Nuñez Feijook PPren botoak eskaini ditu EH Bilduk goberna ez dezan

Bilbon egindako hitzaldi batean, PPko presidenteak esan du «laguntzeko prest» dagoela, eta gogoratu du «ahal izan duen bakoitzean» bere alderdiak galarazi egin duela «merezi ez dutenek gobernatzea».

Alberto Nuñez Feijoo eta Aitor Esteban. EFE
Alberto Nuñez Feijoo eta Aitor Esteban. EFE
xabier martin
2026ko martxoaren 4a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

PPk eta EAJk, desadostasunak desadostasun, beti izan dituzte «zubiak zabalik». Hala onartu du EBBko presidente Aitor Estebanek azken hilabeteotan, baina bi alderdi horien arteko urruntzea ez litzateke hainbestekoa izango orain. Gaur bertan, PPko presidente Alberto Nuñez Feijook ezagutzera eman du hark eta Estebanek «elkarrizketa luzea eta zintzoa» izan dutela. 

PPko buruak hitzaldia eman du Bilbon, Forum Europan, eta buruzagi jeltzaleak gonbidatuen mahai nagusian eserita egon da. Entzun du nola adierazi duen «laguntzeko prest» dagoela euskal erakundeen gobernabideari dagokionez. «PP Espainiako Konstituzioaren eta euskal foruen aldeko alderdia da, eta euskal erakundeetan ardurak izan ditu. Beti saiatu da gobernabidearen alde aritzen, eta, ahal izan duen bakoitzean, galarazi egin du merezi ez dutenek gobernatzea».

EH Bilduren siglak aipatu gabe ere, koalizio abertzaleak gobernatzea galarazteari buruz aritu da. PPren botoak ezinbestekoak izan ziren 2023ko udal eta foru hauteskundeen ondoren, EAJk eta PSE-EEk osatutako aliantzak Gipuzkoako Foru Aldundia eskuratzeko. Gauza bera gertatu zen Durangoko Udalean (Bizkaia). Bastidan (Araba), berriz, EAJk uko egin zion udal gobernua osatzeari EH Bilduren babesarekin, eta uko horrek PPren udal gobernua ahalbidetu zuen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Mañuetan eta Bastidan baizik ez du gobernatzen Alderdi Popularrak; biak ere Arabako Errioxan daude.

Zentsura mozio hura

EAJren eta PPren arteko harremanak asko gaiztotu ziren 2018az geroztik. Orduan, Pedro Sanchez hautagai sozialistaren zentsura mozioa babestu zuten jeltzaleek Espainiako Kongresuan, Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuaren aurka. Erabaki estrategiko hori hartu zuen arduradun nagusia ere Feijooren hitzaldia entzuten egon da; alegia, Andoni Ortuzar EBBko presidente ohia. 

Azken urteotan, berriz, PSOEren gobernuak eratzeko laguntza eman du EAJk Espainian, betiere itun politikoak tarteko, kasurako Gernikako Estatutua betetzeko akordioa. Horrek PPren haserrea eragin du, eta baita jeltzaleen aurkako erasoak ere, adierazpen gogorren eta jeltzaleen interesen aurkako botoen bidez; esaterako, EAJk berreskura ez zezan Eusko Jaurlaritzaren Parisko egoitza. 2025eko ilbeltzaz geroztik, EAJren esku dago eraikin hori, edonola ere.

Estebanek, berriz, oso garbi utzi du Espainiako gobernabideari begira jeltzaleentzat «ezinezkoa» izango dela PP babestea Vox gobernu akordio baten ekuazioaren aldagai den bitartean. Orain, ordea, ematen du harremanak bideratzeko saio bat egon dela, eta hurbilketa horrek izan dezake isla 2027ko udal eta foru hauteskundeen ostean, betiere atzera PPren botoak behar badira EH Bilduk goberna ez dezan, Gipuzkoan edo beste edozein lekutan. Esteban entzule duela, Nuñez Feijook Bilbon hitzaldia emateak argazki berri bat utzi du alderdi bien arteko harremanei dagokienez.

Ilegalizazioa eskatzen

EH Bilduk, berriz, sare sozialetan zabaldu duen mezu baten bidez, adierazi du jaso duela EAJren eta PPren arteko hurbilketa horren berri. «Eskuin muturrak ilegalizatu nahi gaitu, eta, aldi berean, hemen, PPk bere boto eskasak eskaini ditu guk gobernatzea galarazteko», idatzi dute koalizioak X sare sozialean; eta honela bukatu dute: «Zerbait ondo egiten ariko gara PPk eta Voxek osatzen duten bloke erreakzionarioak geldiezina dena gelditu nahi duenean».

Asteon, Voxek ekimen parlamentario bat erregistratu du Espainiako Kongresuan, EH Bilduren ilegalizazioa eztabaida dadin. Eskaera hori iritsi da Espainiako gobernuburu ohi Jose Luis Rodriguez Zapaterok Senatuan EH Bilduri egindako aitortza baten ostean. Koldo auziaren ikerketa batzordean aritu da Rodriguez Zapatero, eta Gorka Elejabarrieta senatari bilkidearen galdera bati erantzunez, onartu zuen EH Bildu «bakearen aldeko lanean» aritu dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.