Adingabe migratzaileekin lan egiten du Ainhoa Oriak (Iruñea, 1996), Iruñeko Sei Kulturarteko Zerbitzu Sozioedukatiboan.
Buru osasunari dagokionez, nola iristen dira gazte migratzaileak Europara?
Oso zaila da haientzat. Nik lan egiten dut Nafarroara iritsi berri diren adingabe migratzaileekin, 12 eta 17 urte bitartekoekin batez ere, eta, adin horietan, oso ohikoa da migrazio dolua deritzona.
Zer da hori, zehazki?
Migratzaile ia denek gainditu behar izaten duten prozesu bat da, hainbat alorretan gertatzen zaizkien aldaketen ondorioz. Finean, sorterria uztera behartutako pertsona batentzat, dena aldatzen da: atzean utzi behar ditu familia, lagun kuadrilla, ohiturak, hizkuntza, estatus soziala... Bere izaera bera uzten du atzean. Nor naiz benetan? Zertan ari naiz hemen? Nora noa? Gauzek zentzua galtzen dute.
Errealitate berrira egokitu beharrak ere ezinegona sortuko die...
Bai, dolua prozesu bikoitza izaten delako: galdu duzun guztiaren mina duzu, eta nostalgia edo herrimin hori kudeatzen duzun bitartean, herrialde berri batera egokitu behar duzu: paperak lortu, eskola batean izena eman, harrerako zentro bat edo familia berri bat ezagutu... Horrek estres izugarria eragiten die. Emozio desatseginen uholde bat izaten da haiendako.
Bi gazte migratzaileren gorpuak aurkitu dituzte aste honetan; ustez, beren buruaz beste eginda.
Ez ditut bi kasu horiek zuzenean ezagutzen, eta, beraz, ezin dut beren egoeraz ezer esan. Pertsona bakoitzaren atzean istorio, gertakizun eta bizi baldintza ezberdinak daude, eta kasuan-kasuan aztertu beharko genituzke. Hala ere, egia da migratutako gazte asko noraezean sentitzen direla, nortasuna galdu izan balute bezala. Orduan pizten dira beldurrak eta etsipena, eta horien eskutik sar daitezke suizidiora eraman dezaketen pentsamenduak.
Halako kasuak ikusitakoa zara?
Sei elkartean egiten dugun lana prebentzioan oinarritzen da, egoera horiei aurrea hartzen. Hortaz, aurreko fase batean daudenekin egiten dugu lan: saiatzen gara nerabea eta bere ingurukoak ezagutzen, izan ditzaketen beharrak antzematen, dauzkaten baliabideak neurtzen eta, ahalik eta modu pertsonalenean, beldurrak eta sentimenduak kudeatzeko bide horretan laguntzen. Hala ere, ikusi izan ditugu ohiko dolu prozesuaz harago doan sufrimendu bizia duten gazteak.
Nola identifikatzen dituzue?
Pentsamendu suizidak, hasieran, ez dira nork bere buruaz beste egiteko asmo kontzienteak, pentsamendu pasiboak baizik: «Hemendik desagertu nahiko nuke», adibidez. Eta norbait muturreko egoeran dagoela edo patologia bat garatzen ari dela sumatzen badugu, harremanetan jartzen gara Sarrigurengo Haur eta Nerabeen Adimen Osasuneko Zentroarekin, laguntza espezializatua emate aldera.
Europara iritsita, gazteok talka egiten dute euren kontrako jarrera bortitz askorekin. Nola eragiten die horrek?
Hona ailegatuta aurkitzen dutenaren araberakoa izaten da: batzuk harrera komunitateetara iristen dira eta nabari dute eurekiko interes bat, jendea ezagutzen dute... Garrantzitsua da babes sare hori. Beste askok jasotzen duten mezua, aldiz, kontrakoa da: ez dituztela hemen nahi, ez direla ongi etorriak. Horrek oso eragin kaltegarria du haiengan. Gaur egungo migrazio prozesuen ezaugarrietako bat da estres maila handiagoa eragiten diela etorkinei, aurreko mendeetako migrazioekin alderatuta.
Zer dela eta?
Hiru faktorerengatik, oro har. Alde batetik, gaur egungo migrazioek familia unitateen haustura eragiten dutelako ia beti. Duela ehun urte, adibidez, ez zen halakorik gertatzen: familia osoak ziren alde batetik bestera mugitzen zirenak. Ameriketara, besteak beste. Orain, aldiz, familiek ezin diote halako bidaia bati aurre egin, eta kide bakar batek hartzen du migratzeko eta dirua bidaltzeko ardura. Askorentzat, familia urrun egotea sufrimendu itzela da. Beste faktore bat da egiturazko bazterketa sozialarena: gaur egun, migranteek aukera gutxiago dituzte aurrera egiteko, eta aurreiritzi gehiagori egin behar diete aurre. Deshumanizazioa izugarria da. Mena hitza bera [bakarrik dauden adingabe migratzaileak, gaztelaniaz] oso kaltegarri izan daiteke, gazte horiek beren burua ikusteko duten moduan: nola sentituko naiz ezertarako gai, besteek pertsona izaera ere aitortzen ez badidate? Horrekin lotura du hirugarren faktoreak: kriminalizazioak.
Paperik ez izatearen ondorioz?
Hori da. Paperik gabe eta behin-behineko egoeran etortzea eta horiek lortzeko bidean oztopoak aurkitzea estres iturri nagusienetako bat da migratzaileentzat, erlojuaren kontrako lasterketa bat delako, eta, askotan, sasian ibili behar izaten dutelako. Horregatik guztiarengatik, gaur egungo migrazio prozesuak oso etsigarriak izan ohi dira. «Gizarteratu daitezela» esan ohi du jende askok. Hain erraza balitz! Pertsona bakoitzak baldintza, istorio, egoera eta bizipen propioak ditu, eta horiek guztiek eragina dute buru osasunean eta egoera animikoan.
Nola egin aurre horri?
Gure elkartean, hainbat alorretan egiten dugu lan: alde batetik, garrantzitsuak dira informazioa eta sentsibilizazioa, gizarteak ikuspegia alda dezan. Bestalde, saiatzen gara gazte bakoitzaren inguruabarrak ezagutzen, eta horren arabera, hainbat egitasmo aktibatzen ditugu: aisialdiko eta gizarte heziketako programak, ikastaroak, lagun taldeak... Era horretan, gazteek ikusten dute ez daudela bakarrik sufrimendu horretan, ez daudela burutik jota, sentitzen duten horrek baduela motibo bat. Normala dela.
Ainhoa Oria. Psikologoa
«Nortasuna bera ere atzean uzten dute gazte migranteek»
Aste honetan, bi etorkin gazte hilik topatu dituzte Donostian eta Irunen. Beren buruaz beste egin zuten, zantzu guztien arabera. Migrazio prozesuen arrasto psikologiko sakona azaldu du Oriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu