Nork bere kabuz euskara ikasteko Arian metodoa, abian

Ariketak eguneroko egoeretan oinarritzen dira, eta, hartara, ikasleek komunikatuz ulertuko dute hizkuntza

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2011ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Lehen aldiz, euskara nork bere kabuz ikasteko materiala kaleratu du Elkar argitaletxeak. Arian metodoaren helburua hizkuntzaren erabilera sustatzea da, eta, beraz, ariketak ulertuz egitea proposatzen du, eta ez modu sistematikoan. Dagoeneko salgai daude ikasleentzako liburua, lan koadernoa eta CDa, eta laster merkaturatuko dituzte beste material osagarriak: bertsio digitala eta irakurgaiak.

Besteak beste, Itziar Etxabe eta Marian Urkizu irakasleek landu dute Arian metodoa. Diotenez, euskararen irakaskuntza sektoretik iritsitako eskariari erantzuten dio materialak: «Beti galdetu izan dugu ea zergatik ez zegoen merkatuan beste edozein hizkuntza ikasteko dagoen metodorik euskaraz. Bakarka ikasteko materialik ez zegoen, baina jendeak eskatu egiten du, mundu guztiak ezin duelako egokitu, adibidez, euskaltegien ordutegietara».

Bakarka ikasteak diziplina eta esfortzua eskatzen dizkio ikasleari, baina materialak ere lagungarri izan behar du, Etxaberen esanetan: «Liburuak erraza izan behar du, erakargarria eta oso gidatua». Horrek, era berean, eragin zuzena du motibazioan: «Liburua ulertzen baduzu, eta erabiltzean arrakasta baduzu, ikasten ari zarenak zentzua duela ikusiko duzu».

Izan ere, metodoak segituan jartzen ditu agerian ikaskuntzaren emaitzak. Jardueren helburua komunikatiboa izanik, liburuotako hamabi unitate didaktikoetako ariketak eguneroko gaietan eta egoeretan oinarritzen dira: erosketak egitean izan daitezkeen elkarrizketak, lagun batekin hitzordua adostea... Hala, ariketok mekanikoki egin ordez, ikasleek ulertu egin beharko dituzte, eta komunikatuz ikasi. «Ikasleari prozesuan parte hartze aktiboa eskaintzen dio metodoak, eta hizkuntza erabiliz ulertuko du», erantsi du Etxabek.

Halaber, atal bakoitzaren amaieran, unitatearekin lotutako bideo bat ikusi eta entzumenaren ulermena lantzeko ariketak izango dituzte, eta, horrekin batera, autoebaluazioa egin ahal izango dute. «Unitatean burututako ekintza komunikatiboak kalean erabiltzeko gonbita egingo diegu».

Horrek, baina, ez du albo batean utziko hizkuntzaren alderdi formala. Lan koadernoaren bidez sakondu ahal izango dute ikasleek gramatika eta deklinabide azalpenetan, esaterako, eta hiztegiak eta aditz taulak ere eskura izango dituzte. Ikasleak bakarrik egongo direla kontuan hartuta, informazio hori gaztelaniaz ematearen defentsa egin du Urkizuk: «Ahalegin berezia egin dugu azalpenak erraz ulertzeko modukoak izan daitezen, ikasleak era autonomoan lan egin dezan». Mailetan aurrera egin ahala, baina, euskararen erabilera gehituz joango da azalpenotan.

Izan ere, oraingoz metodoaren lehen maila baino ez du argitaratu Elkarrek, euskara ikasten hutsetik hasi nahi dutenentzat. Urtero beste maila bat kaleratzeko asmoa du, bostera heldu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.