Nuklearren arriskua, berriztagarrien loraldi

Nuklearren inguruko «auzi etikoa» eta energia berriztagarrien nahitaezko goraldia. Biak lotuta, Jose Allendek eta Roberto Bermejok hitzaldia eman dute. Japoniako istripuak energia nuklearraren egoera aldatuko duela diote.

Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo
2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Orain adierazten ari garena joan deneko 40 urtean ari gara esaten. Ez dago koma bat bera ere aldatu beharrik». Jose Allende EHUko katedradunak dio Japoniakoa adibide gordina izan dela nolako arriskua duten zentral nuklearrek. Eta, etxera erreparatuta, atzera begirakoa egin du, Lemoizko proiektua gogoan: «Gizarteak harro egon behar du, mobilizazio guztiekin lortu zuelako egitasmoa geratzea». Bilbon izan zen hizlari ostegunean Allende, Ezkerraberri fundazioak antolatutako saio batean.

Energia iturri segurua dela, hori diote zentral nuklearren defendatzaileek. Segurua, istripurik ez denean. «Auzia ez da teknikoa, etikoa eta politikoa baizik». Gizarteak aukeratu behar du nolako energia modua nahi duen, Allenderen iritzian. «Teknologia aukeratzea ez da neutrala, erabaki sozial bat baizik. Alferrik ukatuko dute hori». Horren guztiaren oinarrian erroko galdera bat ikusten du katedradunak: «Segurtasuna hobetuko dute, baina, nuklearrak onartuta, gure gain zenbaterainoko arriskua hartzeko prest gaude? Auzi etikoa da hori».

Gizartearen egunerokoan, ordea, urri da gogoeta hori. Hala, Allendek uste du Japoniako ezbeharra mugarri izango dela nuklearraren ordezko beste iturri batzuk indartzeko. Osasun arazoak norainokoak izango diren ez dago oraindik argi —«hori bai, ez dago kalterik sortzen ez duen mailarik», dio Allendek—, baina bistan da alde ekonomikoari dagokionez aldatu egingo direla kontuak: «Arauak zorroztuko dituzte, eta gastuak izugarri handituko dira».

Prezioarena izan da energia nuklearraren beharra zuritzeko maiz baliatu izan duten argudioa. Allenderen arabera, ordea, benetako gastuak ezkutatuta egiten dute hori. Nolanahi ere, beste aukera batzuk gertuago daude. Hori uste du EHUko doktore Roberto Bermejok: «Energia berriztagarrien gastuak etengabe ari dira gutxitzen, eta gero eta hurbilago dituzte erregai fosilenak». Haren iritzian, hurbildu ez ezik, areago ere joko dute berriztagarriek urte batzuen buruan: «Ez dago beste aterabiderik, ezinezkoa da».

Energia berriztagarriak nagusitzea behartua izango dela dioBermejok: «Onez onean ez da aldatuko. Interes asko daude. Petrolioak gaina jotzeak eragingo du berriztagarriak nagusitzea». Horren erakusgarri, petrolioaren prezioa: «Eskaintza geldituta dago, eta eskaria etengabe handitzen ari da. Esportatzaileek gehiago kontsumitzen dute. Petrolioaren amaiera azkartzen ari dira».

«Badakite bukatuko dela»

Energia iturri fosilek «sabaia» jo dutela uste du EHUko doktoreak: «Hasieran erraz ateratzen zuten petrolioa, baina orain nekezago. Aurkitzen dutenaren eta kontsumitzen denaren artean handitzen ari da desoreka». Energia nuklearra izan daiteke aterabidea? «Ezinezkoa da. Nuklearrak erabilita ere, badakite bukatu egingo dela, uranioa agortu egingo delako».

Hiru energia berriztagarritan jarri du jomuga Bermejok: eguzki energian, eolikoan eta hidrogeno bidez lortutakoan. «Ahalmena badute. Eguzki energiak, adibidez, egungo beharra 2.300 aldiz asetzeko adina ahalmen izan dezake». Toki asko behar du, ordea. «Energia eolikoak ere lekua behar du, eta gu herri txikia gara, leku gutxi dugu. Itsasoan jar daitezke errotak, plataforma flotatzaileetan». Garraiorako, hidrogenoa erretzen duten automobilak proposatu ditu Bermejok. Ez hala bioerregaia: «Petrolioa baino kalte gehiago eragiten ari da».

Aukera bada, baina nuklearren alde egiten dute erakundeek. Horrela erantsi du Allendek: «Berriztagarriak ez zaizkio komeni sistemari. Eguzki energiak harea behar du, eta hori toki guztietan dago. Afrikan burujabe lirateke. Nuklearrekin, menpean daude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.