Odon Elorzaren eskuetatik jaso du Juan Karlos Izagirrek Donostiako aginte makila

EAJk bere hautagaiari bozkatu dio, eta PPren babesarekin ere PSE-EEk gehiengo osoa lortu ez duenez, Bilduren hautagaiak hartu du alkatetza. "Bortxa adierazpen oro behin betiko eta baldintzarik gabe desagertu dadin" eskatu du Izagirrek, eta "guztion esperantzari portu bat jarri" diotela abestu du bertso batean. BerriaTBk zuzenean eskaini du Donostiako alkatetza hartzeko ekitaldia.  

2011ko ekainaren 11
18:40
Entzun

Juan Karlos Izagirre Bilduren hautagaia aukeratu dute gaur Donostiako alkate. Maiatzaren 22ko hauteskundeak irabazi zituen koalizioak, eta zerrenda bozkatuena izan zelako hartu du agintea Izagirrek. Udala osatzeko ekitaldian, EAJk Eneko Goia aukeztu eta bozkatu du, eta PPren babesa ez du nahikoa izan PSE-EEk Ernesto Gasco alkate jartzeko, gehiengo osorik ezean, zerrenda bozkatuenaren hautagaia baita alkate.

Odon Elorzaren eskuetatik jaso du aginte makila Izagirrek. Jaso ostean bertsoa bota du alkateak Donostia eta Euskal Herria zorionduz: "... portu bat jarri diogu / guztion esperantzari", abestuz amaitu du bertsoa. Hitza hartu duenean Donostiako auzo eta auzotarrak zoriondu ditu, eta aro aldaketa aldarrikatu du.

Gaurtik aldaketa politiko, soziala eta instituzionala hitzetatik ekintzetara eramango dutela esan du Izagirrek. Lehenik egoera demokratikoa lortze aldera egingo dutela lan gaineratu du. "Bortxa adierazpen oro behin betiko eta baldintzarik gabe desagertu dadin exijitzen dugu". Presoen egoera konpontzea ere eskatu du, "eta biktimena, orohar".

Eneko Goia: "Bukatu da fronteen garaia"

Ernesto Gascok PSE-EEren azken urteetako lana eskertu du, batez ere Odon Elorzarena. Hitza hartu duenean EAJren jarrera salatu du PSEko alkategai zenak, eta Donostia ez zaiela axola esan du. Eneko Goia EAJko hautagaiak Izagirre zorionduz hasi du bere agerraldia, eta elkarrizketarako eta elkar ulertzeko EAJren prestutasuna agertu du: "Bukatu da fronteen garaia".

Bilduk Odon Elorzaren azken urteetako nagusitasuna eten zuen maiatzaren 22ko hauteskundeetan. Zerrenda bozkatuena izan zen koalizioa, baina ez zuen horregatik alkatetza ziurtatuta. PSE-EEk eta PPk bien arteko zerrenda bozkatuenari botoa ematea erabaki dutenez, EAJren jarrerak erabaki du alkatetza.

Ekitaldia 09:00etan hasi da, eta BerriaTBk zuzenean eman du. Saioa mahaia osatuz hasi da, eta Maria Jose Usandizabak eta Nora Galparsorok osatu dute, idazkariarekin batera, zinegotzi zaharrena eta gazteena direlako, hurrenez hurren. Biduko eta EAJko hautagaiek "legeak behartuta" edo "aginduta" zin egin dute kargua.

Iruñean Maiak ordezkatuko du Barcina

Donostiakoarekin hasi da goiz guztian zehar luzatuko den Hego Euskal Herriko alkatetzen osaketa. Maiatzaren 22ko hauteskundeetan Bilduren parte hartzeak irauli egin zituen aurreko legealdiko emaitzak, eta azken egunera arte erabaki geratu da nork hartuko duen alkatetza zenbait herrietan.

Donostian gain, hainbat hiri eta herritan ere zehazteke dago zer gertatuko den. Iruñean ez dirudi PSNk NaBai babestuko duenik, eta kasu horretan Uxue Barkosek ez luke nahikoa izango Bilduren babesa alkatetza hartzeko. Enrique Maia UPNko alkateak ordezkatuko du ziurrenik Yolanda Barcina.

Bilbon EAJk gehiengo osoz irabazi zuenez, Iñaki Azkunak jarraituko du alkate, eta Gasteizen Javier Maroto PPren hautagaiak hartuko du agintea, PSE-EEren babesarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.