Bilboko portura atoian daramaten Santoñako (Kantabria, Espainia) Nuevo Pilin arrantzontzia. Behin hara iritsitakoan kaira lotuko dute, hartara Ertzaintzako urpekariek brankako ganbara eta makina gela azter ditzaten. Hain zuzen ere, ontziko gune horietara ezin izan dute sartu oraindik, eta galduta jarraitzen duten bi marinelak han dauden ikusi nahi dute.
Guztira bost arrantzale zihoazen Nuevo Pilin -en hondoratu zenean. Hiru aurkitu dituzte, hirurak hilda. Jose Luis Fernandez Santamariaren eta Jose Legaz Vellajosen gorpuak atzo goizean aurkitu eta erreskatatu zituzten, eta segituan Santoñara bidali. Halaber, atzo arratsaldean Elias Jose Gallego patroiaren hilotza aurkitu zuten, kabinan, baina gaur goizera arte ezin izan dute atera.
Nuevo Pilin atzo goizaldean hondoratu zen Bizkaiko itsasertzean, Luzero lurmuturretik 10 miliatara. Frantziako uretan arrantzan aritu eta Santoñara bidean zela izan zuen istripua. Ezbeharra zerk eragin zuen argitzeke dago oraindik.
Hondoratzea Bizkaiko Golkoan