Greenpeacek atzo zabaldutako oharrarekin «ondoezik» agertu da Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa. Eta gaitzetsi du «Europatik finantzaketa erakartzea espero duen proiektu bat saboteatzen ari direnen jarrera», talde ekologistako kideei aipu eginez. Zubietako errauste plantari buruzko negoziazioa «normal» doa, EIB Europako Inbertsio Bakuarekin, partzuergoak dioenez. Bankuarekin «etengabeko harremanetan» dago partzuergoa, eta ez da sortu Zubietako errauste plantaren proiektuaren «baldintza egokiez» batere zalantzarik.
Partzuergoak, bestalde, onartu egin du EIBk Greenpeaceren gutun bat jaso zuela ekainean, baina ukatu egin du EIBk gutun hari erantzun dionik: «EIBk sekula ez dio erantzun eskaera hari, eta partzuergoarekin duen lan ildoari eusten dio». Nolanahi ere, Greenpeaceren eta EIBren arteko balizko informazio trukeaz ez duela ohartarazpenik jaso zehaztu du partzuergoak.
Uztailean Carlos Ormazabal Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko presidenteak aurreratu zuen bezala, Europako finantza erakundeak 195 milioi euro maileguan uzteko aurreakordio bat onartua dagoela berretsi du hondakinen partzuergoak, baita urtea amaitzerako akordioa guztiz ixtea espero duela ere, 2011 hasieran errauste plantaren obren lehiaketa ebazteko.
Uneotan, auditoria gisako bat abiatua du EIBk, errauste plantaren proiektuaren azterketa egiteko. Finantzaketari buruzko akordioa ixtea azterketa horren mende dago, partzuergoak aurreratu duenez. Proiektuaren alderdi teknikoak, legezkoak, ekonomikoak eta ingurumenari buruzkoak aztertuko ditu aditu independenteen talde batek. Partzuergoak zehaztu du eskatutako informazio guztia ematen ari dela.
5.302 milioi euro 17 urtean
Europako Inbertsio Bankuak hainbat proiektu finantzatu ditu azken hamarkadetan. 1981 eta 2008 artean, 5.302 milioi euro utzi zizkien maileguan Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako dozenaka egitasmori. EIBk finantzatutako egitasmoen artean daude, beste askoren artean, obra hauek: Bilboko metroa handitzea -225 milioi euro-, Petronorren koke planta bat egitea -400 milioi euro-, Donostiako bigarren saihesbidea egitea -200 milioi euro-, Eibar eta Gasteiz arteko AP-1 autopista egitea -100 milioi euro-, eta Zabalgarbi errauste planta egitea -120 milioi euro-.
«Normal» doa finantzaketaren negoziazioa, partzuergoak dioenez
Azaldu dute Europako Inbertsio Bankuarekin tratua itxiko dutela urtea amaitzerako, 2011n obrak hasteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu