Ogi, lan eta teilape eske

300 lagun inguru bildu dira Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean, agintariek ezarritako «murrizketen eta jazarpenaren aurka» egiteko

Manifestariak Eusko Legebiltzarraren aurrean eseri ziren. RAUL BOGAJO / ARP.
Jon Rejado.
Gasteiz
2014ko ekainaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zaratatsu hasi zen eguerdia Gasteizko hirigunean. Txilibitu eta turuta hotsek Andra Mari Zuriaren plaza bete zuten, eguzkipean. Baina zarata hori bigarren lerro batean geratu zen, are ozenago entzun baitziren, ondoren, hamaika aldarrikapen. 300 pertsona inguruk eraman zituzten aldarrikapen horiek Eusko Legebiltzarraren aurrera. Eskaera nagusia, mobilizazioari izena eman ziona: Ogia, lana eta teilapea.

Duintasunaren Aldeko Martxa taldeak egin zuen deialdia —Espainian ere egin zituen deiak—. EAEko hainbat sindikatu eta elkartek bat egin zuten: CNT, CGT, ESK, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabeen elkarteak... Elkarte horien ikurren eta ikurrinez gain, Espainiako bigarren errepublikako bandera batzuk ere eraman zituzten protestariek.

Hamaikak aldera biltzen hasi ziren dozenaka pertsona Andra Mari Zuriaren plazan. Aipatu ikurrez gain, norbanako askok eskuz idatzitako mezuak zituzten eskuetan. Maribel Gonzalezek, Gasteizen jaiotako 46 urteko emakumezkoak, atsekabetuta hitz egin zuen manifestazioa hasi aurretik. «Onartezina da dugun egoera; sistema sozialaren aurkako politikak geldiarazi behar ditugu urteetan egindako lana agintariek zapuztu aurretik».

Manifestariek haien aldarrikapenak oihukatu zituzten hiriguneko kaleetatik. Etxegabetzeak, murrizketak, ustelkeria kasuak, herritarren mobilizazioen jazarpena... Elkarte eta sindikatuek pankartetan bildu zituzten aldarrikapen horiek: Errenta unibertsala eta baldintzarik gabekoa; Eskubideak ez daude salgai...

Posta kaletik Bakea kalera arte joan zen manifestazioa, Ertzaintzaren bi furgonetak bidea irekitzen zutela, eta Eusko Legebiltzarrerako bidea hartu zuen, Independentzia kaletik. Mobilizazioaren jatorrizko asmoa legebiltzarra inguratzea bazen ere, egoitzaren aurrean eseri ziren manifestariak.

Antolatzaileek han salatu zuten gizartea «larrialdi egoera» bizi dela. «Ustelkeriaren, jazarpenaren eta murrizketen gobernuek alde egin behar dute», eskatu zuten manifestazio bukaeran, eta gizartea bateratuko duen «etengabeko» aldarrikapenaren alde egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.