Zortzi ordu lo egin, gorputza mugitu, sasoiko barazkiak jan, kaltegarria dena ekidin edo neurrian kontsumitu, eta lasai bizi. Atseden hartu eta gustukoa den hori egin; egon lagunekin, senideekin, maitaleekin; baina ez nekatu gehiegi eta bakarrik egoten ikasi. Gero eta luzeagoa da osasuntsu egoteko urratsen zerrenda, eta gero eta zailagoa horiek guztiak eginda ere ondoeza eragiten duen hori zer den identifikatzea: korapilo bat sabelean, laino beltz bat buru gainean, inurriak esku ahurretan; antsietatea, estresa, pentsamendu obsesiboak. Ezagunak dira horien ezaugarri psikologikoak; Kike Esnaola psikologoak salatu duenez, baina, gutxitan hartzen dira aintzat horiek eragin ditzaketen arazo sozialak eta egiturazkoak. Adibide bat eman du: «Alferrik da lan karga handia eta esplotazioa dagoen enpresa bateko langileei ongizate emozionalari buruzko formakuntzak eskaintzea».
Eta berdin gertatzen da, kasurako, elikadura portaeraren nahasmenduarekin: «Pertsona batek, batez ere emakumea bada, kostata lortuko du gorputzarekin eta elikadurarekin daukan harremana hobetzea etengabe indarkeria estetikoa pairatzen badu». Esnaolak argitaratu berri duen Habitando el Malestar liburuan aipatzen ditu bi kasu horiek, eta, testuinguruari erreparatzeak zertan lagun dezakeen galdetuta, aise azaldu du: «Ondoez psikologikoak lotsa eta errua eragin dezake, are gehiago egiturazkoak diren arazoak norberak bere bizkar hartzen baditu; bada, ez dagokigun pisu bati eusteari uztea terapeutikoa izan daiteke».
Hain justu, azken urteotan nabarmen egin du gora psikologoarenera jo duten herritarren kopuruak. Espainiako Gobernuko azken osasun barometroaren arabera, biztanleriaren %19,9k behar izan zuten laguntza psikologikoa iaz; Frantziako Gobernuak 2024an argitaratutako osasun barometroan adierazi zuenez, berriz, 18 eta 79 urte arteko herritarren %15,6k depresioa izan zuen urte hartan, eta %6,3k antsietatea. Bai Espainiako, bai Frantziako datuen arabera, horietako gehienak gazteak, emakumeak eta bizi baldintza prekarioak dituzten herritarrak dira.
«Denok eragiten dugu ingurukoen osasun emozional eta psikologikoan, eta ardurak hartu behar dira»
KIKE ESNAOLA Psikologoa eta 'Habitando el malestar' liburuaren egilea
Nolanahi ere, edonork garatu dezake ongizate psikologikoko nahasmendu bat: OME Osasunaren Mundu Erakundeak argitaratutako azken txostenaren arabera, lau pertsonatik batek nahasmendu bat izan dezake, eta osasun arazoen %12,5 ondoez psikologikoarekin lotuta daude; hots, gehiago dira horiek, minbiziak eragiten dituenak baino. Horrenbestez, ezinbestekoa da horien inguruko «ikuspuntu kolektibo eta kritiko bat» osatzea, Esnaolak azaldu duenez. Eta gehitu du: «Ospitaleek ez ezik, gutako bakoitzak ere sendatu edo gaixotu dezake norbait; denok eragiten dugu ingurukoen osasun emozional eta psikologikoan, eta ardurak hartu behar dira».
Nork bere buruaren eta lagunaren ondoezari erreparatzeko, ordea, estigmarik gabeko eremuak behar dira. COVID-19aren pandemiaz geroztik, gehiago hitz egiten da ondoez psikologikoaren inguruan; hein handi batean, belaunaldi gazteek hala bultzatuta. Belaunaldi horiei hauskorren belaunaldia ere esan ohi zaie, baina, Esnaolak nabarmendu duenez, izen horrek beren emozioei eta ondoezari buruz hitz egiten ikasi ez duten belaunaldien gabeziak uzten ditu agerian. «Belaunaldi gazteek eremu pribatuaren eta publikoaren arteko muga mugitu dute; egun, publiko bihurtu dira lehen etxeko kontutzat jotzeagatik isilik mantentzen ziren gauzak».
Nahasmendu psikologikoak AEBetako psikiatrek sortutako DSM buruko nahasmenduen diagnostikoen eta estatistiken eskuliburuan daude jasota. 1952an kaleratu zuten aurreneko edizioa, eta 2013an egun indarrean dagoena, bosgarrena: 106 diagnostiko agertzen dira aurrenekoan; 216 azkenekoan. Esnaolak ohartarazi duenez, ez da kasualitatea azken urteetan zerrenda horrenbeste handitu izana: «Gizakiak erlijioaren, mitoen eta moralaren bidez ulertu eta kudeatu izan du ondoeza; bada, egun medikuntzaren aroan gaude, eta etiketak erabiltzen ditugu gure krisiek zentzua izan dezaten».
Etiketen industria
Zabaldu Instagram edo Tiktok plataformak eta egin bilaketa: inpostorearen sindromea, neke profesionalarena, ADHN eta neurodibergentzia. Psikologoak badaki emaitza zein den: autodiagnostiko azkar bat egiteko hamaika bideo bata besteari segika. «Ondoez psikologikoaren inguruko informazio gehiegi dago, baina algoritmoa ez da gure etsaia; informazioa zabaltzen den abiadurak eta moduak kezkatzen naute», aitortu du. Gaineratu duenez, sare sozial horietan zabaltzen diren edukien helburua ez da azalpen egokiak ematea, «ahalik eta erabiltzaile gehienengana iristea» baizik, eta horretarako mezu «orokorrak eta sinpleak» sortzen dituzte. «Etiketitis deitzen diot nik», esan du irri txikiz.
Sare sozialetako edukiek «funtzio sozial garrantzitsu bat» betetzen dutela iritzi dio, ordea, eta etiketek eta diagnostikoek eragin zuzena dutela arta psikologikoa behar duten herritarren ibilbide terapeutikoan, horiek gabe askok ez baitute arta jasotzerik; batez ere, osasun sistema publikoan. Esnaolak kontatu duenez, nahasmendu konplexuak dituzten herritarrak soilik artatzen dituzte, eta hortik kanpo utzi ohi dituzte, adibidez, «estigmaren eta diskriminazioaren» ondorioz elikadurarekin, gorputzarekin, sexualitatearekin eta generoarekin harreman gatazkatsuak dituztenak. «Pertsona horiek, azkenean, bide pribatura jotzen dute, publikoan ez baitute laguntza lortzerik baldin eta nahasmendu konplexu bat garatzen ez badute edo beren buruaz beste egiten ahalegintzen ez badira».
Hala, Esnaolak salatu du psikologiak ez daukala lekurik osasun sistema publikoan: «Egun, familia mediku asko antidepresiboak eta antsiolitikoak errezetatzen ari dira egiturazko arazoen ondorioz bizi eta lan baldintza prekarioak dituzten herritarrei. Ondoez psikologikoa artatzeko modu medikalizatu horrek egiturazko indarkeriak erreproduzitzen ditu». Haren arabera, «baliabide ekonomiko eta materialen eta psikologoen gabeziaren» ondorioz, osasun sistemak sufrimenduaren «eskema indibidualista eta medikalizatu bat» erreproduzitzen du.