«Probokazio bat da». Honela azaldu du Oier Oa euskal preso ohiak Baionako prokuradoreak egin dion zigor proposamena jakin berritan. Ostiralean aurkeztekoa da haren aurrean, Frantziako Estatuan egoteko duen debekua urratzeagatik, eta goiz honetan jakinarazi diote haren zigor proposamena: hamabi hilabeteko presondegi zigorra, gibelapenarekin. Hau da, gisa bereko beste delitu bat eginen balu aplikatuko litzateke zigorra. «Onartezina» dela erran du Oak BERRIAri egindako adierazpenetan. Ez du zigor proposamena onartuko, eta, beraz, epaiketa formala izanen da, oraindik finkatua izan ez den egun batean. Gai hau konpontzeko «aukera errealak» daudela sinetsita, espero du «aurrekari bat» sortuko duela berea bezalako gainerako kasuentzat. Bihar argitaratuko du BERRIAk euskal preso ohiari egindako elkarrizketa.
2012ko martxoan atxilotu zuten Oa, Angelun (Lapurdi), ETAko kidea izatea leporatuta. Hiru urtez presondegian egon ondotik, Espainiaratu, eta libre utzi zuten, Frantziako Estatura sartzeko debekupean. Baina etxetik urrun ezin bizirik, Larresorora itzuli zen bikotekidearengana eta seme-alabengana, eta bizimodu normala izan du geroztik. Baionako Bernat Etxepare lizeoan ari zen lanean, zaintzaile, eta Uztaritzeko (Lapurdi) futbol taldean eta Larresoroko pilota taldean aritu da trebatzaile. Bere egoera argitu nahian, bi auzibide ireki zituen, Frantziako lurraldean bizitzeko debekua kentzeko. Baina prozedurak segidarik gabe egon dira.
Iazko azaroaren 25ean atxilotu zuten, Larresoro (Lapurdi) eta Baiona arteko errepide kontrol batean, Frantziako Estatuan bizitzeko ezarri zioten debekua urratu izana leporatuta. Ordutik, Nafarroan bizi da, Dantxarinetik hurbil, Larresoron duen etxera itzultzeko aukerarik gabe.
Egoera hori salatzeko, izenpe bilketa bat abiatu du herritar talde batek. Lehen sinatzaileen artean ageri dira, besteak beste, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Max Brison eta Frederique Espagnac Pirinio Atlantikoetako senatariak eta Vincent Bru diputatua. Ipar Euskal Herriko hautetsi eta pertsona ezagun andanak ere izenpetu du jadaneko. Emmanuel Macron Frantziako presidenteari, Jean Castex lehen ministroari, Eric Dupont-Moretti Justizia ministroari eta Emily O'Reilly Europako Batasuneko arartekoari helaraziko diote.