin zenuen', eta kito. Moldatuz, birbalioztatuz joan behar da». Iritzi berekoa da Cristina Valverde DMDko kidea ere, eta hala esan du: «Ez da dokumentu estatiko bat, alda daiteke: zerbait kendu dezaket, jarri, ordezkatu…».
Askotariko ereduak
Eutanasia arautuko duen lege berriak aurretik egina zuten dokumentuaren eredua berritzera bultzatu ditu osasun sistemak, egokitzera. Eredu orientagarri gisa erabili ahal dute herritarrek; Hegoaldean ez dago dokumentu ofizial eta finkorik, librea da hori egiteko modua. Eredu estandar bat egiten saiatzen ari direla azaldu du Saralegik, eta aurretiazko borondateen erregistroarekin adosten dutela. Hainbat dira aintzat hartu beharreko faktoreak. «Jendeak ezarri nahi duenaren arabera doa. Haientzat garrantzitsua zer den jasotzen dugu. Bakoitzak bizi dituen esperientzietara egokitu behar dira agiria eta hori egiteko elkarrizketa».
Esaterako, dokumentua dementzia kasuetarako baliagarria izango dela azaldu du Saralegik. «Eutanasia aplikatzeko prozesua hasi ahalko da, pertsona horrek aurrez agirian hori adierazi badu; gehienbat dementzia, gaixotasun degeneratiboak eta horrelako egoeretarako da». Bide beretik jo du Victor Landa mediku ohiak ere. Jesus Garciarekin batera ondu du legeak ekarritako errealitatera egokitu duten agiriaren eredu bat. «Aurretik beste dokumentu bat genuen, eta eutanasiaren gaia jasotzen zuen, baina lege berriak exijitzen duen arrazoiketa falta zitzaion. Indartu egin dugu eutanasiaren eskaera».
Egoerak zehazten saiatu direla ere azaldu du Landak, argibideak ematen, martxan jartzeko orduan sor daitezkeen zalantzak eragozte aldera: «Bi modu daude pertsona bat inkontziente egoteko. Batetik, koman edo egoera begetatibo batean egon daiteke; bestetik, aurreratua duen dementzia egoera batean, ezertarako gai ez den gradu horietan. Bi kasuetan zehaztu behar da noiz nahi lukeen dokumentua indarrean jartzea». Aitortu du beste herrialdeetako esperientzia hartu dutela oinarritzat; Herbehereetakoa, kasurako. Izandako zailtasunak aztertu dituzte, eta egoera horiek argitzen saiatu; batez ere dementzia kasuetan, agiriaren interpretazioa «konplexuagoa» izan daitekeelako. «Nik esan dezaket, aurrez, egoera horietako batean banago, nire bizitzak ez lituzkeela beteko niretzat bizitza duina izateko beharrezkoak diren gutxieneko baldintzak, eta ez nukeela nahiko kondizio horietan bizitzea. Hor sartzen da jokoan eutanasia».
Heriotza duinaren aldeko DMD elkarteak ere moldatu eta egokitu du agiri eredua. Hala azaldu du Valverdek: «Legea Kongresuan onartu zenean, planteatu genuen proposatzen genuen eredua berrikusi behar genuela». Eutanasia jaso dute bertan, eta zehaztu dute pertsona baten osasun egoerak okerrera egiten badu, sendaezineko edo atzeraezineko egoeran badago, eta erabakitzeko eta nahiak adierazteko ahalmena galtzen badu, zer jarraibide segitzea nahiko lukeen. Honela dio lehen puntuak: «Eskatzen dut neure bizitzari eutanasiaren bidez lehenbailehen amaiera ematea». Ondoren kontsiderazio bat egiten dute, jasotzeko noiz jotzen den sufrimendu fisiko edo psikikoa konstante eta jasanezintzat, noiz den «bateraezina» norberaren duintasunarekin eta balioekin. «Eta hor garrantzitsua da argitzea pertsona bakoitzaren balioak, zer kontsideratzen duen duina dela, ez baita berdina guztientzat».
Prozesua arintzeko
Valverdek azpimarratu du eutanasia egiteko prozesuak oso luzeak direla: «40 egun iraun ditzakete, eta hori gauzak ondo badoaz, ez badago oztoporik». Hori dela eta, eutanasia eskaeraren kudeaketak hartzen duen aldi horretarako hainbat neurri proposatu dituzte, osasun egoerak okerrera egiten badu ere: bizi euskarriari uko egitea, bizitza luzaraziko duen tratamendu edo prozedura oro errefusatzea, edota sedazio aringarri sakona eskatzea. Eta azaldu du: «Eredu bat egin dugu eutanasiaren gaia askoz gehiago zehazten duena. Agirian jartzen dugun guztia pertsona baten borondate irmo eta kontzientea da. Badaude egoera batzuk non pertsona batzuek ez baitute bizitzen jarraitu nahi baldintza horietan: eta nor da gizartea modu horretan bizitzen jarraitzea inposatzeko?»
Bat datoz Saralegi eta Landa kritika batean: denbora urria egon da prestaketetarako. Martxoan onartu zen legea, eta heldu den aste honetan sartuko da indarrean. «Hiru hilabete ematea erokeria bat da; ezinezkoa da».
Irakurri gehiago: Dokumentua egiteak duen garrantzia berretsi dute
Eutanasiaren legeztatzea. Aurretiazko borondateen agiriak
Norberaren borondatea oinarri
Eutanasia eskatzeko prozedura aktibatu ahal izateko bideetako bat izango dira aurretiazko borondateen dokumentuak, eta horiek egiteko ereduak egokitu beharko dira orain. Horretan ari dira hainbat eragile.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu