NUPek euskara normalizatzeko plan berria behar duela agertu dute

Hainbat eragilek diote ikasketak euskaraz egiteko hautua egin dutenei unibertsitateak ez diela erantzuten

Erredakzioa
Iruñea
2011ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2007. urtean onartutako Euskararen Normalizaziorako Planak ez ditu betetzen euskararen garapen iraunkorrarentzako gutxieneko baldintzak. Hala uste dute Kontseiluak, Sortzen-Ikasbatuaz-ek, Ikasle Abertzaleek, Ikastolen Elkarteak, LAB, ELA eta EILAS sindikatuek eta unibertsitate komunitateko irakasle, ikasle eta langileen hainbat ordezkarik. «Plan horrek ez du jasotzen ikasketa guztiak euskaraz eskaintzeko aukera, ezta helburu horretara ailegatzeko estrategiarik markatzen ere», adierazi dute.Horri erantzuteko, «benetako» normalizazio plan bat eskatu dute, «ikasketa prozesuaren elementu guztiak aintzat hartuko dituena».

NUPek onartutako normalizaziorako plana bi urterako zen (2007-2009), eta azken bi ikasturteetan «luzatu besterik ez da egin». Salaketa egin duten eragileen arabera, planak erakutsi du ikasle euskaldunen erantzuna ona izan dela. «Euskarazko irakasgaiak eskaini diren tokian matrikulazioa izan da. Aurtengo ikasturtean 783 ikasle matrikulatu dira euskarazko irakasgaietan». Nolanahi ere, eragileek salatu dute ia 800 ikasle horiek ezin izan dituztela ikasketak euskaraz egin, irakasgairen bat besterik ez. «Eta ez dira, hala ere, NUPeko ikasleen %10era ailegatzen, aurten hautaprobak egin dituzten ikasle euskaldunen ehunekoa %23,84koa izan arren».

Hain zuzen ere, azken urteetan goi mailako hezkuntzara iristen den ikasle elebidunen kopurua handitzen doala nabarmendu dute. 2005-2006ko ikasturtean ikasle euskaldunen zenbatekoak %20ren muga gainditu zuen. Iaz, %22,37 ziren euskaldunak, eta aurtengo ikasturtean %23,5ek adierazi dute euskaraz «ongi edo oso ongi» dakitela. «Errealitate horrek aise gainditu du unibertsitateak berak aurreikusten zuena».

Ildo horretan, NUPeko errektoretza taldeari eskatu diote «ikasleen eskubideak» berma ditzala eta, aldi berean, ikasle euskaldunentzako euskarazko eskaintza aintzat har dezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.