Epaitegiak

Oier Oak aurkeztutako urgentziazko helegitea baztertu egin dute

Kazeta agerkariak jakinarazi duenez, epaileek ez dute onartu Oaren eskaera, finkatutako asignazioa "legala" dela argudiatuta.

Oier Oa. BERRIA
2015eko apirilaren 22a
11:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Oier Oa apirilaren 4an atera zen espetxetik, baina ez diote etxera itzultzen uzten. Saint-Germain-en-Layen (Yvelines, Frantzia) bizitzeko obligazioa ezarri zion Frantziako Justiziak. Larresoroko etxetik (Lapurdi) 800 kilometro ingurura. Eta oraingoz han jarraitu beharko du, epaileek ez baitute onartu preso ohiak aurkeztutako urgentziazko helegitea.

Frantziako Justiziak premiazko errekurtsoa jartzeko eskubidea eskaintzen du. Jarritako errekurtsoaren azterketak denbora asko hartzen duenez, urgentziazko izaera duen eskakizun bat egin daiteke, berehalako epaileek baldintzak aztertzeko, eta beharrezko bada neurriak hartzeko. Hori horrela, atzo helegitea aurkeztu zuen Oak.

Xantiana Cachenaut Oaren abokatuak Kazeta agerkariari azaldu dionez, ordea, «lehorra eta motza» izan da epailearen erantzuna. «Erantzun digute urgentziazko eskaeraren beharrik ez dagoela, finkatutako asignazioa legala delako eta, legala den heinean, ez dagoela inolako urgentziarik». 

Behin betiko erabakia izateko, epaiketaren zain egon beharko du preso ohiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.