Julio Lafuente. NUPeko errektorea

«NUPek, ezinbertzean, krisiaren konponbidean parte hartu behar du»

Mende laurdena beteko du apirilean Nafarroako Unibertsitate Publikoak; 2007tik erakunde horretako arduradun nagusia da Julio Lafuente. Ikerketaren eta berrikuntzaren alde egin du.

edurne elizondo
Iruñea
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Julio Lafuente (Zuera, Espainia, 1951) 1989. urtean ailegatu zen NUP Nafarroako Unibertsitate Publikora. Matematika katedraduna da, eta 2007. urtetik, NUPeko errektorea. Unibertsitatea Nafarroako gizartearen egunerokoan ongi txertatu dela uste du Lafuentek, parte hartzen duela; oraingo krisi garaian ere NUPek rol aktiboa behar duela izan argi du, nahiz eta onartu murrizketek erakunde horren jardueran eragina izan dutela. Ikasketen mapa berria osatzeko lana, adibidez, mantsotu egin da murrizketa horien ondorioz. NUPek, hala ere, lanean jarraitu behar duela nabarmendu du errektoreak, Arrosadiko campuseko bere bulegoan.

NUPeko errektorea zarela alde batera utzita, unibertsitateko irakasle gisa zer esanahi du 25. urteurrenak zuretzat?

1989. urtean ailegatu nintzen unibertsitate honetara. NUP sortzeko legea 1987an onartu zuten, baina eskolak 1989an jarri ziren martxan. Nire irakasle eta ikerlari lana, neurri handi batean, hemen garatu dut, eta errektore izan aurretik ere hau nire unibertsitatea zela sentitzen nuen. Kontent nago, helburuak betetzen ari direla konturatzen naizelako. Baina denborak azkarregi egin du aurrera.

Errektorearen aulkitik ikusita, zer eman dio 25 urteotako bideak unibertsitateari?

Gizarteak eskatutako erakundea da gurea. Unibertsitateko kide guztion lanari esker, uste dut erantzuna eman diogula gizarteak nahi zuenari. 22.000tik goiti ikasle atera da NUPetik jada. Haietako anitz ardura postuetan ari dira lanean, enpresak sortu dituzte, Nafarroako gizarteko kide aktiboak dira. Nafarroan ez ezik, nazioartean ere ari dira. Urteotan guztietan lortu dugu hori, eta hagitz garrantzitsua da guretzat.

NUPek gizartean bere tokia aurkitu duela uste duzu?

Bai, zalantzarik gabe. Gure geletan ikasi eta prestatu diren pertsonak dira NUPek duen baliorik nagusiena, baina ez da bakarrik hori kontua. Bertze erakundeekin eta enpresekin dugun harremanak etengabeko dinamikak sortzen ditu, eta, horri esker, gizartean etengabekoa da gure parte hartzea.

Krisi egoera sakon batean bete ditu NUPek 25 urte.

Hori egokitu zaigu. Egungo krisi egoera esparru guztietan sumatzen da, eta gure unibertsitatea ez da salbuespena. Guretzat, oraingo egoera erronka handia da,NUPek, ezinbertzean, krisia atzean uzteko konponbidean parte hartu behar baitu. Parte hartze hori ongi kudeatzea eta aurrera eramatea da gure eta gizartearen erronka nagusietako bat momentu honetan.

Baina zuei ere eragin dizuete murrizketek, ezta?

Bai, noski. Krisiaren ondorioak 2007. urte bukaeran hasi ziren ageriko bilakatzen; geroztik,NUPek aurrekontu murriztaileak egin ditu. Horrek badu eragina gure eguneroko lanean, eta ahalegin handiagoa eskatu digu unibertsitateko kide guztioi. Krisiak denok ukitzen gaitu, eta gu ez gara irla bat. Zenbait arlotan gure lan erritmoa moteldu egin da, halabeharrez.

Zein arlotan, nagusiki?

Gure helburuetako bat izan da ikasketa gehiago eskaintzea, eta arlo horretan, adibidez, nabarmena izan da murrizketek izan duten eragina. Mantsotu egin dira ikasketen mapa berria osatzeko gure asmoak.

Medikuntza fakultatea martxan jartzeko aukera dago, bertzeak bertze, mahai gainean.

Hedabideetan Medikuntza aipatzen da beti, baina ez da guk dugun asmo bakarra. Bertze hainbat ikasketa eskaini nahiko genuke, adibidez, ingeniaritzen, zientzien eta giza zientzien arloan.

Nafarroako Gobernua, orain arte, ez da agertu Medikuntza fakultatea zabaltzearen alde.

Oraingoa ez da adierazpenen esparruan aritzeko ordua, nire ustez; errealitateari so egiteko garaia dugu orain, eta une honetan ez du zentzurik Medikuntzaz edo bertzelako ikasketez hitz egitea, krisiak zuzenean eragiten digulako arlo horretan egin ditzakegun urratsetan. Lanean ari gara, baina ez da horretaz mintzatzeko momentua.

Krisiari konponbidea emateko lana aipatu duzu; horretan parte hartu behar duela NUPek. Zein da bidea?

Bidea hezkuntza da. Ez hori bakarrik, ikerketaren eta berrikuntzaren alde ere egin behar dugu. Finean, unibertsitatearen zeregina hori da, esparru horietan urratsak egitea, eta, inoiz baino gehiago orain, bere lana ongi bete behar du unibertsitateak.

Baliabide gutxiagorekin, ez da erraza izanen erronka horri eustea, ezta?

Murrizketek, noski, gure lana zaildu egiten dute, baina dugun egoera hau da, eta aurrera egin behar dugu, sakrifizioak eginez eta gure lanean eraginkorrago izanez.

NUP mintzagai izan du berriki Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak Nafarroako Parlamentuan; unibertsitateak lau milioi euroko murrizketa jaso arren sei milioi eta erdiko soberakina duelako. Zer deritzozu?

Bertzeek egindako adierazpenei buruz nahiago dut ez hitz egin. Nik ekintzei baino ez diet erreparatzen, eta, kasu honetan, errealitatea da unibertsitateak soberakina behar duela, anitzetan dirua aurreratu behar izaten duelako. Zenbait kasutan, gai zehatzetarako baino ezin da erabili soberakin hori, gainera.

Murrizketa gehiago izanen dela uste duzu?

Ez dakit. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Zain egon bertzerik ezin dugu egin. Eta lanean jarraitu.

2007. urtean aukeratu zintuzten errektore. NUPeko ikasketak Goi Mailako Heziketarako Europako Espaziora egokitzea zen orduko erronka nagusia. Lan guztia egina dago jada?

Azken urteotako gako nagusia izan da lan hori. Graduko ikasketak egokitu ditugu, baina graduondokoak egokitzeko lanean ari gara oraindik. Egungo egoerak ere izan du eraginik esparru horretan.

Iberus bikaintasun campusaren proiektuan ere murgilduta zaudete. Zer moduz doa?

Hagitz asmo garrantzitsua da guretzat, epe ertainari begira batez ere. Bai eta Nafarroari begira ere. Krisia atzean uzteko konponbidearekin ere badu lotura proiektu horrek, unibertsitateen, enpresen, erkidegoen, herrien arteko elkarlana baita helburua, ikerketa eta berrikuntza bultzatzeko.

Murrizketek eragin diote?

Mantso goaz asmo horretan ere. Aurreikusitako zenbait inbertsio murriztu dira, eta bertze zenbait desagertu. Baina guk lanean jarraitu behar dugu, helburuak merezi duelako.

Zer bertze erronka duzu datozen urteotarako?

Konpondu beharreko gai bat da, adibidez, irakasleen egoera. Legeak ezartzen dituen egonkortasun mugetara ez gara ailegatzen, oraindik ere. Irakasleen %51k beharko luke egon finko. Lana dugu egiteko arlo horretan.

Errektore kargua lehendabizikoz hartu zenuenean, erran zenuen zure helburuetako bat zela euskarak arazo izateari uztea NUPen. Ildo horretan, zer urrats egin du unibertsitateak?

Nik uste dut lortu dugula euskara arazo ez izatea. Auzi horri zentzuz heldu diogu.

Bide beretik jarraitzea da zure asmoa?

Bai. Jarduera plan bat dugu, eta helburua da, orain arte bezala, plan horretan urratsak egiten jarraitzea. Modu zentzuzko batean funtzionatzen ari dela uste dut, eta bide horretatik jarraituko dugu aurrera.

25 urte igaro eta gero, zer?

Unibertsitateak argi izan behar du tresna bat dela. Unibertsitatearen muina dira hezkuntza, ikerketa eta berrikuntza, eta hori ezin dugu ahaztu. Baliabide ekonomiko gehiago izan nahiko nuke lan egiteko, baina egoera duguna da. Lanean jarraitu bertzerik ezin dugu egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.